
Esko Jaurlaritzak eta Ikerbasquek emakume ikertzaileen lana aitortu dute, Passion for Knowledge jaialdiaren baitan
- Alicia Alonso, Ainhoa Magrach eta Sara Barja ikertzaileek Hezkuntza Sailaren eta Ikerbasqueren aitortza jaso dute, Passion for Knowledge zientzia-jaialdia irekitzeko ekitaldian
- Ekimenaren helburua da EAEko emakume ikertzaileak ezagutzera ematea, emakume ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio-iturri izan daitezen
- Punta-puntako bi ikertzailek eman dituzte 2023ko Passion for Knowlwedge jaialdiaren inaugurazio-hitzaldiak: Covid-19-aren aurkako txertoaren aldeko karreran funtsezko lana egin zuen Özlem Türeci zientzialariak eta Donna Strickland 2018ko Fisikako Nobel saridunak
Iñigo Urkullu Lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, 2023ko Passion for Knowledge (P4K) zientzia-jaialdia irekitzeko ekitaldian parte hartu du gaur arratsaldean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Donostia International Physics Center-ek antolatzen du jaialdia, eta urriaren 2tik 7ra bitarteko saioetan zortzi Nobel saridunek parte hartuko dute, bai eta azken hamarkadetako aurkikuntza esanguratsuenetako batzuen protagonista izan diren nazioarteko hainbat zientzialari ezagunek ere. Ekitaldian, era berean, Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiak eta Eneko Goya Donostiako alkateak parte hartu dute.
P4Kren inaugurazio-hitzaldiak Covid-19-aren aurkako txertoaren aldeko karreran funtsezko lana egin duen Özlem Türeci ikertzaileak eta Donna Strickland 2018ko Fisikako Nobel saridunak eman dituzte. Era berean, ekitaldian izan dira nazioartean entzute handikoak diren eta aste honetan P4Kn parte hartzen ari diren gainerako ikertzaileak.
Emakume ikertzaileei aitortza
Passion for Knowledge-ren irekiera-ekitaldia Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek urtero Euskadiko hiru emakume ikertzaileri egiten dien aitortza egiteko eszenatoki ezin hobea izan da. Edizio honetan, bi erakundeak ados izan dira Alicia Alonso, Ainhoa Magrach eta Sara Barja ikertzaileak nabarmendu beharra dagoela eta haien lana ezagutzera ematea eredugarri eta inspirazio-iturri izan daitekeela emakume ikertzaileen belaunaldi berrientzat. Ikertzaile horiek Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuaren eta Özlem Türeci eta Donna Strickland zientzialarien eskutik jaso dute aintzatespena.
Ekimen hau Ikerbasqueren Plan Estrategikoan sartzen da, zeinak ezartzen baitu, besteak beste, Ikerbasqueren ikerketzaile-komunitatean ikertzaileak sartzean genero-berdintasuna bermatzeko erronka. Aintzatespenen bosgarren edizioa esparrurik egokienean egin da; izan ere, Passion for Knowledge jaialdia zientzia-ekoizpena eta hark gizarteari eginiko azken ekarpenak nabarmentzeko eta sozializatzeko testuinguru egokia da.
2023an honako emakume ikertzaile hauek aintzatetsi dira:
- Advanced, ikerketa-karreragatiko aintzatespena:
Alicia Alonso, Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna, UPV/EHU
- Consolidator, dagokion ikerketa-eremuan buru den emakume ikertzaile bati aintzatespena:
Ainhoa Magrach, Ikerbasque Research Professor-a BC3n; aldaketa globaleko eta ekosistemen funtzionamenduko taldeko buru da
- Starting, emakume ikertzaile gazte batek eginiko ekarpen nabarmen batengatiko aintzatespena:
Sara Barja, Ikerbasque Research Associate UPV/EHU-n eta MPCn.
Aitortza jaso duten emakume ikertzaileen ibilbidea
Ikerbasqueko Patronatuko ospe handiko hiru ikertzailek, Eusko Jaurlaritzako Ikerketako zuzendariak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisarioak osatutako ebaluazio-batzordeak hiru mailatan sailkatutako ikertzaileen ibilbidea baloratu dute.
