Eman odola!
Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmeten arabera aurtengo uda serie historikoak daudenetik hirugarren beroena izan da

2023-09-19
  • Tenperatura altuen errekor ugari hautsi ziren abuztuaren 18tik 24ra arteko bero-boladan
  • Era berean, prezipitazio-errekorrak ere gainditu ziren ekaineko ekaitz eta txingor-zaparradetan

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, uda meteorologikoa (ekaina, uztaila eta abuztua) serie historikoetako hirugarren beroena izan da, 2003koaren eta 2022koaren atzetik. Abuztuaren 18tik 24ra bitartean izandako bero-boladan tenperatura altuen errekor ugari hautsi ziren. Era berean, ekaineko trumoi- eta txingor-zaparradetan prezipitazio-efemerideak erregistratu ziren, bai botatako kopuruagatik bai metatutako prezipitazioagatik.

Muturreko meteorologiari dagokionez, urtaroko protagonistak ekaineko eta uztaileko ekaitzak izan ziren, bai eta abuztuko bero handiak ere. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak alarma gorria aktibatu zuen muturreko tenperatura altuengatik bi aldiz. Era berean, alerta laranja aktibatu zen 10 aldiz, guztiak abuztuan eta gehienak beroagatik, bai eta 51 abisu hori ere (gehienak ekaitzagatik eta beroagatik).

Uda meteorologikoa Euskadin oso beroa izan dela egiaztatzen dute itsasertzean batez beste erregistratu diren 20-21 ºC-ko tenperaturek eta Arabako Lautadan erregistratu diren 19 ºC-tik gorakoek, 1981-2010 aldiko batez besteko normala baino 1,6 ºC handiagoak izan baitira. Balio horren arabera, aurtengo uda erregistroak daudenetik hirugarren beroena izan da, 2003koaren eta 2022koaren atzetik.

Abuztua izan da udako hilabeterik beroena, eta hiru bero-bolada nagusi izan dira. Azpimarratzekoa da abuztuaren 18tik 24ra bitarteko beroaldia, tenperatura maximo altuenen abuztuko (Derio 43,9 ºC) eta urte osoko (Gardea 44,6 ºC; Abusu 42,4) efemeride ugari ezarri baitziren. Bestalde, Euskalmeten sarean inoiz erregistratu izan den tenperatura altuena ere erregistratu zen, zehazki Sodupe-Cadaguako estazioan, 45,6 ºC erregistratu baitziren.

Tenperatura minimoak ere oso altuak izan ziren bero-boladan, eta abuztuko (Miramon 21,9 °C) nahiz urte osoko (Matxinbenta 29,5 ºC; Páganos 25,5 ºC) errekor ugari gainditu ziren Euskalmeten sareko estazio askotan.

Aurtengo udan intsolazioa ohikoa baino baxuagoa izan da itsasertzean, eta eguzki-orduak % 9 gutxiago izan dira. Barnealdean, aldiz, balioak normalizatzen joan ziren, eta Arabako Errioxan eguzki-orduak % 10 gehiago izan dira.

Prezipitazioari dagokionez, ekaitzak toki jakinetan sortu izanaren ondorioz, udaren kalifikazioa ezberdina da lekuaren arabera. Horrela, prezipitazioari dagokionez euskal lurralde osoan uda normala edo hezea izan bada ere, Goierrin, Arabako Lautadan edo Trebiñun uda lehorra izan da, eta Gipuzkoa ipar-ekialdeko mendietan eta Gaubean, aldiz, oso bustia.

Ekaineko ekaitzek prezipitazio-errekorrak utzi zituzten, bai egun batean metatutako balio maximoari dagokionez bai ordubetean eta hamar minutuan metatutako balio maximoari dagokionez. Horrela, ordubetean botatako prezipitazio-baliorik altuena ekainaren 11n erregistratu zen Navarreteko estazioan, ordubetean 74,4 l/m² bota baitzituen, eta Euskalmeten estazio-sarean edozein urte-sasoitan inoiz erregistratu izan den bigarren baliorik altuena izan zen. Bestalde, hilaren 12an hamar minutuan botatako urteko prezipitazioaren errekorra hautsi zen Cerrojako estazioan, 10 minutuan 14,5 l/m² jaso baitzituen, eta Balmasedakoan, 10 minutuan 12 l/m² jaso baitziren.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak