
Garamendi Sailburuak Txileko euskal diasporarekin partekatu du Euskadiren egoera
- Hego Amerikako euskal komunitateari eskainitako hitzaldian, Garamendi Sailburuak nabarmendu du "Euskal Komunitateak atzerrian duen garrantzia, gure herrialdearen enbaxada handia dira"
Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburuak hitzaldia eskaini du Santiagoko Euzko Etxean Txileko euskal komunitatearen ordezkari talde handi baten aurrean. Garamendik bere hitzaldian "Euskal Komunitateak atzerrian duen garrantzia" azpimarratu du, "gure herrialde txikiaren enbaxadore handia delako".
110 urte baino gehiagoko historia duen Euzko Etxean, sailburua hunkituta agertu da bertaratutakoekin, "zuen sustraitze eta harrotasun sentimenduagatik eta Euskadirenganako gertutasun horrengatik, fisikoki urrun egon arren". Eta gogorarazi die "gure nortasunaren, gure kulturaren, gure tradizioen eta gure hizkuntzaren zaintzaren funtsezko zati direla. Hori beti eskertu behar diogu gure diasporari”. Garamendik, halaber, horrelako topaketen garrantzia azpimarratu nahi izan du, "egunetik egunera globalizatuagoa den munduan herri gisa indartzen gaituztelako".
Gainera, Sailburuak Euskadiko gaurkotasun politikoko gaiak aletu ditu, eta azpimarratu du "autogobernu gehiago izateak ongizate handiagoa esan nahi duela, baliabideak eta politikak hobeto eta hurbilago kudeatzeak herriaren garapena ekarriko baitu. Horregatik, transferitzeke dagoen autogobernua eskatzen jarraituko dugu, Moncloako gobernuaren kolorea edozein dela ere".
Aurretik, Txileko Euskal Etxeetako ordezkariekin, Santiagoko eta Valparaisoko Euzko Etxeekin eta Txileko Euskal Gizataldearekin bildu da Garamendi.