Hauteskundeak 2024
qrcode

Euskadi erreferentziazko ekosistema ekintzailea da, eta kultura ekintzailea sustatzeko erronka garrantzitsuak ditu

2023-10-04
  • Euskal ekintzailetza ekosistema estatuko rankingaren buru da beste urte batez, eta lortutako balorazioak EBko batez bestekoa gainditzen du eta AEBetakoaren antzekoa da

 

Euskal Ekintzailetzaren Behatokiak (EEB-OVE) Euskal Autonomia Erkidegoko Global Entrepeneurship Monitor 2022-2023 Txosten berriaren datuak aurkeztu ditu. Ekitaldian María Saiz EEB-OVEko presidenteak hartu du parte, eta ikerketa horren ondorio nagusiak azaldu ditu. GEM Txostenak Euskadiko ekintzailetza-ekosistemaren adierazle esanguratsuenak islatzen ditu, nazioarteko testuinguruan, ekintzaileen kolektiboari arazo ugari eman dizkion pandemia globalaren urtean.

Global Entrepreneurship Monitor txostenak 2022-2023ko euskal ekintzailetza ekosistemari buruz eskaini duen diagnostikoak errealitate bikoitz baten berri ematen digu: alde batetik, hobekuntza orokortua eta egonkorra ikusten da euskal ekintzailetzaren emaitzetan, bai kantitatean, bai kalitatean; eta, bestetik, ekiteko erreferentziazko testuingurua dugu estatuko eta Europako esparruan, baina ez du lortzen modu erabakigarrian sustatzea kultura ekintzailearen balioak. Laburbilduz:

Euskal ekintzailetza ekosistema estatuko rankingaren buru da beste urte batez, eta lortutako balorazioak EBko batez bestekoa gainditzen du eta AEBetakoaren antzekoa da.

Jarduera ekintzailearen datuak oro har hobetu egin dira, sustapen ekintzailea eta enpleguaren sorrera hazi egin baitira.

Kultura ekintzailearen balioak dira euskal ekintzailetza ekosistemaren defizit nagusia, eta porrotaren beldurra da lurraldean ekintzailetzaren behin betiko sustapena lortzeko oztopo faktorerik garrantzitsuena.

Azken batean, ekosistema ekintzailearen diagnostiko gero eta adituagoa dugu, ekintzailetza hobekoa, kalitate handiagoako (enpleguan nahiz berrikuntzan), genero arrakala pixkanaka murrizten ari dena, maila digital garrantzitsukoa, kanpo finantzaketarako sarbide hobekoa eta jasangarritasunarekiko konpromisoarekin.

Bestalde, herritarrek ekintzailetzari buruz gero eta pertzepzio okerragoak dituzte, eta Euskadin ekitea erabakitzen duten pertsonak pixkanaka zahartzen ari dira. Euskadiko ekintzailetza ekosistemaren lana bere fruituak ematen ari da emaitzetan, baina ez du lortzen ekintzailetza aukera profesional eskuragarria izatea.

 

Aurkezpena

Aurkezpenean parte hartu dute Leyre Madariaga, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digital eta Ekintzailetza zuzendariak, Joseba Mariezkurrena, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendariak, Noemí Peña, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Ekintzailetzako eta Transferentziako zuzendariak, eta Eduardo Castellano, Muko MUko I+G+b koordinatzaileak eta MIK zuzendariak.

2022-2023 Txosten berria ikertzaileen taldeak egin du, EEB-OVEko ekintzailetza-adituek, eta kideak Deustuko Unibertsitatekoak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatekoak eta Mondragon Unibertsitatekoak dira. Datuek ekintzailetza-jarduera eta -kulturaren alde egiteko beharrezko erakunde-politiken diseinua orientatuko dute.

 

 

EAEko herritarrek ekintzailetza nola hautematen duten

EAEko hamar pertsona heldutatik lauk (% 40,1) uste dute ekiteko beharrezko ezagutza eta gaitasunak dituztela. Dena den, ekiten dutenen artean, ezagutza hori dutela uste dutenen ehunekoa askoz altuagoa da (% 79,1). 

Hamar heldutatik seik adierazi dute porrot egiteko beldurra oztopoa dela negozio bat abian jartzeko. Ekintzaileen artean, ehuneko hori % 39,5era jaisten da. Gainera, ekiteko ezagutza eta gaitasuna dutela uste dutenen artean, porrot egitearen beldur diren EAEko helduen ehunekoa erdia baino gutxiagora murrizten da (% 20,3).

Ehunekoa areagotu ez den arren, porrotari beldurra izatea faktore inhibitzaile oso nabarmena izaten jarraitzen du inguruko beste herrialde batzuekin alderatzen bada.

Herritarren % 26,2k ekiteko aukerak antzematen ditu epe laburrean. Datu hori pandemia garaian erregistratutako datua (% 16,5) baino hamar puntu altuagoa da, baina 2019 urteko datua baino askoz txikiagoa da oraindik (% 40,1). Datu txikia da EBko batezbestekoarekin alderatzen bada (% 47,3).

Negozio bat hastea erraza delako pertzepzioa ere ahuldu egin da aurreko urtearekin alderatuta: helduen % 36k hala uste du (2011n % 42,5). Ekiten dutenen artean, ehunekoa antzekoa da (% 37).

Dagoeneko ekin duten pertsonen ezagutza pixka bat altuagoa da ekintzaileen artean (% 54,1) helduekin oro har (% 35,3) alderatzen bada. Gainera, % 43ren ustez, ekitea lan aukera ona da; eta ehunekoa ez da areagotzen ekintzaileen ehunekora (% 41,6) mugatzen bagara. 

Gizonezkoekin alderatuta, EAEko emakume helduen ehuneko txikiagoak uste du ekiteko ezagutza eta gaitasuna duela (% 36,2 emakumek eta % 44,1 gizonek), negozio bat hasteko oztopo handiagoa da porrotari beldurra izatea (% 62,4 emakumek eta % 56,6 gizonek) eta emakume gutxiago dira ekin duten norbait ezagutzen dutenak (% 32,9 emakumek eta % 37,8 gizonek). Nolanahi ere, alde horiek desagertu egiten dira ekintzaileen datuak aztertzen direnean.

 

EAEko helduen ekintzailetza dinamika eta jarrera

EAEko Jarduera Ekintzailearen Tasa (TEA) pixka bat igo da aurreko urtearekin alderatuta. 2022an, 18 eta 64 urte arteko herritarren % 5,2 zegoen sartuta 3,5 urte arteko negozio berri bat sortzeko prozesuan (2021ean % 4,9). Adierazle hori 2004 urteaz geroztiko batezbesteko historikoarekin alderatzen badugu, 2022ko Euskadiko TEA batezbesteko horretatik 6 hamarren igo da (% 4,6), eta horrek berreskurapen egonkorraren bidea finkatzen du 2010eko hamarkadaren ostean, non ekintzailetzaren ohiko tasak % 4tik beherakoak ziren.

Fase finkatuan dauden ekintzaileen kopurua berriro jaitsi da hirugarren urtez jarraian, eta orain % 4,9 da, 2004-2022 aldian adierazle horren batezbestekotik (% 6,7) ia bi puntu gutxiago.

Iaztik pixka bat jaitsi den arren, ekintzailetza potentzialaren tasak altua izaten jarraitzen du (% 7,6) bilakaera historikoarekin alderatuta. Aitzitik, 2004-2022 aldiko batezbestekotik (% 5,6) bi puntu igo da.

EAEko herritarren % 1,7k negozioa utzi zuen 2022an. Hala ere, horien parte nabarmenak (% 38,1) jabetza berri batean lanean jarraitu zuen.  Hortaz, 2022ko itxiera tasa erreala % 1 da. Abandonatzea azaltzeko erabiltzen duten arrazoi nagusia da errentagarritasun falta (% 40,4). Arrazoi hori asko areagotu da aurreko urtearekin alderatuta (% 23,4).

Ekintzailetzari lotutako genero arrakalaren desagerpena finkatu da. Hirugarren urtez jarraian, ez dago alde nabarmenik gizonen TEAren eta emakumeen TEAren artean.

 

EAEn ekiten duten pertsonen profila

EAEn hasierako fasean dauden ekintzaileen batez besteko adina egonkor mantentzen da. 2022an 43 urte da, 2021ean baino bat gutxiago, baina 2005-2022 aldiko batezbesteko historikoa (40 urte) baino 3 urte gehiago. Dena den, 2021 eta 2022a, 43 eta 44 urterekin hurrenez hurren, EAEko TEAren batez besteko adinik altuena kateatu duten serie historikoko (2005-2022) bi urteak dira.

 Fase finkatuan dauden ekintzaileen zahartze progresiboa finkatu da. 51 urterekin batez beste, 2005-2022 serie historikoaren batez besteko adinetik gora dago modu nabarmenean (48 urte).

Serie historikoaren batezbestekoarekin alderatuta (38 urte), 2022an batezbesteko adin hori gainditzen ez duen ekintzailetza prozesuko etapa bakarra ekiteko asmoa duten herritarrena da (37 urte).

Nazioartean alderatuta, hasierako fasean dauden ekintzaileen adin bereziki handiagatik nabarmentzen da EAE. Diru sarrera altuak dituen herrialde taldeari dagokionez, EAE lehena da TEA ehunekoan 35-44 adin tartean (TEAren % 41,3 adin tarte horretan dago); hirugarrena 55-64 urte arteko TEAren ehunekoan, eta azken aurrekoa 25-34 adin tarteari dagokion TEAn (soilik Japoniak gainditzen du).

Goi mailako ikasketak eta graduondokoak dituzten ekintzaileen (balizkoa eta TEA) ehunekoa igo da. EAEko TEAren % 62,6k unibertsitateko ikasketak ditu (2021ean % 58,8k). Balizko ekintzaileen kasuan, ehuneko hori % 58,6 da (2021ean % 52,6). Gainera, TEAren ia % 40k uste du prestakuntza maila altua duela enpresaren sorrerari lotutako gai espezifikoetan. Nolanahi ere, ehuneko hori % 23,2ra jaisten da finantza gaiei lotutako ezagutza mailari dagokionez.

Ekintzaileen artean ez dago alde nabarmenik gizon eta emakumeen artean adin eta ikasketa mailari dagokionez.

Beste lanik ez izateagatik bizimodua ateratzeko ekin duten pertsonen ehunekoa ez da jaitsi (% 69,2), eta 2019an arrazoi horren ehunekotik oso urruti egoten jarraitzen du (% 62,2) Bestalde, aberastasuna edo errenta oso altua sortzeko aukera da ekintzaileen % 27,2k emandako arrazoia (2021ean % 34,7); hau da, oso urruti dago 2019ko % 67,7tik.

Ekitea erabakitzeko beste arrazoi batzuei dagokionez, “munduan aldaketa egitea” egonkor mantendu da (% 36,3), eta aipatu behar da “familiaren tradizioarekin jarraitzea” nabarmen areagotu dela aurreko urteekin alderatuta. Aitzitik, ehuneko markara iritsi da datuen serie historikoan (% 29); izan ere, 2019an ekintzaileen % 4,3k baino ez zuen arrazoi hori aipatu.

 

EAEko ekintzaileek sortutako negozioen ezaugarriak

Jarduera ekonomikoa

Hasierako fasean dauden proiektuen sektoreen araberako banaketa nahiko egonkor mantendu da. % 62,4 zerbitzu tradizionalei lotutakoak dira (ez intentsiboak ezagutzan), eta sortutako lau negoziotik ia bat (% 23,3) ezagutzari lotutako zerbitzu intentsiboetan oinarritzen da.

Industriako sektoreko ekintzailetza proiektuen garrantzia areagotu da (% 7,7; 2021ean, % 4,3), eta lehen sektorean sortutako negozioen datuak egonkor mantentzen dira (% 1,3).

Generoari dagokionez alde nabarmenak ikus daitezke. Proportzionalki askoz gehiago dira zerbitzu tradizionaletan ekin duten emakumeak (emakumeak % 70,3 eta gizonak % 55,2). Bestalde, ezagutza intentsiboko zerbitzuak eskaintzen dituzten negozioak sortu dituzten gizon gehiago daude (% 29,2 gizonak eta % 16,9 emakumeak).

 

Enpleguaren tamaina eta sorrera

Langileren bat duen TEAren ehunekoa areagotu da (% 33,8; 2021ean % 29,3). Hasierako faseko negozio bat duten gizonen kasuan, ehuneko hori % 40,6ra iristen da (emakumeen kasuan, % 26,5 da).

5 langile baino gehiago dituzten eta hasierako fasean dauden negozioen ehunekoan marka (% 10,6; 2011-2022 aldiko batezbestekoa % 5,9).

Azken urtean kontratazioren bat egin duten eta hasierako fasean dauden negozioen gorakada nabarmena (% 31; 2021ean, % 24,7). Negozio finkatuen kasuan, azken urtean kontratatu duen TEAren ehunekoa handiagoa da (% 31,3; 2021ean, % 25,3).

Azken urtean ekintzaileek sortutako enpleguen totalari dagokionez, % 64,2 lanaldi osokoak dira eta % 72,7 lanaldi mugagabekoak.

Hurrengo bost urteetan kontratatzea aurreikusten duen TEAren ehunekoa mantentzen da (% 50,9). Ekintzaileen ia % 5ak 20 enplegu baino gehiago sortzea espero du denbora tarte horretan.

Berrikuntza

Sortutako negozioen % 34,7k produktu/zerbitzuetan berritzen du (eskuragarri dagoen serie historikoaren maximoa). % 24,7k tokiko irismeneko berrikuntza maila sartzen du eta ekintzailetza ehunaren % 10ak nazio eta mundu mailako berrikuntzetan oinarritzen du negozioa.

Genero arrakala nabarmena hauteman da produktu/zerbitzuen berrikuntzan. Ekin duten gizonen % 42,3k arlo horietan berritzen duten negozioak sortu dituzte; emakumeen kasuan, ehuneko hori % 26,5 baino ez da.

Teknologien edo erabilitako prozesuen berrikuntza aintzat hartzen badugu, TEAren % 25,1ak mota horretako berrikuntzaren bat erabili du. Gainera, arlo horretan indar handiz berritu duten negozioen ehunekoa areagotu da, bai maila nazionalean (% 8; 2021ean, % 5,2) zein globalean (% 3,9; 2021ean, % 2,9).

Atzerrian saldu duten eta hasierako fasean dauden negozioen ehunekoa jaitsi da (% 20,4; 2021ean, % 24,7). Hala ere, fakturazioaren % 75 baino gehiago esportatzen duten proiektu multzoaren pisu erlatiboa igo da (% 4; 2021ean, % 1).

 

 

Ekintzailetza prozesuaren finantzazioa

EAEko ekintzaileek etapa horretako lehenengo 3,5 urteetan batez beste 15.000 euro erabili dituzte. Aurreko urtearekin alderatuta, datua mantendu egin da.

Apur bat txikitu da 10.000 euro baino gutxiagorekin ekin dutenen hasierako negozioen ehunekoa (% 29,5; 2021ean % 33,2).

Jarduera hasteko 150.000 euro baino gehiago mugitu dituzten negozioen ehunekoa mantendu da (% 16; 2021ean % 18,6 eta 2020an % 8,1).

Aurrezki pertsonalak erabili ditu % 72,6k (% 33,8k bide hori baino ez du erabili) eta lautik bat (% 26,1) familiak/lagunek egindako ekarpenen bidez finantzatu da.

Finantza erakundeek funtsezko zeregina izaten jarraitzen dute EAEko ekintzailetza prozesuaren finantzazioan. Ia hiru proiektutatik batek (% 31,1) funts horiek eskuratu ditu eta zituzten finantza beharren ia % 70 ase dute.

Lautik batek laguntza publikoen/dirulaguntzen programen bidez lortu du dirua. Bide horretatik lortu dute guztizko beharren % 27,1 asetzea, batez beste.

Sortutako negozioen ia % 5 finantzatzeko inbertsore espezializatuetara edo crowdfunding plataformetara jo da (2021ean, % 0,8).

Oro har, finantzazio iturri bat baino gehiago – aurrezki pertsonalez gain- erabili duten proiektuen ehunekoa handiagoa izan da, aurreko urteetan baino.

Inbertsio informalaren tasan gehieneko historikoa, EAEko helduen % 4,8an kokatu baita.

Gehieneko berri bat dugu, business angel edo inbertsio profesionalaren profila duten pertsonen inbertsio informalaren ehunekoan (% 14,9; 2021ean, % 7,4).

 

Digitalizazioa eta jasangarritasunera eta GJHra bideratzea

Hasierako faseko negozioen % 39,1en iritziz pandemiaren krisiak aukerak sortu ditu, finkatutako negozioek uste dutena baino hamar puntu gorago (% 29,2).

Hasierako faseko negozioen lautik ia batek (% 23,4) digitalizazio prozesu berriak sartu ditu pandemiaren ondorioz. Finkatutako fasean, ehuneko hori % 7,4 baino ez da. Gainera, TEAren % 45ak teknologia digital berriak erabili nahi ditu datozen 6 hilabeteetan (% 26,6 finkatutako negozioetan).

Dena dela, hasierako negozioen laurdenak (% 24) uste du teknologia digitalik gabe funtziona dezakeela. Ehuneko hori handiagoa da 45 urtez gorako ekintzaileak kontuan izanez gero (% 30,4).

Ekintzaileek oso kontuan dituzte ingurumen eta gizarte arloko ondorioak. % 75en iritziz ingurumen ondorioak ditu kontuan; % 61,8k gizarte arlokoak eta % 56,1ek lehentasuna ematen diete ondorio horiei beraien negozio ereduan.

Ekintzaileen erdiek baino gehiagok (% 55) ingurumen eragina txikitzeko neurriak hartu dituzte eta % 41,1ek proiektuaren eragin soziala maximizatzekoak hartu dituzte. Azkeneko joera hori handiagoa da finkatutako negozioekin alderatuz gero (% 29,7).

Ekintzaileen ia heren batek –hasierako fasekoek nahiz finkatuek- badaki Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) zer diren. Dena dela, helburu horiek ezagutzen dituztenen artean, hasierako negozioen ia lautik hiruk GJHekin lotutako helburuak, ekintzak eta adierazleak definitu ditu. Finkatutako negozioetan % 21 besterik ez dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak