Birikietako Minbiziaren Europako Astea
Berriak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak
qrcode

Etxebizitza Sailak gorantz eguneratuko ditu BOE etxebizitzak eskuratzeko gehieneko diru-sarrerak, inflazioak eragindako “egoera bidegabeak saihesteko”

2023-09-22
  • Arriolak azpimarratu duenez, doikuntza hori egingo ez balitz “babes sozialeko sistematik kanporatuko lirateke etxebizitza-eskatzaile asko inflazioagatik”
  • Mugak % 8,5 eguneratuko dira udazken honetan, eta urtero, urtarrilaren 1ean, KPIren arabera eguneratzeko mekanismo bat ezarriko da

 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak erosteko edo alokatzeko BOE bat eskuratu ahal izateko gehieneko diru-sarrerak eguneratuko ditu errealitate ekonomiko berrira egokitzeko. Iñaki Arriola sailburuak Eusko Jaurlaritzaren kontrolerako osoko bilkuran eman du aldaketa horren berri, eta pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorengo inflazio-testuinguruak “eragin negatiboa izan dezake eta sistematik kanpora utz ditzake ekonomia batere hobetu ez duten hainbat eta hainbat pertsona eta familia” gogoratu du. 

Etxebiden alta emanda egoteko diru-sarrerak kalkulatzeko PFEZ aitorpena erabiltzen da eta faktore zuzentzaile bat aplikatzen da bizikidetza-unitatearen ezaugarrien arabera.  Haztatutako gehieneko diru-sarrerak gainditzen badira, BOE bat eskuratzeko aukera galtzen da. Arriolak adierazi duenez, helburua da “etxebizitza-eskatzaile asko, inflazioagatik, gizarte-babesko sistematik kanpora utz ditzaketen egoera bidegabeak saihestea”. Esate baterako, gerta liteke BOE baten eskatzailearen soldataren igoera KPIren igoera baino baxuagoa izatea, eta, bere benetako erosahalmena ahuldu egin bada ere prezioak bere soldata baino gehiago igo direlako, araudian ezarritako mugak gainditzea eta babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzerik ez izatea. 

Sailburuak azaldu du indarrean dauden mugak 2011ko araudian oinarrituta daudela eta arau horretan ez dela doikuntza aipagarririk egin, azken urte hauetan gai honetan egonkortasuna nagusi izan delako. Egungo egoera kontuan hartuta, jakitera eman du eguneratze hori datozen asteotan onartuko den Etxebizitza-eskubide subjektiboari buruzko dekretuaren azken xedapenean jasoko dela. 

Arauak jasotzen duenez, dekretua onartzen den unean, salbuespenez, % 8,5eko eguneraketa egingo da. Horrela, gehieneko diru-sarreren muga 25.000 eurotik 27.125 eurora igoko da alokatzeko gizarte-babeseko etxebizitzaren kasuan, 39.000 eurotik 42.315 eurora alokatzeko edo erosteko araubide orokorreko BOE bat eskuratu nahi dutenen kasuan eta 50.000 eurotik 54.250 eurora etxebizitza tasatuen kasuan. Era berean, datozen asteotan onartzea aurreikusten den dekretuak urtero, urtarrilaren 1ean, KPIren arabera doitzeko mekanismo bat ezarriko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)
  • Iñaki Arriola López
    Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua (XII legealdia)
  • Pedro Javier Jauregui Fernández
    Etxebizitza sailburuordea (XII legealdia)
  • Mario José Yoldi Domínguez
    Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria (XII legealdia)