Berriak Lehendakaritza
qrcode

Gobernu Kontseiluak Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoa onartu du baliabideak eta zerbitzuak behar berrietara egokitzeko

2023-10-03
  • COVID txostenari buruzko hedapen-irizpidearen aldaketa egitea eta hemendik aurrera COVID infekzioa Arnas Infekzio Akutuen (IRA) txostenean txertatzea ere erabaki du Gobernu Kontseiluak

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin eta Nerea Melgosa, Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin batera. Tapiak, Zaldibarko Zabortegiaren Egonkortasunari buruzko Azterlanaren ondorio nagusien berri eman du.

GIZARTE ZERBITZUEN II. PLAN ESTRATEGIKOA                  

Eusko Jaurlaritzak Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoa onartu du Gobernu Kontseiluan, 2023-2026 aldirako, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman ahalik eta eraginkortasun eta eragimen handiena lortzeko beharrezkoak diren prestazioak, zerbitzuak, programak eta bestelako jardunak planifikatzeko. Baliabideak eta zerbitzuak demografia-joerei egokitzeko beharra azpimarratzen da, bereziki euskal gizartearen zahartzeari eta ‘baby boom’-ak hurrengo hamarkadan izango duen eraginari 

Plana bost helburu estrategikotan oinarritzen da: autonomia bultzatzea, integrazioa sustatzea, zainketetan oreka bilatzea, zerbitzuen artikulazioa hobetzea eta genero eta ikuspegia intersekzionala hartzea.

Planak aurreikusten du Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren gastu publiko arrunta 1.491 milioi eurokoa izango dela urtean 2025ean eta 1.695 milioi eurokoa 2030ean. Zenbateko horiek kalkulatzeko kontuan hartu dira finantzazio beharrak eta testuinguru sozialaren bilakaera.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur jorratutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Lehendakariak Gobernu Kontseiluan azaldu duen eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin lankidetzan abian jarriko den Euskadiko Gazteriaren eta Gazteriaren aldeko Ituna lantzeko partaidetza-prozesuaren lehen fasearen berri eman du Zupiriak.

Bozeramaileak azaldu duenez, prozesu hori kontsulta baten bidez garatuko da, eta Gazte Txartela aktibatuta duten 85.000 gaztek baino gehiagok parte hartzeko gonbita jasoko dute. Ekimen hau 2023ko martxoaren 21ean onartutako Gazteen Emantzipazioa bultzatzeko 2030erako Euskal Estrategiaren barruan kokatzen da, eta kontsulta kuantitatiboaren lehen fase hau 15 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako online inkesta labur baten bidez garatuko da. Inkesta horren bidez, gazteek beren egoera hobetzeko lehentasunezkotzat jotzen dituzten gaiak identifikatu nahi dira, eta, horrela, gazteen kezka garrantzitsuenak ezagutu. Parte-hartze prozesu hau datorren udaberrian amaitzea aurreikusten da.

Halaber, Gobernu Kontseiluak agindu bat onartu du, 2023-2024 ikasturterako desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialari lotutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak ikastetxe publikoetan edo, salbuespen gisa, itunpeko ikastetxeetan garraiatzeko banakako dirulaguntzetarako deialdia egiteko. Deialdi honek ia 5,5 milioi euroko partida du.

Era berean, Gobernu Kontseiluak erabaki du COVID txostenari buruzko hedapen-irizpidearen aldaketa egitea eta hemendik aurrera COVID infekzioa Arnas Infekzio Akutuen (IRA) txostenean txertatzea. Hasiera batean, COVID-19aren jarraipena kasu positiboen, heriotzen eta beste adierazle batzuen zenbaketen joeretan oinarritu zen neurri handi batean, eta horiek interpretatzea zaila bihurtu da egun proba diagnostikoen estrategien sendotasun faltagatik. Beraz, COVID-19ak osasun publikorako garrantzitsua izaten jarraitzen duen arren, Gobernuak egokitzat jo du da COVID-19a zaintzeko eta kontrolatzeko estrategia berri batera igarotzea, Arnas Infekzio Akutuen zaintzan eta prebentzioan integratuta.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsarien %0,5eko igoera gehigarria onartu du gaur.Igoera gehigarri hau, urte honetarako aurretik onartutako %2,5eko igoerari gehitzen bazaio, guztira %3ko igoera dakar eta horretarako Gobernuak aurreikusi duen gastua ia 21 milloikoa da. Zupiriak azaldu duenez, igoera hau Espainiako Gobernuak sindikatuekin adostutako neurri batekin du lotura eta adostasun horren arabera, igoera gehigarria aurreikusten zen enplegatu publikoentzat 2022ko eta aurtengo iraileko prezioen igoera ehuneko seitik gorakoa izanez gero, izan den bezala. Euskadin administrazio publikoan lanean diharduten langile guztiengan izango du eragina neurri honek, baita goi-karguetan ere.

Amaitzeko sailburuak jakinarazi du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Kabinete zuzendari gisa izendatu duela Gobernu Kontseiluak Ana Maria Reka Esparza Andrea.

Prentsa txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak