Hauteskundeak 2024
qrcode

Nazioarteko 60 agente turistiko Euskadira etorri dira helmugaren merkaturatzean euskal turismo-enpresekin akordioak ixteko

2023-09-29

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak nazioarteko 60 agente eta operadore turistiko baino gehiagorekin antolatu du bidaia, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez. Agenteek hainbat jarduera egingo dituzte, baita bilerak ere urriaren 3a eta 6a bitartean, 2 helburu nagusi dituen misio batean.

Helburuetako lehena da nazioarteko eragileak, batez ere turoperadoreak, euskal turismo-enpresa eta -eragileekin harremanetan jartze, Euskadi helmuga merkaturatzeko lankidetzak eta akordioak sor daitezen. Horretarako, hainbat bilera eta workshop bat egin ahal izango dituzte Euskadiko turismo-agentzia eta -enpresekin harremanetan jartzeko.

Bigarrenik, astean zehar, agente turistikoek zenbait “fam trip” egingo dituzte, hau da, espezializatuta dauden gaiarekin lotutako jarduerak eta bisitak. Hain zuzen, agente horiek Euskadi helmuga merkaturatzen hasi nahi izan dute. Gai horien artean daude Euskadirentzat lehentasunezkoak diren produktu turistikoetako batzuk, hala nola gastronomia, zikloturismoa, natura-turismoa edo MICE negozio-turismoa.

Euskadira etorriko diren turoperadoreak 17 herrialdetakoak dira: Espainia, Erresuma Batua, Alemania, Portugal, Belgika, Herbehereak, Danimarka, Irlanda, Italia, Finlandia, Suedia, Polonia, Maroko, Japonia, Argentina, Brasil eta AEB. Euskadin izango duten egonaldian, 3 topaketa izan dituzte euskal hiriburuetan, haien beraien bisita-agendaz gainera. Lehenengo topaketa hilaren 3an izango da, Donostiako Aquariumean, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezek eta Donostiako alkate Eneko Goiak egingo diete harrera. Ongietorriaren ondoren, Euskadi helmugaren aurkezpen bat egingo da.

Hilaren 4an agenteak Gasteizera joango dira, eta bertan tradizioak izango dira gai nagusia, kultura gastronomikoa eta enologikoa ardatz hartuta. Nazioarteko operadoreek Maider Etxebarria Gasteizko alkatearen, Arabako Foru Aldundiko Turismoko zuzendaria, Felipe García eta Javier Hurtado sailburuaren ongietorria jasoko dute.

Topaketak hilaren 6an amaituko dira, Bilbon, baina jardueren agenda asteburuan izango da, workshop batekin. Workshop horrek harremanetan jarriko ditu aurrez haiekin bilerak egin nahi izan dituzten nazioarteko operadoreak eta euskal enpresak. Sektorearen inguruan egingo den aurkezpenaren gaia turismo industriala eta bere ondare industrialarekin lotutako Bilboren eta Euskadiren eraldaketa izango da. Javier Hurtado sailburuarekin batera, Sonia Pérez Garraioko, Mugikortasuneko eta Turismoko diputatua eta Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia izango dira.

Nazioarteko eragileen bisita Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila turismoa erakartzeko egiten ari den ekintzen barruan kokatzen da, bereziki distantzia luzeko turismoa. Javier Hurtado sailburuak udan turismoak izandako emaitza positiboak eta "bailara" izeneko aldietan izandako hazkunde desestazionalizatua analizatu ditu, eta nazioarteko turismoak urteko lehen 8 hilabeteetan izandako hazkundea azpimarratu du. “Albiste onak dira, sektore hori izan baitzen pandemiak gehien ukitutakoa, eta, hain zuzen ere, sektore hori promozionatzeko ahaleginetan buru-belarri aritu gara. Zehazki, nabarmen laguntzen du urtarokotasuna murriztean, egonaldia luzatzean (orain 4,4 egunekoa da) eta gastuan. Urtarriletik abuztura, nazioarteko turismoa % 17 hazi da, eta turismo nazionala, berriz, % 4,6. Gainera, azken hilabeteetan (maiatza, ekaina, uztaila eta abuztua), nazioarteko turismoa nazionala baino handiagoa izan da sarreretan”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan