Berriak Lehendakaritza
qrcode

Iñigo Urkulluk: "Hobetzen jarraitu nahi dugu, guztion ongizatea lehenetsiz eta elkarlanetik, ez alde bakarreko bidetik, inposaketatik eta liskarretik”

2023-10-04
  • Lehendakariak ohartarazi du batzuek Euskadiren errealitate desitxuratua, faltsua eta gatazkatsua erakutsi nahi dutela, etekin politikoa helburu
  • Estrategia horren aurrean, eredu publiko-pribatuaren, elkarrizketaren, elkar ulertzearen, lankidetzaren, ongizatearen eta bizi-kalitatearen alde egin du Urkulluk
  • Eusko Jaurlaritzak lehentasunezko helburu gisa ezarri ditu: hazkunde jasangarriari eustea, pertsonen ongizatea bermatzea, enplegua sortzea eta zerbitzu publikoak indartzea


Iñigo Urkullu Lehendakariak hitzaldia eman du El Diario Vasco egunkariak antolatutako "Topaketa Lehendakariarekin" foroan. Lehendakariak bere hitzaldian benetako politikaren alde egin du, Euskadin ere gero eta ohikoagoak bilakatzen ari diren arazo konplexuei erantzun sinpleak ematen dizkieten mezu politiko populisten aurrean.

Lehendakariak adierazi duenez, hazkunde jasangarriaren bideari eustea eta etorkizuneko belaunaldien ongizatea eta oparotasuna bermatzea bi erronka garrantzitsu dira Euskadirentzat.

Hazkunde jasangarriari dagokionez, Lehendakariak adierazi du Euskadi ez dagoela Europaren dezeleraziotik kanpo. Hala eta guztiz ere, aurreikuspenak positiboak dira, eta EAEko ekonomia aurten % 1,7 eta 2024an % 2,1 haztea aurreikusten da. Enplegua izango da hazkunderako oinarri garrantzitsuenetako bat, eta aurreikuspenen arabera, 13.000 lanpostu sortuko dira aurten, eta beste 16.000 datorren urtean. Horri esker, langabezia-tasa % 7tik beherakoa izango da 2024an. Urkulluk lehentasunezkotzat jo du gazteen langabezia-tasa 10etik behera jaistea, gazteei kalitatezko enplegua eskaintzeko, beren etorkizuna oinarri sendoekin eraiki dezaten. Halaber, Urkulluk azaldu du datorren urtean Euskadik 15 milioi inguruko aurrekontua izango duela oinarrizko zerbitzu publikoak hobetzen jarraitzeko: Osasuna, Hezkuntza, Gizarte Babesa eta Segurtasuna.

"Euskadi 2013-2023" bilakaera-adierazleek erakusten dute Euskadik aurrera egin duela azken hamarkadan herri baten lehiakortasuna eta ongizatea zehazten duten bost eremuak kontuan hartuta; Euskadi asko aldatu da azken hamarkadan eta nabarmen egin du hobera" azpimarratu du. "hori da gure herriaren argazki erreala, objektiboa, datuetan oinarritua. Gure herriak estrategia partekatu batekin eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustutik egiten die aurre zailtasunei, egungo eskaerei eta etorkizuneko beharrei ere” esan du eta eredu horren alde egin du Urkulluk.

"Datu eta errealitate horren baitan,  beste batzuek errealitate zeharo desberdina erakutsi nahi dute, errealitate desitxuratua, faltsua eta gatazkatsua. Zenbait sektorek behartutako eta elikatutako ondoez horrek etekin politikoa lortzea baino ez du helburu. Beraz, gizartean etengabeko ezinegon-giroa sortzea da estrategiaren ardatza. Estrategia antolatu eta deliberatua da. Grebak eta greba gehiago, protestak eta protesta gehiago, asmo politiko argiarekin " ohartarazi du lehendakariak.

Estrategia horren aurrean, elkarrizketaren, elkar ulertzearen, lankidetzaren, ongizatearen eta bizi-kalitatearen alde egin du Urkulluk. "Nire ustez, beti dago hobetzeko tartea; horregatik, daukaguna hobetu nahi dugu eta bizikidetza oinarri izango duen etorkizun amankomuna eraiki,  baina ez alde bakarreko bidetik, inposaketatik eta liskarretik; izan ere, euskal gizarteak harmonian bizitzen jarraitu nahi du, egunez egun hobetzen saiatuz, guztion ongizatea lehenetsiz", adierazi du. Horregatik, Lehendakaria Euskadi konfrontazio girotik babestearen alde agertu da. "Euskadin gure Gobernu Programa eta legegintza-egutegia betetzen jarraituko dugu, Herri Helburuak betetzen eta trantsizio energetiko, digital eta demografikoari erantzuten. Gure herriaren, Euskadiren, lehiakortasuna eta ongizatea hobetzeko lanean jarraituko dugu "amaitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak