Berriak Kultura
Eu

Kultura Sailak ikastetxeetarako kanpaina bat jarri du abian eskola kirolean joko garbia sustatzeko

2012.eko urtarrilak 20

Ikus-entzunezko zenbait material didaktiko ditu ikasleek kirol egiteko orduan errespetuari eta praktika onei buruz hausnarketa egin dezaten

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, kiroleko indarkeriaren aurkako Euskal Batzordearen laguntzarekin, ikastetxeetara zuzendutako kanpaina bat jarri du abian eta helburua kirol jarduera gazteen prestakuntza integralaren parte izatea eta kirola balore positiboetan oinarritzea da, non errespetua eta era onak nagusituko diren.  Blanca Urgell Kultura sailburuak ondokoa dio: "zoritzarrez, ditugun datuen arabera, ahaleginak egin behar ditugu kirol lehiaketetan, eskoletakoetan barne, agertzen diren indarkeriako ekintzekin amaitzeko".

Ekimen horren bidez Sailak bete egin du indarkeriaren aurkako batzordearekin egindako azken bileran gain hartutako konpromisoa eta "Kirola egitea eta kirol lehiaketetako joera bortitzak" gaiari buruzko txostenari erantzungo dio. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin du orain dela gutxi aipatutako txostena.  Azterketa horretan, inkestatuek eskola kirolaren indarkeriarekin amaitzeko egon daitezkeen zenbait konponbide proposatu dituzte: balioetan heztea (% 30), gurasoak kontzientziatzeko programak (% 30), kirolarientzako berezko programak (% 13) eta baita jokaera mota horien aurrean zigorrak areagotzea ere (% 11).

Proiektua batez ere sei eta hamasei urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta irakasleen esku zenbait ikus-entzunezko material eta liburuxka jarriko ditu, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleekin helburu pedagogikoekin lantzeko.  "Kiroltasuna jokoaren parte da" lemarekin, UPV-EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikastaro laugarren mailako sortzaile gazte batzuek diseinatu dute kanpaina hau.  Kanpaina honen bidez, eskola adineko kirola izan beharko lukeen horren ideia indartzeko moduko zenbait ikuspegi biltzen dira:  dibertsioa, jolasa, gozatzea, adiskidetasuna..., baina ahaztu gabe alderdi negatiboa ere agertzen dela:  lehiakortasun gehiegi, indarkeria, agresibitatea...

Kanpaina horretan CD bat dago eta horretan bederatzi film labur daude, euskaraz zein gazteleraz. Film labur horiek iaz aurkeztu ziren Vitoria-Gasteizen egindako "Eskola Adinean Kiroltasuna Sustatzeko eta Indarkeriari aurrea Hartzeko Nazio mailako Mintegian". Joko garbiari buruzko hausnarketara bultzatuko gaituzten zenbait egoera biltzen dituzte; tituluak oso iradokitzaileak dira, hala nola, "joko garbiaren alde", "Y tú ¿para quién juegas?", "joko garbia denon esku", "Fair play", "Oídos sordos", edo "No es la guerra, es un juego".

Gainera, "Kirolarien Dekalogoa" eta "Eskola kiroleko ikusle onen dekalogoa" ere baditu.  Lehenengoei gogorazten die, besteak beste, kirola aisia dela, entrenatzaileak eta aurkakoak errespetatu behar direla eta irabazten eta galtzen jakin behar dela.  Bigarrenei, aldiz, ahaztu ez dezaten jolasa dela, indarkeria ezin dela justifikatu, emaitza ez dela garrantzitsuena edo seme-alabentzako adibide direla adierazten die.

Materialak 700 bat Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxetara, ikasleen gurasoen elkarteen federazioetara, erakundeetara eta komunikabideetara bidali dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan