Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Hezkuntza
qrcode

Bildarratz sailburuak dio legebiltzarkideen garaia dela Hezkuntza Legearen testua hobetzeko

2023-10-05

 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Jokin Bildarratz, ETBeko Egun on Euskadi saioan izan da eta hezkuntza Lege proiektuari, eskola garraioari eta sindikatuek deitutako greba jardunaldiei buruz aritu da.

Hezkuntza Legeari aurkezturiko zuzenketen inguruan galdetuta, esan du “zaratak guztioi kalte egiten digula” eta alderdi desberdinen artean iazko apirilean lortutako adostasunak “indarrean jarraitzen duela; helburuetan, asmoetan, denok ados gaude”. “Euskararen Legea dago eta horren baitan hizkuntza-eredu batzuk daude, ebidentzia bat da. 40 urteren ondoren, eredu horiek gaindituta daude edo egoerak gainditu egin ditu, ikastetxeetan errealitatea guztiz desberdina delako”.

Bildarratzek azaldu duenez, orain, eredu linguistikoak “garatu eta eguneratu” behar dira ikastetxeak ahaldundu nahi direlako, ikastetxeek beren hizkuntza proiektuak garatu ahal izateko. Marko linguistiko bat garatuko da eta horretarako ikastetxeei tresnak ematea arautu beharko da, “kriterio pedagogikoekin” gaineratu du.

Eskola garraioaren auziari buruz esan du atzo azalpen guztiak eman zituela agerraldi luze eta sakonean. Autokritika ere egin du, baina legea eta kode deontologikoa bete direla ziurtatu du. “Ahalik eta leialen jokatzen, gardentasunez eta umiltasunez” ari dela azpimarratu du sailburuak.

Hezkuntza arloan sindikatuek deitutako greben aurrean kezkatuta azaldu da neurriz kanpokoak jotzen dituelako. “Sindikatuekin akordioa dugu hurrengo urteetarako eta betetzen ari gara” azaldu du. “Norbaitek uste du normala dela zortzi greba egun deitzea? Guztiz desproportzionatua da. Non daude ikasleen eta familien eskubideak?” Galdetu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak