Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Osasuna
qrcode

60 urtetik gorako pertsonek eta arrisku-biztanleek gaurtik aurrera hitzordua eska dezakete aldi berean gripearen eta Covid-19aren aurkako txertoak hartzeko, urriaren 9tik aurrera

2023-10-02

 

  • Immunizazio-kanpaina jada hasi da egoitzetan, ohikoa den bezala, eta datorren azaroaren 6an hasiko da gainerako biztanleentzat; azken hauek urriaren 30etik aurrera eskatu ahal izango dute hitzordua.
  • Lehen aldiz, 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrei —73.000 haur ingururi— eskainiko diete gripearen aurkako txertoa sistematikoki.
  • Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik azpimarratu du helburua pertsona ahulenen osasuna zaintzea dela, osasun kolektiboa babestuz
  • Euskadik 864.720 dosi ditu gripearentzat eta 400.000 COVID-19arentzat; bi txertoek beren osaera eguneratua dute, andui eta aldaera desberdinen aurrean babes handiagoa bermatzeko

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik gaur aurkeztu du gripearen eta COVID-19aren aurkako 2023ko txertaketa-kanpaina. Aurtengo berrikuntza nagusia da gripearen aurkako txertaketa sistematikoa egingo zaiela 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrei, hau da, 73.000 haur ingururi. Gainera, 65 urtetik 60ra jaitsi da arrisku-biztanleriaren barruan sartzeko adina, eta, hortaz, orain talde horrek 700.000 pertsona barne hartzen ditu.

Sailburuak berak azaldu duenez, immunizazio-kanpaina, ohi bezala, iraileko azken astean hasi da adinekoen egoitzetan. Gaurtik aurrera, arrisku-taldean dauden herritarrek hitzordua eska dezakete —Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun-zentrora deituta—, datorren urriaren 9tik (astelehena) aurrera txertoa hartzeko. Txertoa hartu nahi duten gainerako biztanleek urriaren 30etik aurrera eskatu ahal izango dute hitzordua, azaroaren 6tik aurrera txertoak jaso ahal izateko. 

"Hobe da prebenitzea sendatzea baino. Hartu txertoa" lelopean, kanpaina honen helburu nagusia da, aurten ere, pertsona ahulenen osasuna zaintzea eta, era berean, osasun kolektiboa babestea. Kanpainaren aurkezpenean Osasun Publikoko zuzendari Itziar Larizgoitiak eta gripearen kanpainaren koordinatzaile Enrique Peirok ere hartu dute parte. Gotzone Sagarduik berak azpimarratu duenez, une bakoitzeko egoera epidemiologikoa edozein dela ere, herritarrei ahalik eta babes handiena eskaini behar zaie, bereziki pertsona ahulenei. Hala, gogorarazi du Euskadik 35 urte daramatzala gripearen aurkako txertaketa-kanpaina egiten, eta 2021az geroztik, baita COVIDaren aurkakoa ere.

Euskadiko Osasuneko sailburuak azpimarratu duen beste mezuetako bat izan da, gaur egun txertoa dela oraindik prebentzio-neurririk eraginkorrena gripeari zein COVID-19ari aurre egiteko. Hori bai, gogoratu du beste bi prebentzio-neurri errazak baina eraginkorrak direla eskuak sarri garbitzea eta maskara erabiltzea; azken hori, bereziki, arnasketa-sintomak dituzten pertsonen kasuan.

ZEINTZUK OSATZEN DITUZTE ARRISKU-TALDEAK?

  • Egoitzetan bizi diren pertsonek
  • 60 urtetik gorakoek
  • Gaixotasun kronikoak dituzten pertsonek edo immunodeprimituek
  • Emakume haurdunek
  • Osasun-arloko profesionalek eta arlo soziosanitarioko profesionalek

NON ETA NOIZ JARRIKO DITU TXERTOAK OSAKIDETZAK?

Joan zen irailaren 25ean hasi zen egoitzetan bizi diren pertsonei txertoa jartzen. Gainerako herritarren kasuan, txertoak batez ere Osakidetzako osasun-zentroetan jarriko dira; eta zenbait kasutan etxeetara egindako bisitetan, kontsultetan, ospitaleetan eta abar:

-Urriaren 9an hasiko da txertaketa arrisku-taldeentzat, eta lehentasuna emango zaie 80 urtetik gorako adineko pertsonei; horiek telefono dei pertsonal bat jasoko dute Osakidetzatik edo BetiOn zerbitzutik, eta, behar izanez gero, etxean bertan jarriko diete txertoa.  

-Aurreikuspenen arabera, azaroaren 6an hasiko zaie txertoa jartzen nahi duten gainerako herritarrei.

-Aldi berean, kolektibo sanitarioarentzako eta soziosanitarioarentzako txertaketa antolatuta dago.

-Hirugarren urtez, Osalanekin lankidetza estuan, Osakidetzak aukera ematen die enpresei eta erakundeei, prebentzio-zerbitzuen bidez, bertako langileei txertoa jartzeko.

NOLA ESKATU HITZORDUA?

Hasiera batean, arrisku-kolektiboetako pertsonei emango zaie lehentasuna. Hortaz:

  • Arrisku-kolektibokoa bazara: eskatu gaurtik aurrera hitzordua Osakidetzaren webgunearen bidez edo zure osasun-zentrora deituta, urriaren 9tik aurrera txertoa hartzeko.
  • Arrisku-kolektibokoa EZ bazara: itxaron urriaren 30era Egun horretan, web-orriaren bidez edo zure osasun-zentrora deituta, hitzordua eskatu ahal izango duzu azaroaren 6tik aurrera txertoa jartzeko.

TXERTOEN ESKURAGARRITASUNA ETA EZAUGARRIAK

GRIPEaren kasuan, gripearen aurkako txertoen kopurua 720.600 da, eta kopuru hori % 20 handitu daiteke (864.720 dosi izan arte); aurreko hilabeteetan mundu osoan bildutako informazio epidemiologikoaren arabera eguneratutako osaera izango dute txerto horiek, eta gripearen 4 birus barne hartzen dituzte: 2 A motakoak eta 2 B motakoak.

Txerto guztiak tetrabalenteak dira; beraz, tribalenteek ez bezala, B gripearen bigarren leinuaren aurkako babesa eskaintzen dute, gripearen 3 andui ohikoenen aurka babesteaz gain. Horrek gripe-kasuak murrizten lagunduko luke, baita gripearekin lotutako ospitaleratze- eta heriotza-tasak ere. Zehazki:

-Birus zatikatu inaktibatuen gripearen aurkako txerto tetrabalentea (Fluarix Tetra ®): 700.000 dosi, 6 hilabetetik gorako herritarrentzat.

-Gripearen aurkako txerto tetrabalentea, birus zatikatuen inaktibatuen karga antigeniko handikoa (Efluelda ®): 19.500 dosi, 65 urte edo gehiago dituzten pertsona instituzionalizatuentzat. 

-Zelula-kultiboko gripearen aurkako txerto tetrabalentea (Flucelvax ®): 1.100 dosi, 2 urtetik gorako pertsona alergikoentzat.

COVID-19aren aurkako errefortzu-txertoak ere konposizio eguneratua dauka, omikron azpimotaren azken aldaera identifikatuak barne. Eskuragarri dauden COVID-19aren aurkako txertoei dagokienez, dagoeneko banatu dira egoitzetan dauden pertsonentzako txertoak, eta urrian soilik, 400.000 txerto-dosi inguru jaso ahal izango direla baieztatuta dago; kopuru hori datozen asteetan handitzen joango da entrega berriekin.

OHIKO ZALANTZAK ETA GALDERAK

Osasun Sailak eta Osakidetzak maiz egiten diren galdera batzuk prestatu dituzte, herritarren zalantzei zorrotz erantzuteko. Hemen daude eskuragarri:

https://www.osakidetza.euskadi.eus/2023ko-txertaketa-kanpaina/webosk00-oskenf/eu/

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
Beste gonbidatu batzuk
  • Enrique Peiró