Advanced: Alicia Alonso • Alicia Alonso, Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna, UPV/EHUn. • Biokimikan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean. • Zelula-prozesuetan lipido/proteina elkarrekintzan oinarritzen da bere ikerketa, bereziki autofagiarekin zerikusia dutenetan. • International Union for Pure and Applied Biophysics (IUPAB) erakundeko Batzorde Exekutiboko kidea 2008tik 2014ra, eta International Union of Biochemistry and Molecular Biology (IUBMB) erakundeko Batzorde Nazionaleko idazkaria 2010etik 2014ra. 2015eko martxotik COSCE Espainiako Elkarte Zientifikoen Konfederazioko idazkari nagusia da, eta 2019an berriz hautatu dute kargu horretarako. Aurtengo martxotik Espainiako Elkarte Zientifikoen Konfederazioko (COSCE) presidenteordea da. • Batzordeak bere ibilbide zientifiko bikaina nabarmentzen du biologia molekularraren arloan, bere lidergo-gaitasuna, nazioartean bere ikerketa-esparruan erreferente izatea eta Euskal Autonomia Erkidegoko zientziarekin duen konpromisoa, bereziki azpimarratuz Biofisika Institutuko, CSIC Zentro Mistoko eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) lehenengo zuzendaria izan zela. |
Consolidator: Ainhoa Magrach • Ikerbasque Research Professor BC3n (Basque Centre for Climate Change), ekosistemen aldaketa globaleko eta funtzionamenduko taldeburua. • Ekologian doktorea, Konpostelako Santiagoko Unibertsitatean. • Ekosistemen aldaketa globala eta funtzionamendua ikertzen ditu. • Batzordeak bere ikerketa-esparruan duen lidergo zientifikoa nabarmendu du, berriki lortu duen ERC batek (Consolidator European Research Council-enak) sendotua. Proiektu hori biztanleriaren ekologiaren, komunitatearen, ekosistemaren eta kontserbazioaren elkargunean kokatzen da, eta horrek biodibertsitate-mailak murrizteak ekosistema naturalaren dinamikan nola eragiten duen ulertzea erraztuko du. Era berean, Batzordeak positibotzat jotzen du bere inplikazioa zientzia gizartean zabaltzeko jardueretan. |
Starting: Sara Barja • Ikerbasque Research Associate UPV/EHUn eta MPCn. • Fisikan doktorea, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. • Gainazalen elektrokimikan oinarritzen da bere ikerketa. • ERC Starting grant, European Research Council-ekoa. • Batzordeak bere ikerketa-esparruan egin dituen ekarpen bereziak eta ikertzaile gazte gisa lortu berri dituen lorpenak nabarmendu ditu. Izan ere, ERC Starting Grant bat lortu du, hidrogeno berdea ekoizteko katalizatzaile eraginkorragoak eta ekonomikoagoak garatzea helburu duena, itsasoko uretatik elektrolisia aztertuz. |
Passion for Knowledge
Passion for Knowledge zientzia-jaialdia gaurtik urriaren 7ra bitartean da. Ekitaldia Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolatzen du, eta nagusiki Donostia / San Sebastiánen, Bilbon eta Beasainen egiten diren jardueren programa zabal batek eratzen du.
Gazteengan eta, bereziki, emakumeengan zientziagatiko jakin-mina eragitea eta zientzia-bokazioak inspiratzea dira ekitaldiaren helburu nagusi. Azken batean, jaialdi honen helburua da zientzia kultura-jarduera gisa sustatzea. Programan leku berezia dute Bigarren Hezkuntzako ikasleentzako saioek. Ikasleek “Top@DIPC-Zientziarekin solasean!” topaketetan parte hartzeko eta Nobel saridunekin eta lehen mailako zientzialariekin elkarrizketan jarduteko aukera dute. Zortzi Nobel saridun eta mundu-mailako adituk hitzaldi publikoak emango dituzte Victoria Eugenia antzokian (Donostia-San Sebastián), Euskalduna jauregian (Bilbo) eta CAFen (Beasain).
Honako hauek izango dira gonbidatuak, besteak beste: Özlem Türeci, Covid-19-aren aurkako txertoaren aldeko karreran gako izan baitzen; Didier Queloz (Fisikako Nobel sariduna 2019an), lehen exoplanetaren aurkitzailea; Jean-Pierre Sauvage (Kimikako Nobel sariduna 2016an), makina molekularren diseinatzailea; Donna Strickland, Fisikako Nobel sariduna 2018an), laserren eremuan eginiko ikerketa aitzindariagatik; Darío Gil, IBM-ko presidenteordea eta IBM Research-eko zuzendaria, non konputazio kuantikoko mundu-mailako laborategirik handiena garatzen baita, eta Jocelyn Bell Burnell, pulsarren aurkitzailea, besteak beste.
Victoria Eugenia antzokian, era berean, Bertso Passion ikuskizuna ere izango da, eta, hartan, bertsolari ezagun batzuk batuko dira, hala nola Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Andoni Egaña. Halaber, Naukas Passion-en saio ezagunak ere izango dira; haietan, estatu-mailan zientzia zabaltzeko eta komunikatzeko zenbait figurak parte hartuko dute.
-
2023-10-30
Comentario de Twitter:
RT @antiateromirhdl: Zorionak a todas!!!
En especial a Alicia Alonso.
https://t.co/RFItJ2AhSO