qrcode

"Geldiezinak-Imparables" proiektuak euskal emakume kirolari onenen lana nabarmentzen du, belaunaldi berrientzat erreferenteak sortzeko helburuarekin

2023-09-27

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta, zehazkiago, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Basque Team Fundazioak "Geldiezinak-Imparables" proiektua aurkeztu dute gaur EiTBren Bilboko egoitzako Multibox Aretoan. Egitasmoak euskal kirolaren historian nabarmendu diren hainbat emakumeren lana balioesten du, belaunaldi berrientzako erreferenteak sortzeko helburuarekin.

Kimua Dantza Kolektiboaren ‘GenErorAntz’ obraren pasarte batekin eman zaio hasiera ekitaldiari, eta bertan izan dira, besteak beste, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Gorka Iturriaga Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria, Olatz Legarza Basque Team Fundazioko koordinatzailea, Joseba Urkiola EiTB Mediako kirol zuzendaria, eta Emakundeko zuzendaria den Miren Elgarresta.

Bereziki hunkigarria izan da Ibone Belaustegigoitia ohol-jauzilari ohiaren, olinpikoa izan zen lehen euskal emakumearen presentzia, bere ahizta Bibiñerekin, Maialen Chourraut piraguistarena, Maider Unda borrokalari ohiarena, Ainhoa Ibarra eskiatzaile ohiarena, Maider Telleria eta Teresa Motos velar-hockey jokalari ohiena, Ainhoa Ostolazala txirrindulari ohiarena eta Alazne Etxaburua, Nerea Arruti eta Karmele Gisasola herri kiroletako izarrena, beste kirolari batzuen artean. Almudena Cid gimnastak eta Edurne Pasaban alpinistak, konpromiso profesionalengatik bertaratu ezin izan diren arren, aretoko pantaila erraldoian proiektatutako agurra bidali dute.

Europar Batasuneko Next Generation laguntzei esker finantzatutako "Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana”ren bitartez, Eusko Jaurlaritzak gizartea aberastuko duten ereduak sortu nahi izan ditu, batez ere, goi-mailako euskal kirolari onenetako batzuen iragana, oraina eta, kasu batzuetan, etorkizuna ikusaraziz.

Helburua da goi-mailako euskal kirolaren historian nabarmendutako emakumeen lana eta lorpenak balioestea, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzak erabaki du proiektua Basque Team Fundazioaren bidez gauzatzea. Horrela, azken urteotan Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak eta Fundazioak berak emakumearekin eta genero berdintasunarekin lotutako politikak bultzatzeko hartutako ildoarekin jarraitzen da.

“Ditugun egitasmo guztiak kuttunak dira guretzat, baina hau are bereziagoa da. Kirolari hauek gure kultura eta historiaren parte dira eta merezitako tokia eman behar zaie” adierazi du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Alde batetik, ‘Korima Films’ek ekoitzitako ‘Geldiezinak’ dokumental saila astero eskainiko da ETB-1en, igandeetan, 11:30ean, ‘Helmuga’ saioaren barruan. Gainera, formatu elebidunean banatuko da, azpitituluekin, Basque Team Fundazioaren gainerako kanaletan (youtube, webgunea eta sare sozialak) eta EiTBko ‘Primeran’ plataforman. Kapitulu bakoitzak hamaika minutu inguruko iraupena izango du, eta protagonista nagusi bat, nahiz eta beste kirolari eta kirol-arloko pertsona batzuek ere lagunduko dioten. Hala, Ibone Belaustegigoitia, Joko batzuetan lehiatu den lehen emakume euskalduna, Maialen Chourraut hiru domina olinpikoren jabea, Maider Unda, Ainhoa Ibarra, Ainhoa Murua, Eli Pinedo, Almudena Cid, Leire Olaberria, Maider Telleria eta Sara Carracelas olinpikoak, Edurne Pasaban alpinista eta Karmele Gisasola, Nerea Arruti eta Alazne Etxaburu herri kiroletako izarrak, izango dira, besteak beste, protagonistak.

Kapitulu bakoitzean, emakumeen kirol-unibertsoaren berezitasunak ulertzen lagunduko duten gai interesgarriak landuko dira zeharka; esate baterako, amatasuna, estereotipoen haustura, plangintza espezifikoen beharra emakumearen fisiologia kontuan hartuta, kirol-erakundeetako erabaki-postuetan emakumeen presentzia bultzatzeko beharra, prestakuntza mentala, emakumea goi-mailan egotea erraztuko duten egituretan inbertitzeko beharra...

Dokumentalekin batera podcast sorta bat ere egin da, gai eta protagonista berberekin, eta bakoitzak 20 minutuko iraupena izango du. Horiek EiTB taldeko plataformen bidez entzun ahal izango dira.

Haurtzarora bideratuta, 6 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzendutako ipuin eta fitxa didaktikoen bilduma bat ere egin da, aipatutako protagonistekin, landutako gaiak publikoaren adinera egokituta. Euskal Autonomia Erkidegoko lehen hezkuntzako ikastetxe guztietan banatuko dira, baina bertsio digitalak Basque Teameko webgunetik eta fundazioaren gainerako euskarrietatik eskuratu ahal izango dira. Ipuinak eta fitxak Paul Caballerok eta Ane Undurragak sortu dituzte.


Proiektu osoak Hopper Ink-eko diseinatzaileek eraikitako iruditeria du, eta EAEko hiru hiriburuetako garraiobideetan (Bilboko eta Gasteizko tranbiak eta topoa Donostian) irailaren 28tik urriaren 15era egingo den publizitate kanpainari esker gehiago indartuko da egitasmoa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak