Tapiak beharrezkotzat jo du Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluak automobilgintzaren sektoreari buruz hartutako erabakia
- Sailburuak nabarmendu du ezarritako helburuak ez daudela zalantzan, baina epe malguagoak dituen ibilbide-orri berriak ezarritako helburuak lortzen lagunduko duela, lurraldea desindustrializatu eta enplegua galdu gabe
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Arantxa Tapiak, Europar Batasuneko Ministroen Kontseiluak automozioaren sektoreari buruz atzo hartutako erabakiaren inguruko balorazioa egin du.
Tapiak esan duenez, erabakia beharrezkoa zen. “Lehenago edo beranduago hartu beharreko erabakia zen, Europako ekonomiaren funtsezko industria-sektore batean izugarriko ziurgabetasuna sortzen ari zelako. Industriak bete ezineko mezuak jaso ditu eta mezu erabat nahasiak jaso ditu gizarteak eta merkatuak” adierazi du.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak errespetuz eta erantzukizunez hartu du erabakia. “Nolanahi ere, malgutze horrek eskatzen digu adi eta erne egotea deskarbonizazio-prozesuetan eta emisioak murrizteko neurrien ezarpenean” gaineratu du.
Sailburuak nabarmendu du ezarritako helburuak indarrean dirautela, eta horiek “bete egin behar dira” eta horretarako, ezinbesteko bi tresna aipatu ditu: I+G+B eta teknologia.
Hona iristeko, orain arte, Euskaditik egindako ibilbidea ere azaldu du sailburuak. “Europako eskualdeetako sareetan parte hartu dugu industriaren alde. Horrez gain, autonomia-erkidegoen sarea automobilgintzaren alde mobilizatu genuen, Espainiako Gobernuari inplikazio eta errealismo industrial handiagoa eskatzeko” esan du.
Aurrerantzean nola jokatu ere azaldu du Tapiak: "Oreka konplexuak dira, Europak ezin ditu bere industria eta enplegua sakrifikatu; beraz, ibilbide-orri berri bat diseinatu beharko da, helburu berberekin baina beste denbora batzuekin, non teknologia eta berrikuntza izango diren gutxiago kutsatuko duten automobilentzako bioerregaiak lortzeko bidelagunak” esan du.
Azkenik, urte hauetan mugikortasun-estrategiarekin eta I+G programekin lotuta egindako ekintzak aipatu ditu Sailburuak, sektorera eta gizartera zuzendutako programa zehatzekin, hala nola automobilen Renove Plana eta kamioien Renove Plan aitzindaria.
Etorkizunera begira, sailburuak joan den astean adierazi zuen bezala, Eusko Jaurlaritzak estrategia oso bat indartuko du, automobilgintzan ez ezik, mugikortasunean ere, fabrikazioari, irtenbide berriei, Basquevolt, AIC eta Basque CCam-ei dagokienez.
LPSari egindako alegazioak
LPSari egindako alegazioei buruzko galderari erantzunez, sailburuak adierazi du jasotako alegazio guztiak banan-banan aztertzen ari direla.