Gogora institutuak Urduñako espetxeko beste bi biktima identifikatu ditu
- Domingo Galindo González eta Inocencio Gallardo Rebolledo dira, biak Badajozetik etorriak
- Horiekin zazpi dira jada Urduñako hilerrian 2022ko abenduan atera zituzten 71 gorpuzkinen artean identifikatutakoak.
Bilbo, 27/09/2023
Gogora Institutuak egindako senideen bilaketak eta proba genetikoek emaitza positiboak ematen jarraitzen dute Gerra Zibilaren ondoren Urduñako Espetxe Probintzialean hildako eta Urduñako Hilerrian hobiratutako presoen identifikazioan.
Domingo Galindo González La Morerakoa (Badajoz) zen. 45 urte zituen Urduñako espetxean hil zenean, 1941eko martxoaren 8an. Lau seme-alaben aita zen. Alabetako batek jaso du albistea, (91 urte ditu eta DNA lagina eman zuen) hunkituta, seme-alabekin eta bilobekin batera.
Inocencio Gallardo Rebolledo da bigarren identifikatua. Magacelakoa zen, 56 urte zituen Urduñako espetxean hil zenean, 1941eko martxoaren 29an. Hiru semeren aita zen. Gogora Institutuak berriki harremanetan jarri dituen bilobek ere (Eusko Jaurlaritzak aurtengo urtarrilean Castuerara egindako bidaiaren ondoren) hunkituta eta esker onez hartu dute albistea.
Gorpuzkiak datozen asteetan emango zaizkie familiei.