Eman odola!
qrcode

Eusko Jaurlaritzak subsidiarioki esku hartuko du, Verter-ek ez baitu erantzunik ematen (Gobernu Bilera 2023-10-3)

2023-10-03
  • Administratzaileak hondakindegia ez zigilatzeak eta ez iragazgaizteak lursailaren egonkortasunik eza ekar lezake
  • Trinkotze-lanak berehala hasiko dira, eta bi edo hiru hilabeteko epean behar den zigilu operatiboa bermatzeko aldi baterako lamina jarrita egon daitekeela aurreikusten da 

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Gobernu Kontseiluari Zaldibarko Hondakindegiaren Egonkortasun Azterlanak dakartzan ondorio nagusien berri eman dio. Eusko Jaurlaritzak Zaldibarren etengabeko kontrola egin ondoren egiaztatu du Verterrek, gaur egun konkurtso-administratzaile bidez ordezkatuta dagoenak, administrazioak eginiko eskakizunak bete ez dituela eta, ondorioz, egonkortasun-baldintzak pixkanaka gutxiagotzen ari direla.

Sailburuak gogorarazi du Verterri errekerimendu ugari egin dizkiotela, eta epaileari eta fiskaltzari beti partekatu zaizkiela errekerimendu horiek. Aldi baterako zigilatzeko eta iragazgaizteko lanak egin ez zirenez, Eusko Jaurlaritzak berriro hartu zuen bere gain, subsidiarioki, hondakindegiaren titularrari dagokion erantzukizuna, eta hondakina egonkortzeko azterlan bat prestatzea sustatu zuen.

Arantxa Tapiak jakinarazi du atzo bertan jaso zutela azterlan hori eta, hartan egiaztatzen denez, oinarrizko mantentze-lanik eta hondakindegia zigilatzeko lanik egin ez denez, egonkortasunaren egoera kaltetu dezake. Egia da, bestalde, egungo baldintza lehorretan egoerak ez dakarrela berehalako arazorik, baina hondakindegia, gaur egungo konfigurazioa kontuan hartuta, ez da bideragarria epe luzera.  Hori horrela, administrazioaren lehentasuna da epe luzeko segurtasuna bermatzea, une bakoitzeko baldintza meteorologikoak gorabehera.

Tapiak jakinarazi duenez, “egonkortasunari buruzko azterlanak jasotzen dituen ondorioak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak berriro erabaki du subsidiarioki jardutea”. Hala jardungo du Administratzaileak ez baitie erantzuten duela hilabete batzuk eginiko errekerimenduetan ezarritako beharrei eta, “egonkortasuna galtzen ari denez, arriskua egon daitekeelako”. Sailburuak esandakoaren arabera, “hondakindegiaren kontrol-, mantentze- eta segimendu-lanak ez ditu behar bezala egin titularrak, eta, ondorioz, arrisku-egoeran dago”.

Sailburuak esan du subsidiarioki jarduten hasiko direla ahalik eta lasterren. Tapiak esan duenez, “bi edo hiru hileko epean behin-behineko lamina jarrita egotea aurreikusten da eta, ondorioz, gutxienez 5-6 urtetarako iragazgaizte operatiboa”.

Tapiak azaldu duenez, “arrisku-egoera bat izateak ez du esan nahi gaur edo bihar arazo bat egon daitekeenik; izan ere, arriskua euri kopuruarekin eta maila freatikoarekin lotzen da”. Eusko Jaurlaritzak esan duenaren arabera, arrisku hori nabarmen murriztu daiteke bi edo hiru asteko epean. “Lurrak trinkotzean, nabarmen hobetuko da hondakindegiaren egoera, eta hura izango da epe laburrera egingo den lehen ekintza”. Lurra trinkotzeko lanez gainera, lamina jartzeko lanak 750.000 € ingurukoak izango direla aurreikusten da. Laminaren bidez, ura ez da ontzira sartuko; irtenbide eraginkorra da eta EAEko zenbait hondakindegitan egiten da. Sailburuak zehaztu duenez, “ez da behin betiko zigilatuko, baina bada instalazioaren segurtasuna eta ingurumenaren babesa berma dezakeen irtenbide bat”.

Gainera, sailburuak honako hau zehaztu du: “administrazioak behin eta berriz eginiko errekerimenduak bete ez direnez, bidezko zehapen-espedienteak hasiko dira".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan