Elkarlan Sariak
Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Euskal erakunde publikoek 81 milioi euro baino gehiago bideratu zituzten, 2022an, Hegoko herrialdeetan elkartasun ekimenetara

2023-09-28
  • Euskal Lankidetza Publikoaren Atariak lankidetza ekimenei buruzko informazioa biltzen du

2022an, garapenerako lankidetzako euskal erakunde publikoek 1.189 ekimen babestu zituzten 68 herrialdetan, baita Euskadin ere. Guztira, 81.3 milioi euro bideratu zituzten, 228 GGKEk eta herrialde pobretuetako 335 erakundek kudeatuta. Zenbaki horien xehetasunak eskuragarri daude Euskal Lankidetza Publikoaren Atarian argitaratu berri den Euskal Lankidetza Zenbakitan 2022 txostenean.

Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria erakunde arteko ekimena da. Bertan, Eusko Jaurlaritzako eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, hiru foru aldundiek, Euskadiko hiriburuetako udalek eta Euskal Fondoak parte hartzen dute, eta Euskal Unibertsitateko (UPV/EHUko) Hegoa Institutuko laguntza jasotzen du. Tresna horri esker, zortzi erakundek babesten dituzten elkartasunerako ekimenak ezagutu daitezke; izan ere, horiek dira Euskadin garapenerako lankidetzako, ekintza humanitarioko eta larrialdietako eta gizarte-eraldaketarako hezkuntza jardueretara funts gehien bideratzen dituztenak.

Zenbait zertzelada

Berritasun moduan, txostenak lehen aldiz aztertzen du lankidetzako euskal erakunde publikoen 2030 Agendari egindako ekarpena. Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJHri) egindako ekarpen nagusiak izan ziren genero berdintasunari −GJH 5, el % 20−, desparekotasunak murrizteari −GJH 10, el % 16−, eta bakea, justizia eta erakunde sendoei −GHJ 16, ia % 16a−.

Eskualdeei dagokionez, 2022an, Mexikok, Erdialdeko Amerikak eta Karibek ia funtsen % 30 jaso zuten, eta Hegoa Amerikak eta Saharaz Hegoaldeko Afrikak, berriz, % 23 inguru. Guatemala, Kolonbia, El Salvador eta Peru izan ziren euskal elkartasunaren hartzaile nagusiak.

Modalitateen arabera, ordaindutako 81.3 milioi euroetatik % 60 nazioarteko garapenerako lankidetzako ekimenetara bideratu zen, eta % 21 ekintza humanitariora eta larrialdiko jardueretara krisi humanitarioan dauden biztanleei laguntzeko.

Funtsen ia % 11 −8.8 milioi euro− gizarte-eraldaketarako hezkuntza ekintzetara bideratu ziren, Euskadin. Prestakuntza eta sentsibilizazioa landu diren gehien, eta kasuen ia erdietan hezkuntza informalaren esparruan gauzatu ziren.

Euskadi izan zen bosgarren diru-hartzailea, hezkuntza ekimenei eta ukraniarrei berton emandako babesari esker. Finantzatzaile nagusia Eusko Jaurlaritza izan zen, pertsona eta familia errefuxiatuentzako laguntza ekonomikoen programak, harrera-sareak eta laguntza psikosoziala abian jarri baitzituen.

Gardentasunerako ekimen bateratua

Euskal Lankidetza Publikoaren Ataria 2018an aurkeztu zen jendaurrean. Erakunde arteko ekimen bat da, gardentasuna sustatzeko eta Euskaditik eskaintzen den garapenerako lankidetza bateratzen eta koordinatzen laguntzeko. Gainera, gaia aztertzeko tresna gisa erabil daiteke.

Webguneak lankidetzarako baliabideak bideratzen dituzten euskal eragile publiko nagusiei buruzko informazioa jasotzen du, bai eta urtez urte, leku geografiko eta erakundearen arabera garatutako proiektuei buruzkoa ere. Era berean, Euskadi osoko ekintza solidario publikoa modu bisualean ulertzeko informazio osagarria biltzen du, grafikoen eta analisien bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)