Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskaditik igaroko diren Espainiako Vueltaren etapak aurkeztu ditu Euskadik Fitur azokan

2012.eko urtarrilak 20

Eibarko eta Barakaldoko udalerriak, Faustino V bodegekin batera, izango dira protagonistak Euskal Autonomia Erkidegotik ibiliko diren bi etapetan.

Euskaditik ibiliko diren etapak abuztuaren 20rako eta 21erako daude aurreikusita.

Iaz itzuli zen Espainiako Vuelta Euskadira hiru hamarkadaren ondoren, eta arrakasta itzela izan zuen ikustera bilduriko jendeari dagokionez. Hiru etapa haiek -Bilbon eta Gasteizen amaiera izan zutenek eta Faustino V bodegetan (Oionen, Araban) irteera izan zuenak, alegia- lorturiko arrakasta kontuan izanda, esperientzia errepikatzea erabaki du Vueltaren antolakuntzak. 2012an ere, Arabako Errioxako bodegak protagonismoa errepikatuko du, eta gainera beste bi udalerri ere izango dira protagonista Vueltak Euskadin egingo duen ibilbidean: Eibar (Gipuzkoa) eta Barakaldo (Bizkaia).

Gaur aurkeztu dituzte Vueltaren 'euskal etapak' Fiturren, Espainiako turismo-azoka garrantzitsuenean, egindako ekitaldi batean. Ifeman bildu dira Eusko Jaurlaritzaren Turismoko zuzendari Isabel Muela, Espainiako Txirrindulari Itzuliaren zuzendari nagusi Javier Guillén-ekin batera, Vueltako zuzendari tekniko Abraham Olano, Unipublic-eko zuzendari komertzial Pablo López Barajas, Eibarko alkate Miguel de los Toyos, Barakaldoko Udaleko Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Kiroletako zinegotzia eta Euskaltel-Euskadi taldeko hiru txirrindulari: Samuel Sánchez, Amets Txurruka eta Iván Velas.

Euskaditik ibiliko diren Vueltaren bi etapak abuztuaren 20an eta 21ean izango dira. Faustino V bodegek iazko esperientzia errepikatuko dute Vueltaren hirugarren etaparen irteera izateko, 2012ko edizioaren lehenengo mendi-etaparena, hain zuzen ere. 153 kilometro bete ondoren, Arrateko santutegian izango da helmuga, Eibarren, lehen mailako mendate eta lasterketa askoren helmuga mitikoan, Euskal Herriko Itzulia eta Euskal Bizikleta barne. Etaparen amaiera izango da, eta hirugarren mailako bi mendate eta bigarren mailako beste bat ere bilduko ditu.

Laugarren etapak, Euskaditik ibiliko den bigarrenak, Barakaldoko udalerrian izango du irteera eta Valdezcaray-ko eski-estazioan izango du helmuga, 155 kilometro pasatxoko ibilbidearekin; azken mendate horren hasiera nahikoa zaila da eta amaiera, aldiz, gogorra.

Zalantzarik gabe, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Txirrindulari Itzuliaren 67. edizioan Euskaditik ibiliko diren bi etapa horien alde egiten duen apustua aukera garrantzitsua da Euskadi sustatzeko, kontuan izanda Vueltak estatuan zein nazioartean duen jarraipen handia, eta gainera ikuskizun bikaina delako txirrindularitzak Euskadin dituen milaka jarraitzaileentzat.

 

Madril, 2012ko urtarrilaren 20a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan