Berriak
Eu

Hondarribiko eta Irungo alarde mistoentzako berdintasunerako Emakunde saria

2012.eko urtarrilak 23

Jaietan emakumeek berdintasunean partehartzeko duten eskubidearen alde egindako lana azpimarratu du epaimahaiak

2011eko Berdintasunerako Emakunde Saria Hondarribiko eta Irungo alarde mistoentzako izan da, alarde publikoaren aldeko Alardezaleak elkarteak ordezkaturik. Jaietan eta herrietako ospakizunetan emakumeek berdintasunean partehartzeko duten eskubidearen alde egindako lanarengatik izan dira sarituak, epaimahaiak azaldu duenez, 1996an hasitako borroka honetan zailtasun askori aurre egin behar izan badiete ere.

2011. urteko Berdintasunerako Emakunde Saria Hondarribiko eta Irungo alarde mistoentzako izan da. Sari honen bitartez, Emakundek azpimarratu nahi izan du alarde mistoetan emakumeek duten partehartzeak agerian uzten duela berdintasuna legeetan onartzen bada ere, beti ez datorrela bat errealitatearekin eta benetako berdintasunarekin.  Epaimahaiak bi alardeek emakume eta gizonen berdintasunaren alde egindako lana goraipatu du eta azpimarratu du hamabost urte baino gehiagoko lana egin dutela orain arte, eta beti erabili dituztela bide baketsuak emakume eta gizonek jaietan partehartzeko aukera berdinak izan ditzaten, nahiz eta zailtasun askori aurre egin behar izan dieten.

Epaimahaiak aipatu du baita ere beraien ekintzetan eta aldarrikapenetan emakume zein gizonek parte hartu dutela. Honekin batera, haien ekintzek argi uzten dute zelako garrantzia duten erritual eta sinboloek emakume eta gizonen sozializazio prozesuan eta beharrezkoa dela hauen esku hartzea emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko eta emakumeen kontrako indarkeria ekiditeko.

Alardeek, gainera, mundu akademikoan ere oihartzuna izan dutela azaldu du epaimahaiak, antropologia eta giza zientzietan, eta hainbat ikerketa, lan eta araudiaren sorrera bultzatu dutela, emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko beste ekimen batzuentzako ere lagungarri izan dena.

Alarde mistoek euren ibilbidea hasi zutenetik, Emakunde haien alde agertu da beti. Zentzu honetan, María Silvestre, Emakundeko zuzendariaren esanetan, “konstituzioak, Estatutuak eta legeak hala aginduta, erakunde publikoek oztopoak gainditu eta beharrezkoak diren neurriak bultzatzeko obligazioa dute emakumeek ospakizun honetan parte hartu ahal izan dezaten gizonek dituzten baldintza berberekin”.

Emakunderen ustetan tradizioak herrien giza kohesiorako funtsezko elementuak dira, testuinguru jakin batean sortzen diren tradizioak, baina eboluzionatu egin behar dute garai berrietara egokitzeko. Zentzu honetan, festek ezin dute gizartean ematen den haustura instituzionalizatu eta normalizatu. Horren ordez, kohesioa bultzatu behar dute.

Sariaren helburua
Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea; emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako lanetan nabarmendu direnak ere. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da

Emakunde Sariak lau alorretan banatzen ziren 2006ko ediziora arte. 2006an Emakundek pentsatu zuen egokia zela arloen aniztasunaren ikuspegia sartzeko beste modu batzuk antolatzea; hori dela eta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ekarpen bakar bat saritzea erabaki zuen, nabarmenena, edozein arlotakoa izanda ere.  Sari bakarra ematen denetik hauek izan dira sarituak: Mari Jose Urruzola 2006an, Bagabiltza elkartea 2007an, Bizkaiko Emakumeen Asanblada 2008an eta Lilaton taldea 2009an eta 2010ean Teresa del Valle.

Iruzkin bat
  • @jmpadillar
    2012.eko urtarrilak 23

    Comentario de Twitter:
    Los alardes mixtos de Irun y Hondarribia recibiran el premio Emakunde a la igualdad http://t.co/mlkXtsbD #igualdad

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • María Silvestre
    Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • María Silvestre