Hauteskundeak 2024
qrcode

Azpiazuk, bigarren aldiz, euskal errepideak Europako funtsen banaketan sartzeko exijitu dio Garraioko Ministroari

2023-09-26

Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk beste gutun bat bidali dio Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministro Raquel Sánchezi, eta berriz ere exijitu dio Euskadira transferi ditzala errepideen foru-sareko tunelen segurtasuna hobetu dezan, modernizatzeko eta indartzeko dagozkion Europako funtsak. Lehenengo banaketa batean Euskadiko bideak baztertuta egon ziren, errepide-sare nazionalekoak ez zirelako. Lehen gutuna jaso eta lau hilabetera, eta Estatuko Gobernuaren gelditasunaren aurrean, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak egoera hori zuzentzeko behar diren neurriak har daitezen hertsatu du.

Azpiazuk berriz ere berretsi du “ez duela ulertzen” eta “ez dagoela ados” hiru lurralde historikoetako foru-aldundien titulartasuneko eta kudeaketako errepideen foru-sareak baztertze horrekin. Ulertezintasuna eta desadostasuna. Izan ere, “Europar Batasunaren ezohiko ekimen batetik datozen funtsekin egiten ari diren edo egingo diren esku-hartzeak dira, edo, berriki egiaztatu ahal izan dugunez, autonomia-erkidego honen antzeko egoera baten aurrean, ministerioaren beraren aurrekontuen kontura egiten ari direnak, interes publikoko arrazoiak argudiatuz zuzenean emandako dirulaguntza baten bidez”.

Zehazki, Madrilera bidalitako testuan argitzen denez, Estatuko Errepide Sareko tunelen segurtasuna hobetzeko, modernizatzeko eta indartzeko Ministerioa egiten ari den inbertsioak Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren (SEEParen) 6. osagaiaren 2. inbertsioaren barruan daude (mugikortasun jasangarria, segurua eta konektatua), eta Next Generation EU ekimenaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEMaren) kargura finantzatzen ari dira. 300 milioi eurotik gorako zenbatekoa dute, eta horietatik Euskadik eta euskal herritarrek 0 euro jaso dituzte.

Horregatik guztiagatik, Azpiazuk Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren titularrari eskatu dio erabaki hori berriz azter dezala, eta hurrengo bilera baterako prest dagoela, “gai horretan (tunelen segurtasunean) aipatutako errepideen foru-sareetan ditugun beharrak eta proiektuak” azaltzeko. Era berean, Raquel Sánchez ministroari eskatu dio egoki iritzitako prozedura bidera dezala, “egoera hori guztiontzat modu egokian konpontze aldera; hori, ziur nago, guztion onerako izango baita.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan