Hauteskundeak 2024
Berriak Hezkuntza
qrcode

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Bilbo Herri Irratian

2023-09-27

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa egin diote gaur goizean Bilbo Herri Irratiko "Egun on, Bizkaia" saioan, eta, besteak beste, irakaskuntza publikoko greba-deialdiaz, eskola-garraioko ibilbideen lizitazio-prozesuaz eta etorkizuneko Hezkuntza Legeaz aritu da.

Eskola-garraioko ibilbideen lizitazio-prozesuari dagokionez, Bildarratzek argitu nahi izan du Hezkuntza Sailak ez duela aholkulari bat kontratatu, abokatuen kabinete bat baizik, eta ukatu egin du esleipen-prozesu horretan garraio-enpresa bati mesede egin zaionik. Horretarako, azken hilabeteetako kronologia azaldu du, eta gogorarazi du enpresek proposamenak aurkezteko epea uztailaren 19an amaitu zela. Hortik aurrera, azaldu duenez, Jaurlaritzako Kontratazio Mahai Orokorra hasi zen lanean, Hezkuntza Sailari atxikita ez dagoena. Esleipenaz arduratzen den organo hori irizpide objektiboetan oinarritzen dela zehaztu du.

Bildarratzek azaldu duenez, ibilbide asko hutsik geratzen zirela egiaztatu zenean, eta 2023-2024 ikasturterako eskola-garraioaren zerbitzua bermatu behar zela ikusita, txosten bat eskatu zitzaion abokatuen kabinete bati, eskola-garraioko zerbitzua bermatzeko moduari buruzko hausnarketa egin zezan. "Legez jokatu dugu”, adierazi du, eta nabarmendu du bi momentu desberdin direla ibilbideak esleitzekoa eta abokatuen kabinetea kontratatzekoa. Argitu du, gainera, kontratatutako kabineteko abokatua ez dela jabea, ez kudeatzailea, ez administratzailea, eta ez duela akziorik ustez esleipenean onuradun gertatu bide den garraio-enpresan.

Sailburuak berretsi egin du "eskatzen zaidan tokian" eta Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen aurrean azalpenak emateko asmoa, "datu guztiak, akta guztiak... eramateko, argitan eta takigrafoekin gera dadin". Ildo horretan, argitu du abuztuaren 22an garraio-enpresa eta elkarteekin izandako bileraren akta – enpresa guztiak deitu ziren bilera horretara – bertaratu ziren guztiei bidali zitzaiela ondoren.

Urriaren 24rako unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoan deitu den grebari buruz galdetuta, Bildarratzek esan du ez duela ulertzen zergatik deitzen den greba egun bat gehiago hezkuntzan, horrek ikasleei eta familiei eragiten dien kaltearekin, "eskola publikoan baliabide asko sartzen ari diren unean, ratioak jaitsiz edo figura berriak sartuz", 2022ko maiatzean gehiengo sindikalarekin lortutako akordioan oinarrituta. "Irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko baliabide ugari ipintzen ari gara. Hori sinatuta daukagu, eta hala ere, beste egun bateko greba-deialdia egiten dute?”.

"Guk etxeko lanak eginda ditugu", adierazi du, eta esan du aurtengoa "oso urte garrantzitsua" izango dela hezkuntzaren esparruan, Hezkuntza Legearen tramitazioagatik, batetik, eta sindikatuekin lortutako akordioagatik, bestetik.

Hezkuntza Legeari dagokionez, ziur agertu da Legebiltzarrean aurrera egingo duela.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak