Berriak Eusko Jaurlaritza XII. leg
qrcode

Kontroleko Osoko Bilkura (2023/10/06)

2023-10-06

 Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, bizi dugun egoeraren inguruko diagnostiko zintzo eta zorrotz bat egiteari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du diagnostiko zintzo eta zorrotza egiteko, beharrezkoa dela objektibotasuna. Irailaren 14an egindako bilkuran, Urkulluk ,Euskadiren egoera azaltzen duten datu eta adierazle objektiboak azaldu zituen, jatorrizko iturriei erreferentzia eginez. Adierazleen arabera, Euskadiko gizarte-kohesioa eta zerbitzu publikoak munduko herrialde aurreratuenen parean daude.

“Hilabeteak daramazue Euskadi kolore beltzean aurkezten, inolako daturik eskaini gabe. Hori ez da egoeraren inguruko diagnostiko zintzo eta zorrotza egitea. Errealitatea desitxuratzen duzue dena gaizki dagoela esanez eta errepikatuz. Horretarako, beste eragile batzuen laguntza duzue. Hori da zuen estrategia, agerian geratu zen Udal eta Foru Hauteskundeen aurreko hilabeteetan eta datozen hauteskundeak egin arte, badakigu estrategia hori berraktibatu egingo dela, modu progresiboan. Batzuek zarata egingo dute zuek etekina ateratzen saiatzen zareten bitartean. Berdin du errealitatea eta datu objektiboak zeintzuk diren. Hori zuentzako gutxienekoa da.  Zuek ere populismo eta demagogiari abonatuta zaudete. Espektatiba faltsuak sortzen ari zarete. Jendea promesa faltsuekin modu deliberatuan mobilizatzen ari zarete, dena zuen etekin politikorako eta denak ez du balio. Gizarte honek aspaldi esan zizuen bezala: helburuak ez du erabilitako bidea justifikatzen” esan du.

Galdera,  Jon Hernández Hidalgo Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskal sektore publikoan deitutako grebari buruz.

Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, euskal sektore publikoan lan egiten duten pertsonek lan-baldintza onak dituzte, ez bakarrik ekonomikoak, baita familia-kontziliazioari, eszedentziei, prestakuntzari, baimenei, lan-segurtasunari, egonkortasunari, eskura dituen baliabideei, telelanari… lotutakoak ere. "Bide batez, gogorarazi nahi dut aste honetan bertan soldata igoera orokorra onartu dugula, eta aurtengo igoera % 3koa izango dela", gaineratu du. Beraz, Lehendakariak adierazi duenez, sektore publikoko lan baldintzak onak dira, Euskadiko langileen batez bestekoa baino hobeak eta Estatuko administrazio publikoaren batez bestekoa baino hobeak. Horren harira, Urkulluk adierazi du langile publikoen kopuruak gora egin duela azken lau urteetan,  5.800 langile publiko gehiagorekin; Osakidetzan, egiturazko plantilla 2.467 pertsonatan handitu dela eta bitartekotasun tasari dagokionez, 10.700 lanpostu egonkortuko direla Hezkuntzan, osasun-zerbitzuetan eta Administrazio Orokorrean; "funtzionarioen soldaten bilakaera, KPIari dagokionez, ia parean joan da 2023ra arte" azaldu du. Horregatik, Urkulluk berretsi du Euskadiko sektore publikoan lan-baldintzak beste edozein autonomia-erkidegokoak baino nabarmen hobeak direla.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo Euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak duen Kode Etikoa bere jardueretan aplikazioari buruz. 

Lehendakariak Jaurlaritzak gardentasunarekin eta kontu-emate publikoarekin duen konpromisoa berretsi du. "Asteazken honetan, sailburuak bere agerraldian informazio eta dokumentazio guztia eskaini zuen, baita legebiltzar talde guztien galderei erantzun ere. Hezkuntza-sistemak etengabe planteatzen dizkigun erronken aurrean, Hezkuntza Sailak errespetatu egin ditu administrazio- eta lege-araudiak ezartzen dituen prozedura guzti-guztiak, denak, eta sailaren helburu nagusi eta bakarra izan da, une oro, ikasturte hasieran eskola-garraioaren zerbitzua bermatzea eta familientzat ondorio larriak dituen egoera bat gainditzen saiatzea", azaldu du. Beraz, Lehendakariak bere hitzaldian berretsi egin du gardentasuna eta eredugarritasuna direla Jaurlaritzaren eguneroko jardunaren oinarriak, herritarrek erakundeekiko duten konfiantza bermatzea helburua, beraz, “denak ez luke balio behar etekin politikoa ateratzeko” esanez amaitu du bere hitzaldia.

Galdera, José Manuel Gil Vegas – Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzaren bezero-sareei buruz.  

Urkulluk esan du: “Eusko Jaurlaritzak ez du inolako loturarik Cuatrecasas enpresarekin. Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jo zuen enpresa horren zerbitzu tekniko juridikoak kontratatzea. Ospe handiko enpresa da eta kontratu honek, baldintza guztietan, kode deontologikoa betetzen du.  Ez da, beraz,  pertsona bat kontratatzen, eta pertsona hori, gainera, ez da Eusko Jaurlaritzaren kanpo-aholkularia. Mila aldiz kontrakoa errepikatu arren, ez da egia. Berriro diot, Eusko Jaurlaritzak gardentasunez eta era eredugarrian jarduten du beti. Sailburuak zuen esku jarri du informazio guztia. Ez zaizkizue axola azalpen objektiboak, emandako erantzunak edo aurkeztutako dokumentazioa. Helburu bakarra da Gobernuaren jarduna kritikatzea” erantzun du Lehendakariak.

Interpelazioa, José Manuel Gil Vegas – Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskal Administrazio publikoaren erreformari buruz.

Urkulluk bere hitzaldian adierazi duenez, Jaurlaritzak maila goreneko zerbitzu publikoen aldeko apustua egiten du, herritarren beharrei ahalik eta modurik egokienean erantzuteko, zentzu horretan, legegintzaldiaren hasieratik bide-orria zehaztuta du Jaurlaritzak. "Ospitale publikoak, eskolak, gizarte-zerbitzuak, errepideak, garbiketa, garraio publikoa, beharra duten pertsonentzako laguntzak... hori guztia nahi dugu eta praktikara eramaten ari gara”, nabarmendu du. "Apustu sendoa egiten dugu ekintzaileen, enpresaburuen eta autonomoen alde. Kooperatibak edo lan-sozietateak martxan jartzen dituzten pertsonen aldeko apustua egiten dugu. Guztiek, ekimen pribatuaren bitartez, milaka eta milaka euskaldun enplegatzen dituzte. Pertsona horiek guztiek, sektore publikoan eta pribatuan lan egiten dutenek, zergak ordaintzen dituzte eta horrek aukera ematen digu gure ongizate-mailari eusteko.  Gobernu honek pertsonak jartzen ditu bere politiken erdigunean. Beti egin du eta egingo du. Herri honetan, inor atzean ez uzteko konpromisoa partekatzen dugulako eta, horretarako, funtsezkoa da egunetik egunera hobera egingo duten gizarte-zerbitzuak izatea. Administrazio Publikoak etengabe hobetu eta egokitu behar du gizartearen beharretara. Hori da gure konpromisoa eta apustua: herritarrei kalitatezko eta gertuko zerbitzu publikoak eskaintzea”.

Galdera,  Muriel Larrea Laso Euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadiko Fiskaltzaren 2022ko urteko oroitidazkiari buruz. 

Lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko organo judizialen eta Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiaren arteko harremanak, lurralde-fiskaltzak barne, arinak eta emankorrak direla. "Ziurta dezaket Eusko Jaurlaritzak une oro laguntzen diola Justiziari, eta planteatzen zaizkion errekerimendu guztiei erantzuten diela, eremu guztietan, baita ingurumen-ikerketetan ere; ziurta dezaket Fiskaltzak, zeinarekin harreman zuzena dugun, ez duela inola ere lankidetza faltarik salatu eta irailean fiskal nagusiarekin izandako lan-bileran, zeinetan Fiskaltzaren Urteko Memoria jaso nuen, ez zidan halakorik helarazi. Jaurlaritza beti dago prest Justiziak egiten dizkigun errekerimendu guztiei erantzuteko. Gobernu honen konpromisoa da" berretsi du Urkulluk.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Mistoa - Vox taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Autocares Urpa, SL merkataritza-sozietateak jasotako esleipenei buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu du esleipen publiko guztiek zorrotz betetzen dituztela administrazio- eta lege-prozedurak. Lehendakariak esan duenez, Administrazio publikoaren kontrol pean daude esleipen guztiak,  "eta inork ez ditu errekurritu", gaineratu du. Aipatutako aholkularitza juridikoaren eta garraio zerbitzuen kontratazioei dagokionez, Lehendakariak, beste behin azpimarratu du asteazken honetan bertan eman dituela Hezkuntzako sailburuak azalpen guztiak eta dokumentazio guztia jarri duela legebiltzarkideen esku. Azaldu duenez, "esleipen hori lehiaketa publiko bidez eta gardentasun osoz egin zen, eta esleipenaren erabakia irizpide objektiboen arabera hartu zen Kontratazio Mahaian. Mahai hori ez dago Hezkuntza Sailaren menpe, URPA enpresak 37 ibilbideri aurkeztu zien eskaintza eta 15etan lortu zuen esleipena eta 15 esleipen horietatik 12tan aipatu enpresa bakarrik aurkeztu zen. Esleipenek legea betetzen dute bete betean" baieztatu du. “Txosten juridikoaren kontratazioari dagokionez, - jarraitu du- gezurra da kontratazio hori aldi berean egin zela, abuztuan egin baitzen, eskaintza guztiak uztailean lehiaketa publikora aurkeztu ondoren. Sailak ez zuen pertsona bat kontratu aholkulari gisa , baizik eta enpresa bat. Beraz, konpromiso etikoa eta Gobernu Onaren printzipioa ez dira estetika hutsa, konpromiso publikoa baizik. Gobernuak zehaztasun, gardentasun eta zorroztasun osoz aplikatzen  dituenak" esanez amaitu du.

Galdera,  Carmelo Barrio Baroja Euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Espainiak Europar Batasunaren lehendakaritza duenean Euskadik duen jarreraren egoerari buruz.

Urkulluk adierazi duenez, "aspalditik gaude Europar Batasunean bereziki kritikoa den egoera batean; testuinguru horretan, bereziki garrantzitsua da Arku Atlantikoko Batzordean Itsas Eskualde Periferikoen Konferentzian egindako lana". Horren harira, Lehendakariak banan-banan azaldu ditu 6 lan eremutan aurrera eramandako ekimenak.

Galdera, Julen Arzuaga Gumuzio EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Guardia zibil torturatzaile bati ezarritako dominari buruz.

Lehendakariak bere hitzaldian azpimarratu du biktima guztiei dagokienez, Nazioarteko zuzenbide humanitarioaren printzipioak direla: egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea. Bigarrenik, aipatu du, errekonozimendu integrala; “aitorpen legala, instituzionala, soziala, morala eta sinbolikoa; aitortza horrek, aldi berean, hurbiltasuna eta laguntza halabeharrez eskatzen ditu” esan du. “Eta, hirugarrenik, -jarraitu du- biktimak helburu politikoetarako erabiltzeko ahalegin ororen gaitzespen irmoa, bai eta biktimak zuzenean edo zeharka birbiktimizatzea bultzatzen duen edozein ekimen ere”. "Tortura gaitzesten jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, giza eskubideen aurkako urraketa larria delako. Ez nator bat torturengatik kondenatutako pertsona bati errekonozimendu-domina ematearekin. Biktimen errekozimendu integrala aitortzen eta haiei gure laguntza eskaintzen jarraituko dugu, biktimen egiarako, justiziarako, erreparaziorako eskubidea bermatzeko. Gertatutako bidegabekeriak aitortzen jarraituko dugu, hori baita biktimen erreparaziorako bide bakarra. Torturaren bidegabekeria ere salatzen jarraituko dugu, baita ETAren hilketen bidegabekeria ere. Biktima guzti-guztiak aitortzen baititugu, guk argi daukagu hori" esan du lehendakariak. Amaitzeko, Urkulluk azaldu du urriaren 31n Torturaren Biktimak Aitortzeko ekitaldia egingo dela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)