Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
qrcode

Arantxa Tapia sailburuak Hannoverreko EMO 2023 Azokan iragarri du 8 milioira zabalduko dela euskal industriarako makineriaren RENOVE Plana

2023-09-21
  • Makineria berrietan inbertitzeko borondatea erakutsi dute euskal enpresek, eta Eusko Jaurlaritzak 3 milioi euroan handitu du laguntza horien zuzkidura
  • RENOVE INDUSTRIA 4.0 programa itzuli beharrik gabeko dirulaguntzez osatuta dago, industria-produkzioari lotutako industriako eta zerbitzuetako enpresa txiki eta ertainei zuzenduak. Makineria edo software berria behar duten enpresentzat da, produktibitatea hobetzeko eta 4.0 Industrian kokatutako proiektuei aurre egiteko.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua Hannoverreko EMO 2023 makina-erremintaren Europako azokarik garrantzitsuenean dago gaur, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza baten buru. Bisitaren helburua da bertan dauden euskal industria-enpresei babesa ematea. Sailburuarekin batera, Mikel Amundarain Industriako sailburuordea eta Aitor Urzelai SPRI Taldeko zuzendari nagusia daude.

Euskadiko 36 industria-enpresak parte hartzen dute "Innovate Manufacturing" lelopearekin ospatzen azoka honetan. Ekitaldi hori metalak ebakitzeko eta konformatzeko makina-erremintetara bideratuta dago batez ere, baita produkzio-sistemetara, doitasuneko tresnetara, automatizaziora eta digitalizazio industrialera ere.

Testuinguru horretan, Tapia sailburuak iragarri du 8 milioi eurora arte handituko dela Renove programaren aurrekontua, hasiera batean 5 milioi eurokoa zena, 4.0 industriarako makineria eta ekipamendua berritzeko. SPRI Taldeak egiaztatu du euskal enpresek erantzun handia eman diotela programa horri, dinamismoa eta inbertitzeko borondatea erakutsi dutelako. Hori dela eta, hasierako partida handitzea erabaki da.

Programaren eskaerak egiteko epea uztailean jarri zen abian eta azaroaren 8ra arte dago zabalik. RENOVE INDUSTRIA 4.0 programaren helburua da makineria eta ekipamendu aurreratu berrietan (hardware eta software) inbertsioak sustatzea, industria-inguruneak modernizatzeko, Fabrikazio Aurreratuaren esparruan 4.0 Industriako proiektuei aurre egin ahal izan diezaieten.

Helburu horrekin, RENOVE INDUSTRIA 4.0 programak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen modalitatea hartzen du, eta 8.000.000 €-ko aurrekontua du. Programa hori industria-produkzioari lotutako industria- eta zerbitzu-enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago, makineria edo software berriak eskuratu ahal izateko, produktibitatea hobetzeko eta 4.0 Industrian kokatutako proiektuei aurre egiteko

Iruzkin bat
  • Argazkia carlos
    2023-09-24

    Arantxa el PERTE AFM de maquina de herramienta de 245 millones para cuando fue presentado a primeros de febrero del 2021???????????????

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak