Zeinu hizkuntzaren eguna
Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Batzordea. Jokin Bildarratz sailburuaren agerraldia

2023-10-04
  • Hezkuntza sailburuak eskola-garraioaren lizitazioari buruzko informazio guztia helarazi du Legebiltzarrean, bai eta aholkularitza juridikorako abokatu-bulego bat kontratatzeari buruzkoa ere

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du gaur goizean Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, legebiltzarkideei eskola-garraioko zerbitzuarekin lotutako hainbat gairen berri emateko. Alde batetik, eskola-garraioaren lizitazio-prozesuaren xehetasunak azaldu ditu, bai eta Hezkuntza Sailak hartutako erabakiak ere, ikasturteko lehen egunetan zerbitzu hori –Bizkaian eta Araban- izan ez zelako. Gainera, berak hala eskatuta, Bildarratzek Hezkuntza Batzordeari helarazi dio Cuatrecasas abokatu-bulegoaren kontratazioari buruzko informazio guztia, bufete horrek sektoreko zenbait enpresak zerbitzua emateari uko egiteko aukerari buruzko txosten juridikoa egin zezan. Bildarratz sailburuarekin batera, agerraldian izan dira Xabier Aizpurua Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, Eneko Goenaga Araubide Juridiko eta Zerbitzuen zuzendaria eta Ane Urkiola Kudeaketa Ekonomikoko zuzendaria.

Gainera, berak hala eskatuta, Bildarratzek Cuatrecasas abokatu-bulegoaren kontratazioari buruzko informazio guztia helarazi dio Hezkuntza Batzordeari, txosten juridiko bat egiteko, sektoreko zenbait enpresak garraio-zerbitzua emateari uko egin diezaioketelako.

Gertaeren kronologia

Hari kronologikoari tiraka, Hezkuntza Sailak eskola-garraioa lizitatzeko emandako pausoei lotutako gertakari esanguratsuenak azaldu ditu Jokin Bildarratzek, legegintzaldi honen hasieratik abiatuta. Gogorarazi du lehiaketa publiko bat sustatzeko lehen ahalegina 2021ean egin zela, horretarako pleguak aurkeztuta. Plegu horien aurkako errekurtsoa jarri zuten garraio-enpresek – 14 errekurtso, guztira –, eta, horren ondorioz, KEAOk –Kontratuen inguruko Errekurtsuen Administrazio Organoak – lehiaketa publikoa eten zuen ebazpena eman arte. Lehen errekurtso horiez gain, beste hainbat ere izan ziren hurrengo urteetan, guztira 27 errekurtso. Hori zela eta, lizitazioak ezin izan zuen bere bidea egin, eta, ondorioz, aurreko ikasturteetan Hezkuntza Sailak eskola-garraioa ebatzi zuen, enpresa berberek zerbitzuak ematen jarraitzearen bidez.

Ikasturte honi begira, eta KEAOk azken errekurtsoak ebatzi ondoren –enpresek lizitazio-prozesua luzatzeko asmo argia zutela adierazi zuen ebazpen horietan–, Hezkuntza Sailak lizitazioan aurrera egin ahal izan zuen azkenean. Hala ere, eskaintzak aurkezteko epea amaitu zenean –uztailaren 13tik 20ra bitartean, lurraldearen arabera–, eta Kontratazio Batzorde Nagusiak (Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikiak) ebazpen-prozesua hasi zuenean, ikusi zen enpresa gutxik erabaki zutela parte hartzea, batez ere Bizkaian eta Araban. Horren aurrean, uztailaren amaieran enpresei aurreko ikasturteko zerbitzu bera ematen jarraitzeko aukera eskaini zitzaien, baldintza ekonomiko berberetan (joan den ikasturtean % 24,1eko igoera aplikatu zen zerbitzuaren kostuan), hutsik gelditu ziren ibilbideetan. Handik egun gutxira egiaztatu ahal izan zen Gipuzkoako ia ibilbide guztiak konponduta zeuden bitartean, egoera guztiz kontrakoa zela Bizkaian eta Araban.

Kontraste juridikoa

Ikasturtea hasteko aste gutxi falta zirela, Hezkuntza Sailak komenigarritzat jo zuen zerbitzua lehen egunetik ematea bermatuko zuen azterketa juridikoan sakontzea. Horregatik, abuztuaren hasieran, Cuatrecasas bufetea kontratatzea erabaki zen. Izen handiko enpresa horrek Eusko Jaurlaritzaren azterketa juridikoa indartu ahal izango zuen, besteak beste, Garrigues abokatu-bulegoak aholkatzen zituen enpresen jarreraren aurrean. Lan horrek ez zuen zerikusirik lizitazioaren ebazpenarekin, eta eskola-zerbitzua bermatzeko zeuden aukera juridikoak aztertzera mugatuko zen.

Agerraldian, Bildarratz sailburuak adierazi du Cuatrecasasen abokatuetako batek garraio-enpresa bati aholkularitza juridikoa emateak ez zuela inolako eraginik eskatutako lanean. Lan juridiko hori, zerbitzua eman nahi ez zuten enpresek azkenean egin zezaten lortzera bideratuta zegoen soilik. Kontratazio horrek ez zuen eraginik izan, URPAk bezala, Kontratazio Batzorde Nagusiaren bidez dagoeneko izapidetzen ari ziren eskaintza batzuk aurkeztu zituzten enpresetan.

Nabarmendu beharreko elementu gisa, Jokin Bildarratzek joan den abuztuaren 22an egindako bilera aipatu du. Egun hartan, Hezkuntza Sailak deituta, eskola-garraioko enpresa guztietako ordezkariek egoera aztertzeko bilera batean parte hartzeko aukera izan zuten. Bilera horretan, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak jakinarazi zuen Cuatrecasaseko ordezkari bat zegoela, eta, esan zuenez, laguntza eskatu zitzaion. Gertaera hori aktan jaso zen ondoren, gardentasun osoz.

Bileran, nahitaez bete beharreko Agindu bat onartzeko aukera zegoela jakinarazi zuen Hezkuntza Sailak, enpresen jarrerak eskola-zerbitzua ematea ez bermatzeko arriskua zekarrelako. Agindu hori irailaren 1ean onartu zen, eta irailaren 5ean jarri zen indarrean, ikasturte berria ofizialki hasi baino bi egun lehenago.

Agindua indarrean egon arren, Bizkaiko eta Arabako eskola-garraioko enpresek uko egin zioten zerbitzua emateari, eta zuzenean eragin zien garraiorako eskubidea duten 7.500 ikasle ingururi. Azkenik, eta Hezkuntza Sailaren eta eskola-garraioaren sektorearen arteko hurbilketa baten ondorioz, enpresek berriro ekin zioten zerbitzuari, 2024-2025 ikasturterako hurrengo lizitazioari begira hobekuntza-proposamenak egiteko elkarrizketa-prozesua hasi aurretiko pauso gisa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak