
Lanbidek eta BBK-k gaur hasiko dituzte datu-analitika eta zibersegurtasuneko bootcampak
- BBK bootcamp programaren bidez, profesionalak prestatuko dituzte eremu horietan, berehalako enplegagarritasuna duten espezialitateetan
- Ikastaro trinkoak, % 100 praktikoak eta langabezian dauden pertsonei zuzenduak, 490 orduko iraupena izango dute eta aurrez aurre emango dira BBK Kunan
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak eta BBK-k gaur hasiko dute langabezian dauden 60 pertsona datu-analitikan eta zibersegurtasunean prestatzeko programa pilotua.
Gaur goizean izan da aurkezpena eta bertan izan dira Francisco Pedraza, Lanbideko zuzendari nagusia, Nora Sarasola, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendaria, eta Iker Arce, The Bridgeko CEOa. Prestakuntza-ikastaro hauen helburua pertsona horien erabateko berregokitze profesionala erraztea da, eta lan-merkatuan sartzen laguntzea. Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkarteak (Gaia) bildutako datuen arabera, lanbide teknologikoak 20.000 lanpostu baino gehiago dira Euskadin eta, gainera, eskaria handituz doa.
Guztira lau ikastaro dira, % 100 praktikoak, 490 orduko iraupena dute eta gaurtik aurrera aurrez aurre emango dira BBK Kunan. Modalitateka banatuta daude, hamabost plazarekin bakoitzean. Bootcampak The Bridgek ematen ditu, mota honetako prestakuntzetan erreferentziazko eskola denak. Bootcampen batez besteko enplegagarritasun-tasa % 90 ingurukoa da, eta munduko onenen rankingean daude. Datorren ikasturtean ere, BBK-k beste prestakuntza batzuk eskaintzen jarraituko du eskola horrekin.
Francisco Pedraza, Lanbideko zuzendari nagusiak gogorarazi du ekimen hau Enplegu Zerbitzu Publikoak legegintzaldi honetan hainbat arlotan, bai enpleguaren sorreran, bai prestakuntzan, sustatzen dituen proiektu berritzaileen barruan kokatzen dela. Zehazki, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuaren zuzendaritzapean, bootcamp formatuko beste prestakuntza-proiektu batzuk aztertu edo esploratu ditu Lanbidek, orain BBKrekiko lankidetza honetara hedatzen direnak.
Pedrazak adierazi du Lanbide eraldaketan murgilduta dagoela, “gure gizartean, esparru guztietan, dagoen talentu guztia berreskuratzeko, eta martxan dagoen ekonomia berrirako prestatzen eta egokitzen laguntzeko”. Horren haritik, azpimarratu duenez, “bizitzen ari garen eraldaketa handiek etengabeko prestakuntza-ahalegina eta lanbide-profilen egokitzapena eskatuko dute. Eta errealitate aldakor horren aurrean, erantzun berriak eskaintzen ditugu”, programa hau, adibidez.
Bere aldetik, Nora Sarasola, BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak, zera esan du: “Ekimen honen bidez, Bizkaian talentu digitala prestatzeko eta enplegu teknologikoa bultzatzeko apustua sendotzen dugu BBKn, eta bi helburu betetzen ditugu: batetik, langabezian daudenek azkar eskuratu ahal izango dituzte kalitatezko enplegua lortzea ahalbidetuko dieten trebetasunak; bestetik, talentu digital kualifikatua, Bizkaiko enpresentzat oso beharrezkoa dena, sortzen dugu”.
Bootcampak oso intentsitate handiko programa laburrak dira, enplegura bakarrik bideratuak. Datu-analitikaren programa, bere moldakortasunagatik, edozein sektoretarako balio handiko espezialistak prestatzeko dago diseinatuta. Ikastaroan zehar, ikasleek hainbat tresna digital erabiliz datuak biltzeko, antolatzeko eta analisi prediktiboak eta bistaratzeak egiteko izan behar duten gaitasuna trebatzen da.
Zibersegurtasuneko bootcamparen ardatza, berriz, ikasleak gaitzea da zibererasoak egiteko eta simulatzeko eta ziberzaintzako zentroetan lan egiteko gauza izan daitezen. Sektore teknologikoarekin lotutako profil profesionalen eskariak etengabe egiten du gora. Gaiaren arabera, gaur egun 20.000 pertsona baino gehiagok lan egiten dute lanbide digitaletan.