Berriak
Eu

Ekodiseinu Ikasgela ekoberrikuntza proiektuak abian jarri nahi dituzten euskal enpresen bila dabil

2012.eko urtarrilak 24

 

Ekoberrikuntza proiektuak abian jartzeko interesa duten EAEko enpresa guztiek jaso dezakete autonomia erkidegoko Ekodiseinu Ikasgelan trebatutako adituren baten laguntza (Ikasgelaren egoitza Euskal Herriko Unibertsitateak Bilbon duen Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan dago). Jarduera-sektore guztietako enpresek aukera izango dute Ikasgelako ikasleak euren proiektuetara batzeko eskaera aurkezteko, otsailaren 15a baino lehen.

Eskaerak proiektuaren zeinetarako aholkua eskatzen baitute deskribapen labur bat izan beharko du. Diru-laguntzak sei hilabete iraungo du (2012ko martxoaren 1etik irailaren 30era). Tarte horretan Ekodiseinu Ikasgelako arduradunek ikaslearen lana gainbegiratu eta xehetasunezko jarraipena egingo diote. 2002an unibertsitatearen eta enpresen arteko lankidetza abiatu zenetik, berrogeita hamar erakundek baino gehiagok ekodiseinuan aditu diren ingeniarien laguntza zuzena izan dute.

Ekodiseinu Ikasgelak EAEko enpresei ingurumen-berrikuntza proiektuak abian jartzen laguntzen die: euren eskura jartzen ditu espezializazio hura ikasten duten Industria Ingeniaritzako ikasleen ekodiseinu ezagupenak, eskaera egiten duten enpresetan praktikak eginez.

Gamesa, Ormazabal, ITP, Fagor Etxetresna Elektrikoak, ABB-Niessen, Ideko, Idom eta hainbat sektoretako beste erakunde askok ekoberrikuntzarako lehen urratsak eman dituzte, edo lehenagotik abian zeuden proiektuen ingurumen alderdiak hobetzen sakondu dute, EHUko Ekodiseinu Ikasgelako ikasleen ezagupenak praktikan jartzeari esker.

Ekodiseinu metodologia proiektu batean txertatzeak hainbat abantaila ekartzen dizkie enpresei: besteak beste, energia baliabideak eta materialak aurreztea, euren produktuen karbono arrastoa txikitzea, eta hondakin gutxiago sortzea. Halaber, euren produktuetan ingurumenarekiko betebeharrei aurre hartzea ahalbidetzen die, orain borondatezkoak diren baldintzak etorkizun hurbilean nahitaez bete beharrekoak bilaka baitaitezke.

Ekodiseinu Ikasgelako ikasleak bekadun sartzen dira eskaera egiten duten erakundeetan. Unibertsitatearen eta enpresen arteko lankidetzatik sortzen diren ekoberrikuntza proiektuak Ekodiseinu Ikasgelaren memorietan biltzen dira urtero, eta nahi duenak Ihoberen webgunean ikus ditzake.

Ekodiseinu Ikasgelaren hamargarren promozioko ikasleak −ikasturtea azaroaren 2an hasi zen− trebakuntza tekniko aurreratua jasotzen ari dira indarrean dagoen ingurumen-legediarekin eta araudiarekin lotutako alderdiez, produktuen bizi-zikloaren analisi metodologiez, ingurumen-software tresnez, etiketa ekologikoez, egiaztagiri sistemez eta eraikuntza berdeaz, besteak beste.

Ekodiseinu Ikasgelako ikasleak ekoberrikuntza proiektuetarako hartzeko interesa duten enpresek ecodesign@ihobe.net helbidean egin beharko dute eskaera, eta honakoa adierazi:

· Enpresa/erakundearen izena

· Gauzatu beharreko proiektuaren proposamena

· Pertsona arduraduna

· Harremanetarako datuak

Edozein zalantza argitzeko, helbide elektronikoaren bidez egin daiteke, edo 607 625 339 telefonora deituz. Eskaerak jasotzeko epea 2012ko otsailaren 15ean bukatuko da.

Ekodiseinu Ikasgela ­−zeinek hamar urtez baitihardu gazteak ingurumen berrikuntzan trebatzen− hainbat eragile publikoren (Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietatea, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa eta BEAZ Bizkaia) lankidetza ekimena da, eta industria sektorearen eta unibertsitatearen arteko lankidetza bideak ezartzera bideratuta dago, ingurumen hobekuntza eta EAEko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko.

 

Iruzkin bat
  • @qv_ecodesign
    2012.eko urtarrilak 27

    Comentario de Twitter:
    #ecodesign Gobierno Vasco Irekia :: El Aula de Ecodiseño busca empresas ... http://t.co/FPtoY0P4

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan