Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Turismoa % 17 hazi da Euskadin azken bi urteetan

2012.eko urtarrilak 23

Atzerriko bisitarien etorrera, 2009. urteaz geroztik, + % 26,4 handitu da, eta estatuko bisitariena + % 13,7

Pilar Zorrilla sailburuordeak eta Isabel Muela zuzendariak balantzea egin dute eta adierazi dute euskal turismoaren arrakasta sustapen-politika berriaren, sektorearen ahaleginaren, Turespañarekin lortutako akordioen eta lasaitasun-giroaren ondorio dela. 2011ri dagokionez, Euskadik bere marka hobetu zuen etorritako turista kopuruari dagokionez, 2,4 milioi bisitari baino gehiagorekin. Joan den urtea Euskadiko Turismoaren historiako urterik onena izan zen; bisitarien etorrera % 4,6 hazi zen eta ostatu-gauak % 4,8. 2011. urtean marka historikoa hobetu da Frantziatik (+ % 6,9), Alemaniatik (+ % 8,8), Iberoamerikatik (+ % 11,9), EEBB-Kanadatik (+ % 16,3) eta Italiatik (+ % 18,8) etorritako turistei dagokienez.

Guztira 2.465.167 lagunek hartu zuten ostatu Euskadiko hotel eta landetxetan iaz, eta horrek esan nahi du 2011. urtea euskal turismoaren historiako urtetik onena izan zela. Orain arte sektoreko urterik onena, 2010. urtea, 107.000 bidaiaritan gainditu du, hau da, + % 4,6an.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak argitaratu dituen datuen arabera, ostatu-gauek ere + % 4,8 egin dute gora, 4,7 milioira iritsiz.

Datu horiek aztertzeko, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak prentsaurrekoa eman du Turismoko zuzendari Isabel Muelarekin batera.

Euskal turismoaren arduradunek adierazi dute sektoreak Euskadin izan duen arrakasta hainbat alderdiren baturak ekarri duela. Aipatzekoak dira: legegintzaldi honetan onartu den Marketin Planaren ondorioz garatutako sustapen-politika berria, sektoreak lehiakortasuna hobetzeko erkidegoan egin duen ahalegina, Eusko Jaurlaritzak Turespañarekin lortu dituen akordioak atzerrian sustatzeko, eta Euskadik orain kanpora begira erakusten duen lasaitasun-giroa.

2011ko balantzean batez ere atzerritarren etorrerak izan duen + % 6,5eko hazkundea nabarmentzen da; estatuko turismoa, berriz, + 5 3,6 hazi da. Hala eta guztiz ere, Espainiatik etorritako turismoaren aldekoa izaten jarraitzen du proportzioak: % 67a da, eta atzerritarrak % 33. Hau da, Euskadira datozen hiru turistatik bi Espainiarrak dira.

Iaz 763.000 atzerritar etorri ziren Euskadiko hoteletara. Herrialdeen artean, Frantzia da Euskadira turista gehien ekartzen dituena, 190.000. Eta hazten jarraitzen du, + % 6,9ko erritmoarekin joan den urtean. Erresuma Batuak bigarren tokian jarraitzen du, baina % 5,1 gutxiagorekin (aurreko urtean + % 22 hazi zen).

Euskadira turista gehien bidaltzen dituen herrialdeen artean hirugarrena Alemania da (67.000), + % 8,8ko hazkundearekin 2010ean. Hazten jarraitzen duen beste herrialde bat Italia da, + % 18,8rekin, 53.000 turistara iritsiz.

Azken hilabeteetan nabarmendu den fenomeno bat Amerikako kontinentetik iritsitako bisitarien hazkundea izan da. Izan ere, bereziki nabarmena izan da Iberoamerikako merkatuaren hazkundea (+ % 11,9), aurreko urtean + % 25 hazi zela kontuan izanik. Gauza bera gertatzen da Estatu batuekin eta Kanadarekin, + % 16,3 hazi baitira.

Plazen araberako okupazio-mailak ere aurreko urtean hasitako igoerarekin jarraitu du: % 46,4ra arte hazi da, 2010ean erregistratu zen % 43,9aren aldean. Batez besteko egonaldiari dagokionez, azken urtean pixka bat hobetu da, eta 1,88 gautatik 1,89 gautara igaro da.

Nekazaritza-turismoko establezimenduen portaera ere positiboa izan zen 2010. urtean. Turisten sarrera % 3,9 hazi ziren, baina ostatu-gauak % 0,6 gutxitu ziren.

Lurraldeen arabera, 2011. urtean Bizkaiak eta Arabak izan zituzten hazkunderik handienak, % 7,3 eta % 5,3 hurrenez hurren, eta Gipuzkoa % 0,8 besterik ez zen hobetu, estatuko bisitarien etorrerak batez ere azken hiru hilabeteetan izandako beherakadaren ondorioz (- % 2,4).

Hiriburuen artean, Vitoria-Gasteiz izan da azken urtean turismo-sektorean hazkunderik handiena izan duena, + % 7,9. Ondoren Bilbo, + % 6,1. Donostiak, ordea, urtea negatiboan amaitu du (- % 0,9), 2011ko abuztuaz geroztik, hau da, bost hilabetez jarraian, turistak galtzen joan delako.

Hazkunde ikusgarria bi urtetan

Datuak ikuspegi handiagoarekin ikusiz gero, egiazta daiteke legegintzaldi honetako bi urteak nahikoak izan direla turismoa gora doan sektore bihurtzeko, eta hazkunde ikusgarria izan duela. % 17ko hazkunde globala lortu du, honako era honetan banatuz: atzerritarren etorrera + % 26,4 handitu da, eta estatuko jendearena + % 13,7.

Azken bi urte hauetan hainbat jardun egin dira eta turismo-sektoreari bultzada handia eman diote. Legegintzaldi honetan turismo-marka berri bat sortu da, 'Euskadi, goza ezazu' deitutakoa, eta kanpoan harrera ona izan du.

Gainera, euskal turismo-produktuak berriro definitu dira eta kalitatearen eta lehiakortasunaren aldeko apustua egin da. Horren emaitza gisa, Euskadi azken bi urteetan Espainia osoko bi erkidego lehiakorrenen artean kokatu da MoniTur rankinean, hau da, Exceltur eta Deloitte enpresek egiten duten azterlan ospetsuan.

Euskadi era berean bigarren tokira igo da turismo-kalitateko Q kopururik handiena duten erkidegoen artean, termino absolututan nola erlatibotan.

2011. urtean, gainera, eskaintza berri bat jarri da abian esperientziaren ikuspuntutik. Gainera, turismo-sektorean bikaintasuna sustatzen jarraitzeko asmoa dago.

Arrakasta Fitur 2012an

Bestalde, FITUR Nazioarteko Turismo Feria amaitu zen atzo, Euskadiko standaren balantzea oso arrakastatsua izanik. Eusko Jaurlaritzak turismo-produktu berriak eraman ditu Madrilera, eta aurreikusitakoak baino emaitza hobeak izan ditu.

Sektore profesionalari zuzendutako egunetan nahiz Fiturrek jendeari oro har ateak zabaltzen dizkion egunetan, milaka bisitari izan dira. Jardunaldi profesionaletan 30 enpresaburu baino gehiago izan dira eta 200 lan-bilera baino gehiago egin dituzte hainbat touroperadore eta bidaia-agentziarekin.

Asteburuan zehar, Vitoria-Gasteizek Europako hiriburutza berdea dela medio antolatutako jarduera desberdinei Euskadiko standak antolatutako gastronomia-tailerren arrakasta gehitu behar zaie, eskura zeuden plazak oso-osorik bete baitira.

Standean gertatu den guztia internet bidezko telebistan ikus daiteke: www.tveuskadi.net.

 

Turismoaren bilakaera 2011. urtean (hoteletako sarrerak)

Lurraldea

Guztira

Estatukoa

Atzerrikoa

Araba

+ % 5,3

+ % 7,1

- % 0,05

Bizkaia

+ % 7,3

+ % 7

+ % 7,9

Gipuzkoa

+ % 0,8

- % 2,4

+ % 7

EUSKADI GUZTIRA

+ % 4,6

+ % 3,6

+ % 6,5

 

Turismoaren bilakaera 2011. urtean hiriburuetan (hoteletako sarrerak)

Hiria

Guztira

Gasteiz

+ % 7,9

Bilbo

+ % 6,1

Donostia

- % 0,9

Iturria: Eustat. Euskadiko turismo-establezimendu hartzaileen inkesta.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)