Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
qrcode

Tokyo International Film Festivalek leihoa irekiko dio euskal zinemari Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzarekin

2023-09-28
  • Azken urteetan ekoitzitako eta emakumeek zuzendutako bost euskal film eskainiko ditu jaialdiak World Focus sailean kokatuko den Euskal Leihoan.
  • TIFF-eko Euskal Leihoa Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan antolatu da. Donostia Zinemaldiaren eta Lehendakaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren laguntza jaso du eta Euskadi Japan 2023 programan kokatzen den ekintzetako bat da. 

Tokyo International Film Festivalek gaur iragarri du bost euskal film eskainiko dituela bere programazioan. Euskal zinemaren erakusleiho hau Etxepare Euskal Institutuak Donostia Zinemaldiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, TIFF-ekin egindako lankidetzaren ondorioa da. Tokion egingo den Euskal Leihoa Euskadi Japan 2023 programan kokatzen den ekintzetako bat da.

Asiako zinema jaialdirik garrantzitsuenetarikoa eta munduko esanguratsuenetarikoa, urriaren 23tik azaroaren 1era egingo da Japoniako hiriburuan. Euskal Leihoa World Focus sailean kokatuko da, munduko zinemaren egungo joerak islatzen dituzten filmak aurkezten dituena.

Iada ezaguna eta saritua izan den Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako ‘20.000 especies de abejas’ japoniako estreinaldia izango du TIFF-eko Euskal Leihoan. Urresolaren opera primak ,hainbat aintzatespen jaso ditu izen handiko jaialdietan; hala nola, Berlinalen, Malagako Zinema Jaialdian, Hong Kong International Film Festivan edo Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko jaso duen aurre-hautaketa. Azken saria Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Galan jaso du: Egile Berriak Saria, alegia. Filmak genero-nortasunaren gaia, transexualitatea haurtzaroan eta familiaren eta gizartearen egituren aniztasuna jorratzen ditu, besteak beste.

Bestalde, Isabel Hergeraren ‘Sultanaren ametsa’ izango da euskal zinemari eskainitako atalean. Zuzendariaren lehenengo film luzeak Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzen ari da, eta Euskal Gidoi Onenaren Saria jaso berri du Euskal Zinemaren Galan. Hergeraren animaziozko filmak Inés zuzendari espaniar gaztearen ibilbidea kontatzen du. 1905ean, Rokeya Hossein idazle bengaliarrak Ladylandekin egin zuen amets, emakumeek gobernatutako lurralde utopikoarekin, eta handik mende batera, Inések autoaurkikuntza-bidaia bati ekitea erabakitzen du, Rokeyaren aztarnei jarraituz eta Ladyland-en bila.

Jaione Cambordaren azken lana ere, ‘O corno / The Rye Horn’, Euskal Leihoaren parte izango da. Filma 71. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzen ari da eta aurretik, Toronto International Film Festivalen parte hartu du. Galiziako landa-eremuan kokatzen den pelikula honek, ihes egindako emakume baten istorioa kontatzen du. Emakume horrek bere burua berrasmatu eta amatasun eta nortasun kontuei aurre egin behar die.

Rosa Zufía eta Bertha Gaztelumendi zuzendarien ‘Arnasa Betean, emakume zinemagileak’ dokumentala ikusiko da jaialdian. Atzoko eta gaurko emakumezko euskal zinemagileak protagonista dituen eta gaiaren ikuspegi unibertsala erakusten duen dokumental honek nazioarteko estreinaldia izango du Japonian.

Azkenik, Silvia Muntek zuzendutako ‘Las buenas compañías / In the Company of Women’ filma ere ikusteko aukera izango da. Iaz filmak Ikusleen Saria lortu zuen Giza Eskubideen 20. Zinemaldian. Espainiako diktaduraren azken egunetan emakumeen eskubideen alde borrokan ari diren Frantziako eta Espainiako mugako euskal ekintzaile talde baten bizitza kontatzen du luzemetraiak.

Etxepare Euskal Institutuak ekitaldi bat antolatuko du Tokion urriaren 30ean Tokioko 36. Nazioarteko Zinemaldiaren baitan izango den Euskal Leihoa  aurkezteko. Filmetako zuzendarietako batzuk eta erakundeetako ordezkariak izango dira euskal zinemaren industriaren topagunea izan nahi duen ekitaldian.

Euskadi Japan 2023

Euskadi Japan 2023 sektore anitzeko ekimena Euskadiren eta Japoniaren arteko harremanak areagotzea eta agerian jartzea du helburu. Bi lurraldeen arteko harreman horiek indartzea eta lankidetza berriak sortzea da proiektuaren helburua, hainbat alorretan: kultura, gastronomia, turismoan, ekonomian, kirolean…). Etxepare Euskal Institutuak Euskadi eta Japoniaren arteko harreman eta lankidetza kulturalei dagokionez loturak estutzeko dihardu.

2023an zehar, aldebiko programazioa garatuko da Japonian eta Euskadin, bi lurraldeetako alor anitzeko jarduerak sustatzeko helburuz. Zinemaren arloan, 71. Donostia Zinemaldian Hiroshi Teshigahararen azterabegirakoa programatu da, eta bueltan Tokyo International Film Festivalen Euskal Lehioa atala erakutsiko da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko