
Josu Erkoreka: "Leku publikoetan arma zuriak eramateak eta erakusteak kezkatzen gaitu"
Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Radio Vitorian. Besteak beste, Realak Milango Interren aurka jokatuko duen partidarako Ertzaintzaren dispositiboaz, arma zurien erabileraren aurkako Ekintza Planaz eta ziberdelinkuentziaz hitz egin du Erkorekak.
Erkorekak ziurtatu du Ertzaintza dagoeneko lanean ari dela Donostian izango den partiduari begira hartu beharreko neurrien inguruan. "Prebentzio ikuspegiarekin diseinatzen dira dispositibo horiek guztiak; Ertzaintzak metodologia oso landua eta profesionala du neurriak eraginkorrak izan daitezen", azaldu du.
Arma zuriak eta objektu arriskutsuak erabiltzearen aurkako Ekintza Plana 2023ko otsailean onartu zen, eta sailburuak azpimarratu du plan hori aplikatzen ari direla, modu eraginkor eta positiboan, eta emaitzak ematen ari dela. Otsailetik abuztura "Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.224 arma zuri konfiskatu dituzte aurten, arma zuriak eta objektu arriskutsuak erabiltzearen aurkako Ekintza Planaren baitan", adierazi du.
Sailburuak azaldu duenez, kalean arma zuriak erabiltzeak kezka piztu du espazio publikoan modu nabariagoan gertatu direlako kasu batzuk, baina estatistikek, oro har, ez dute arma zuriekin edo objektu arriskutsu baliokideekin egindako delituen kopuruan gorakadarik erakusten.
Gaueko aisialdiari dagokionez, adierazi du Aisia eta Ikuskizunen Araudiak ezartzen duela 700 pertsonatik gorako edukiera duten establezimenduek segurtasun pribatua izan behar dutela. Erkorekak nabarmendu du araudia argia dela eta adi gaudela. "Lokalak zorrotz ikuskatzen ari gara, eta zehapenak eta isunak ezartzen ari gara joko eta ikuskizunen araua betetzen ez duten lokalei", azpimarratu du.
Azkenik, sailburuak ziberdelinkuentziari buruz ere hitz egin du. Azaldu duenez, kale iruzurra ia desagertu egin da Euskadiko delitu mapatik, eta iruzur gehienak Internet bidez egiten dira.
Euskadin salatzen diren 4 delitutik 1 delitu informatikoak dira, batez ere alderdi ekonomikoei lotutakoak, nahiz eta pertsonen aurkako delituak edota sexu-askatasunari lotutakoak gero eta gehiago diren. "Mundu digitala zabaltzen ari den esparrua da eta beharrezkoa da prebentzioan lan egitea, bereziki kolektibo zaurgarriak zaintzeko, gazteei eta adingabeei lotuta esaterako, ikastetxeekin eta familiekin batera, prebentzio-neurriak hartzeko. Digitalizazioak alderdi positibo asko ditu, baina baita aurre hartu beharreko arriskuak ere "amaitu du.