qrcode

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak software libreari buruzko ‘Open Source Summit Europe’ jardunaldietan parte hartuko du

2023-09-18
  • Linux Foundation-ek antolatuta, gailurra Bilbon izango da asteartetik ostegunera bitartean, eta sektoreko adituak bilduko ditu
  • EJIEk, Eusko Jaurlaritzaren informatika elkarteak, software librean oinarritutako edukiontzien plataformei buruzko ‘Itzuli’ proiektuan erabilitako osagaiak aurkeztuko ditu

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak ‘Open Source Summit Europa’ izeneko jardunaldietan parte hartuko du egunotan. Jardunaldiek software librea dute ardatz eta mami, eta aste honetan bertan egingo dira Bilboko Euskalduna Jauregian. Linux Foundation-ek antolatutako ekitaldiak sektoreko teknikari aditu ugari bilduko ditu eragileen artean informazioa eta ezagutza partekatu asmoz.

Parte-hartzaileen artean Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko (EJIE) ordezkari bat egongo da, eta software librean oinarritutako edukiontzien plataformen gainean ‘Itzuli’ proiektuan erabilitako osagaiak aurkeztuko ditu. Hitzaldia asteazkenean izango da, eguerdiko 12:20an, eta itzultzaile neuronalaren funtzionamendurako erabilitako tresnak eta ezagunen teknikoak azaltzeko balioko du.

‘Open Source Summit’ nazioarteko erreferentea da software librearen sektorean, eta aurten Europa mailako ekitaldia Bilbora ekartzea erabaki du antolakuntzak. Jardunaldi hauetan Linux sistema eragilearekin, edukiontzien munduarekin, adimen artifizialarekin eta cloud-arekin lotutako gaiak jorratzen dira. Fundazioak egindako produktuak edozein erakundek erabil ditzake.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko