Nerea Melgosak “Euskadin tokiko harrera-politikak diseinatzeko orientabideak” eman dizkio EUDELeko presidente Esther Apraizi
- Migrazioaren eta Asiloaren Euskal Foroaren Harrera Batzordean garatu dira hirugarren sektoreko erakundeekin, atzerritar jatorriko pertsonen elkarteekin eta euskal administrazioekin
- Harrera-politika eraginkorrak diseinatzearen garrantzia EAEko tokiko agenda politikoan barneratzea da helburua
Bilbo 2023 10 04
Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa´k “Euskadin tokiko harrera-politikak diseinatzeko orientabideak” izeneko dokumentua eman dio gaur EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko presidente Esther Apraizi. Dokumentua Migrazio eta Asilorako Euskal Foroaren Harrera Batzordean garatu da, hirugarren sektoreko erakundeek, atzerritar jatorriko pertsonen elkarteek eta euskal administrazioetako ordezkariek osatuan. “Harrera-politika eraginkorrak diseinatzearen garrantzia EAEko tokiko agenda politikoan barneratzea da helburua”, azpimarratu du sailburuak.
Nerea Melgosa´ren hitzetan, “ekimen hau, hilabete askotako lanaren ondoren, legealdiko mugarrietako bat da, eta Herritarren, Immigrazioaren eta Asiloaren 2022-2025 Kultura arteko VI. Planean aurreikusita zegoen, Euskal Harrera Ereduaren eraikuntzaren funtsezko osagai gisa”.
Topaketa EUDELen Bilboko egoitzan egin da. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibia eta Migrazio eta Asiloko zuzendari Xabier Legarreta ere izan dira.
“Dokumentu honek, “Euskadin tokiko harrera-politikak diseinatzeko orientabideak”, harrera-politikak diseinatzearen garrantzia barneratzen du EAEko tokiko agenda politikoan. Horretarako, EUDELek, Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta, orientabide horien ezarpenaren buru izatea eta gaur aurkezten dugun zirriborro-testuari beharrezko ekarpenak egitea lortu nahi da”, Nerea Melgosa´k zehaztu duenez.
Migraziorako Euskal Itun Sozialak hainbat konpromiso zehazten ditu, besteak beste “elkartasunaren, aniztasunaren eta bizikidetzaren harrera, integrazioa eta diskurtsoa” defendatzea, “nazioarteko babesaren eskatzaileen eta iheslari politikoen harrera eta integrazioa kuantitatiboki eta kualitatiboki hobetzera bideratutako jarduerak” garatzea, baita “maila instituzional eta sozialen arteko lankidetza sustatzea, elkarte-sarea indartzea eta etengabeko elkarrizketarako eta lankidetzarako mekanismoak ezartzea ere, migratzaileen erakundeek harreran eta integrazioan duten zeregina sustatuz”.
Toki-eskumena
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legeak, 17. artikuluko 35. atalean, adierazten du udalerrien berezko eskumena dela “immigrazioaren arloko gizarteratze-politikak kudeatzea, atzerritartasunaren arloko legeriarekin bat etorriz eta autonomia-erkidegoko erakundeekin lankidetzan”.
“Atzerritar jatorriko pertsonen harrera integrazioaren edo gizarteratzearen aldeko ekintza-multzo zabalago horren barruan udalerriek sustatu behar dituzten tokiko politiken parte da. Hori Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan egin behar da, eta, ahal dela, gizarte-erakunde espezializatu, ez-espezializatu eta etorkinen kolektiboarekin lankidetzan. Harrera hori pertsonak erdigunean jarri eta genero-ikuspegia eta kulturartekoa txertatuko dituen eskubideen ikuspegitik abiatuta ezarri behar da, eta Euskadin ezartzen den biztanleria migratzailearen baldintza- eta eskubide-berdintasuna helburu duen neurri eta zerbitzu multzo batean zehaztu behar da”, Melgosa sailburuak azpimarratu duenez.
Dokumentuaren oinarria da “migrazio-prozesua dagoeneko egiturazkoa eta egituratzailea dela egungo euskal gizartean, eta erronka eta aukera bat dela hainbat alderditan”. Era berean, bere ustez, “benetan aukera bat izan dadin, toki-erakundeek, beren tamaina edo baliabideak edozein direla ere, zeregin erabakigarria dute immigrazioa eta aniztasun soziokulturala integratzeko eta kudeatzeko tokiko politikak ezartzen”.
“Euskadin tokiko harrera-politikak diseinatzeko orientabideek” tokiko politika horiek Eusko Jaurlaritzarekin eta aldundiekin koordinatuta ezarriko dituzte, hirugarren sektore sozialarekin lankidetzan.
“Dokumentu honen bidez, integrazio-politiken barruan, harrera identifikatu nahi da ere, garrantzi propio eta berezia duen jarduera-multzo gisa, integrazioaren emaitzan zein zerbitzu publikoak emateko sistemetan duen eraginagatik” gaineratu du Melgosak.
Harrera
“Gure asmoa da “harrera” kontzeptua adostea, herritarrengan nahasmena saihesteko eta politika publikoen diseinu egokia bermatzeko. Funtsezko elementua da politika horiek diseinatzen eta ezartzen hirugarren sektoreak parte hartzea, bereziki migratzaileek osatzen duten edo parte hartzen duten sektoreak”, azpimarratu du Melgosa sailburuak.
Eudeleko presidenteari Melgosak zehaztu dionez, “beharrezkoa da harreraren eremuko tokiko politikak antolatzea, beste edozein politika publiko bezala, diagnostiko, plangintza eta ebaluazio batean oinarrituta. Orientabideak tresna garrantzitsuak dira “harrera-protokoloak” lantzeko, hainbat udal-arlok eta gizarte-eragilek parte hartuko duten prozesuen bidez: zehazki, hainbat programa eta baliabidetako harrera-politikak, besteak beste, gero eta maizago, errealitatera eta baliabide sozialetara egokitutako harrera-zerbitzuetakoak”.
“Euskadin tokiko harrera-politikak diseinatzeko orientabideak” Eusko Jaurlaritzak EUDELen eta toki-erakundeen eskura jartzen dituen baliabideen, tresnen eta erreferentzien katalogoaren parte dira, integrazioaren eta atzerritar jatorriko pertsonen harreraren eremuan politikak garatzeko.