Zeinu hizkuntzaren eguna
qrcode

Garamendik eta Txileko Gobernuko Eskualde Garapeneko Ministrordeak eskumenak transferitzeko ereduak partekatu dituzte

2023-10-04
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburua Moneda jauregian bildu da Francisca Peralesekin
  • Bileran, Hego Amerikako herrialdean burutzen ari den deszentralizazio prozesua eta eskumenen transferentzia ereduak jorratu dituzte
  • Garamendik Txileko agintariei adierazi dienez, gai honetan "garrantzitsuena elkarrizketari eta negoziazioari akordioen ikuspegitik ekitea da, eta ez inposaketen ikuspegitik"
  • Txileko Gobernuko ordezkariak eta Sailburuak lanean jarraitzeko eta bi gobernuen arteko harremana sendotzeko deia egin dute

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu Olatz Garamendi Txileko Gobernuko Eskualde Garapeneko idazkariorde (ministrorde) Francisca Peralesekin bildu da Moneda jauregian, Santiagon, Errepublikako presidentearen egoitzan. Bileran, agintari txiletarrak interesa agertu du Eusko Jaurlaritzaren deszentralizazioaren eta eskumenen transferentziaren ereduaren inguruan. Gaur egun, Txile eskualdeen deszentralizazio eta garapen prozesu batean murgilduta dago, eta bertako agintariek Euskadi jarri dute bere herrialde eredu berrian aurrera egiteko erreferenteetako bat gisa.

Bileraren ostean Garamendik nabarmendu duenez, "Txileko agintariei adierazi diegu garrantzitsuena elkarrizketari eta negoziazioari ekitea dela, akordioen ikuspegitik eta ez inposaketen ikuspegitik”. Txileko Gobernuak interes handia erakutsi duenez, Perales Idazkariordeak eta Garamendi Sailburuak lanean jarraitzeko eta bi gobernuen arteko harremana sendotzeko deia egin dute.

Gabriel Boric Txileko presidentearen gobernu taldeko kidea da Francisca Perales. Berea da Eskualde Garapeneko idazkariorde karguan, ministrorde gisa, nazioz azpiko gobernuak eta herrialdearen deszentralizazio prozesua gidatzeko eta indartzeko ardura.

Txileko prozesua

Txile deszentralizazio politiko eta administratiboko prozesu batean sartuta dago. Izan ere, tokiko gobernuei autonomia eman nahi zaie, eta herritarrek erabakiak hartzeko prozesuan parte hartzeko duten gaitasuna administratu. Lurralde antolamendua, ekoizpen jardueren sustapena eta gizarte eta kultura garapena dira eskualdeetako gobernuek  gauzatu eta burutu ditzaketen gaiak. Txileko egungo egoera horren testuinguruan kokatu behar da bertako gobernuak euskal ereduarekiko duen jakinmina.

Agenda osoa

Peralesekin izandako bileraren ondoren, Garamendi Sailburuak gardentasunari buruzko hitzaldi batean parte hartu du Txile Gardeneko zuzendari Maria Jaraquemadarekin, Txileko Gobernuko Osotasun Publiko eta Gardentasun Batzordeko idazkari exekutibo Valeria Lübbertekin eta Chile Descentralizado fundazioaren presidentea, Ismael Tolozarekin. 

Arratsaldean, Garamendi Claudio Orregorekin bilduko da, Santiagoko Eskualde Metropolitarreko gobernadorearekin. Hau da Txileko Botere Exekutiboaren egoitza nagusia eta eskualde honetan herrialdeko enpresa eta industria ugari biltzen dira. 2022an, Orrego gobernadoreak Euskadira egindako bisitan, Santiagoko Metropoliko Eskualde Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Elkar Ulertzeko Memoranduma sinatu zuten. Egunari amaiera emateko, Santiagoko Euzko Etxea bisitatuko dute. Bertan, Sailburuak Euskadiren eta diasporaren egoera aztertuko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak