Berriak Segurtasuna
qrcode

Eusko Jaurlaritzak larrialdien eta babes zibilaren arloko bereizgarriak emateko hautagaiak aurkezteko epea zabaldu du

2023-10-02
  • EHAAk argitaratu du Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren agindua, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemako organismoei proposamenak aurkezteko aukera emango diena 
  • Interesa duten erakundeek urriaren 29ra arte izango dute hautagaiak aurkezteko 

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu du Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren agindua, larrialdietako eta babes zibileko dominak eta plaka-diplomak emateko prozedurari hasiera ematen diona. Horrela, Larrialdiei Aurre egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sistemako zerbitzuen mende dauden erakunde, enpresa, entitate eta antolakundeek, profesionalek nahiz boluntarioek, urriaren 29ra arte izango dute egoki iritzitako 2023ko proposamenak eta hautagaiak aurkezteko. 

Segurtasun Sailak 2017an sortu zituen larrialdien eta babes zibilaren arloko ohorezko bereizgarri horiek, publikoki aitortzeko asmoz esku hartzeko zerbitzuetako pertsonalaren jarduketa aipagarriak eta herritarren inplikazioa eta laguntza, arrisku kolektibo larriko, hondamendiko eta lazeria publikoko egoera larrietan pertsonak eta haien ondasunak eta ondare kolektiboa babesteko lanetan. 

Sariak hiru kategoriatan banatzen dira: Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren domina, Larrialdietako eta babes zibileko merezimenduaren plaka-diploma eta Euskadiko Babes Zibileko Boluntarioen lana aintzat hartzeko diploma. 

Eusko Jaurlaritzak Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Euskal Sisteman sartuta dauden erakunde guztiei dei egiten die aurreikusitako epean aurkez ditzaten euren ustez bereizgarri horiek merezi zituzten hautagaiak. 

Saritutako pertsonen eta erakundeen identitatea 2024ko otsailean emango da argitara, 112ren Europako Eguna ospatzeko ekitaldian. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak