Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa
qrcode

Meet Basque Country-ren itxiera ekitaldia izango da Bilbon, nazioarteko turoperadoreen eta euskal turismo-enpresen arteko workshop batekin

2023-10-06
  • Nazioarteko 60 turoperadorek eta agente turistikok Euskadi bisitatu dute aste osoan zehar, Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren eskutik, Euskadi helmuga merkaturatzeko euskal turismo-enpresekin akordioak ixteko

Nazioarteko 60 agente eta operadore turistiko baino gehiagok Euskadi zeharkatu dute aste honetan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez antolatutako bidaian. Beste bi hiriburuetatik igaro ondoren, gaur ixten dute programa eta harrera egin diete Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Sonia Pérez Garraio, Mugikortasun eta Turismoko diputatuak eta Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotziak.

Sailburuak Bilboren eta Bizkaiaren bilakaera azaldu du, memoria industrialetik hasi eta turismoa erakartzeko ardatz bihurtu arte. “Izan ginen horretatik gaur garenaren isla da orain Turismo industriala. Gure kulturaren zati bat da, eta memoria industrial hori gabe, ezin dugu ulertu gaurko Euskadi, anitza, irekia, modernoa eta abegikorra”. Izan ere, Euskadi da “Anchor point” edo interesgune industrial gehien dituen Autonomia Erkidegoa ikuspuntu turistiko batetik (Balmasedako Enkartada, Añanako Gatz Harana eta Azpeitiko Trenbidearen Museoa). Eta Turismo Sailak lanean jarraitzen du turismo industrialaren estrategia indartzeko, eta hori Euskadin azaroan egingo den ERIHren (European Route for Industrial Heritage, Industria Ondarearen Europako Ibilbidea) hurrengo ekitaldian islatzen da.

Nazioarteko agenteen bisita Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila turismoa erakartzeko egiten ari den ekintzen barruan kokatzen da, bereziki distantzia luzeko turismoan. Javier Hurtado sailburuak udan turismoak izan dituen emaitza positiboak eta "bailara" izeneko aldietan izan den hazkunde desestazionalizatua aztertu ditu; izan ere, urtarriletik ekainera % 15 hazi gara, eta uztailean eta abuztuan, berriz, % 0,4 baino ez. Gainera, urteko lehen 8 hilabeteetan nazioarteko turismoak izan duen hazkundea azpimarratu du.

Meet Basque Country

Agenteek hainbat jarduera eta bilerak egin dituzte urriaren 3-6an, 2 helburu handitan oinarritutako misio batean.

Lehenik eta behin, nazioarteko agenteak, batez ere turoperadoreak, euskal turismo-enpresa eta -eragileekin harremanetan jartzea, Euskadi helmuga merkaturatzeko lankidetzak eta akordioak sor daitezen. Horretarako, hainbat bilera eta workshop bat egin dituzte Euskadiko turismo-agentzia eta -enpresekin harremanetan jartzeko.

Bigarrenik, astean zehar eta asteburuan, turismoko agenteek hainbat “fam trip” egin ditzakete, hau da, espezializatuta dauden gaiarekin lotutako jarduerak eta bisitak, Euskadi helmuga merkaturatzen hasi nahian. Gai horien artean daude Euskadirentzat lehentasunezkoak diren produktu turistikoetako batzuk, besteak beste gastronomia, Touring, zikloturismoa, natura-turismoa eta MICE negozio-turismoa.

Euskadira etorri diren turoperadoreak 17 herrialdetakoak dira: Espainia, Erresuma Batua, Alemania, Portugal, Belgika, Herbehereak, Danimarka, Irlanda, Italia, Finlandia, Suedia, Polonia, Maroko, Japonia, Argentina, Brasil eta AEB. Euskadin egin duten egonaldian 3 elkarraldi egin dituzte euskal hiriburuetan, baita bisiten agenda propio bat ere. Gaur amaitzen dituzte elkarraldiak Bilbon, eta workshop bat egin da, aldez aurretik haiekin bilerak egin nahi izan dituzten nazioarteko operadoreak eta euskal enpresak harremanetan jartzeko. Sektoreari zuzendutako aurkezpen-gaia turismo industriala eta Bilbo eta Euskadiren eraldaketa izan da, bere ondare industrialarekin lotua.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)