Donostia Zinemaldiko sei film izango dira Agenda 2030 Euskadi Basque Country Sarirako hautagaiak
Donostia Zinemaldiaren 71. edizioko programazio ofizialeko sei film dira Agenda 2030 Euskadi Basque Country saria jasotzeko hautagaiak. Sari horrek jasangarritasunaren eta elkartasunaren balioak hobekien islatzen dituen filma aintzatetsiko du, Nazio Batuen 2030 Agendak bultzatzen dituen Garapen Jasangarrirako Helburuen enblema nagusi gisa.
Lehian ariko diren filmetako bi Sail Ofizialekoak dira: Raven Jacksonen All Dirt Roads Taste of Salt eta Kitty Greenen The Royal Hotel. Gainerako laurak, berriz, Perlak sailetik datoz: Aku wa Sonzai Shinai / Evil Does Not Exist, Ryusuke Hamaguchirena, Venezian Zilarrezko Lehoia Epaimahaiaren Sari Nagusia eta FIPRESCI saria lortu berri dituena; Io Capitano / I'm Captain, Matteo Garronek zuzendua eta zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia eta aktore gazte onenaren Marcello Mastroianni saria (Seydou Sarr) irabazi dituena; Bâtiment 5 / Les Indésirables (Los indeseables), Ladj Lyrena, eta The Zone of Interest, Jonathan Glazerrena, Cannesko zinema-jaialdiko Grand Prix saria eta FIPRESCI saria erdietsi zituena.
2030 Euskadi Basque Country Agenda Sariaren epaimahaia Greta Fernández aktore katalanak (Zilarrezko Maskorra La hija de un ladrón filmean egindako lanagatik), Loreto Mauleón euskal antzezleak (Platino bat eta Feroz bat Patrian egindako lanagatik) eta Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialeko zuzendariak osatuko dute. Hirurak gaur arratsaldean Tabakaleran gauzatutako sariaren aurkezpenean izan dira.
Saria, 20.000 eurokoa, film irabazlearen ekoizle nagusiari entregatuko zaio irailaren 28an (osteguna, 19:00etan) Tabakalerako Prisman egingo den ekitaldi batean.
Berrikuntza gisa, The Royal Hotel filmaren egile den Kitty Green zinemagile australiarraren mintzaldia izango da aurten Zinemaldiko Hizketaldietan, eta zinemaren botere eraldatzaileari buruz mintzatuko da. Hitzordua hilaren 25ean izango da, 16:30ean, Tabakalerako Z aretoan, eta gonbidapenak, doakoak, ekitaldiaren bezperatik aurrera egongo dira eskuragarri Zinemaldiaren webgunean, Zinemaldi Plaza leihatiletan eta Tabakalerako leihatiletan.
“Ezer da aldatzen ezer aldatzen ez badugu”
Jonan Fernández Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak positibotzat jo du Zinemaldia eta Eusko Jaurlaritza garapen jasangarrirako helburuen defentsan “elkarrekin aritzea” bigarren urtez jarraian. Bere ustez, Zinemaldiaren tokiko eta nazioarteko etorkizuna dela-eta, esparru hori “bereziki egokia da Euskadi Basque Country 2030 Agendak ordezkatzen duen horren pedagogia egiteko”.
“Helburu nagusiak honako hauek dira: pobreziari hobeki aurre egitea eta oparotasuna partekatzea; berdintasunaren alde ekarpen handiagoa egitea eta diskriminazioa saihestea; hondakinak murriztea, energia gutxiago kontsumitzea eta gehiago birziklatzea. Izan ere, ezer ez da aldatzen guk ezer aldatzen ez badugu”, gogorarazi du Fernándezek.
Bestalde, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak adierazi duenez, “Zinemaldiak ezin du 2030eko Agendaren erronka globaletatik kanpo egon”. “Horregatik, mundu eta bizitza jasangarriagoak izatearen aldeko konpromiso horri atxikitzen gatzaizkio eta, horretarako, gure jasangarritasun-planean jasotako neurriak ezartzen ari gara; duela hiru urte hasi genuen proiektua, eta datozen bost urteotan karbono-neutraltasunera iristea du helburu”, adierazi du.
2030 Agenda
2030 Agenda Nazio Batuen Erakundeak 2015ean lortutako akordio bat da. 2030erako ikuspegi bera duten 193 herrialderen konpromisoa da: mundu eta bizitza iraunkorra; eta lehentasun bera: pobrezia desagerraraztea. Mundu osoan lerrokatzen ditu erakunde publikoen, erakunde pribatuen eta gizarte-eragileen politikak, 17 helburu, 169 jomuga eta ebaluazio-adierazle ezarrita, mundu bidezkoago, ekologikoago, oparoago eta baketsuago baterako.
Bost konpromiso handik laburbiltzen dute edukia: (I) Desberdintasuna geldiaraztea, inklusioa sustatzea eta pobreziarekin amaitzea; (II) klima-aldaketa iraultzea eta trantsizio ekologiko-energetikoa bultzatzea; (III) osasuna, hezkuntza edo aurrerapen digitala indartzea eta sarbidea unibertsalizatzea; (IV) enpresa, lana eta enplegua duintasunaren, oparotasunaren eta jasangarritasunaren balio partekatuak bihurtzea; eta (V) mundu osoan bakea, bizikidetza eta giza eskubideen errespetua sendotzea.
2030 Agendak, gobernuak, foru aldundiak edo udalak ez ezik, enpresak, unibertsitateak, erakundeak eta gizarte-eragileak eta pertsonak ere inplikatzen ditu. Euskal erakundeen konpromisoa da, eraldaketarako eta elkartasunerako agenda global eta tokiko honi lehentasun osoa ematen diotena.
Eusko Jaurlaritzak, zehazki, 2030 Agenda eta bere helburuak Euskadin aurrerapenerako eta berdintasunerako kontratu soziala izatea proposatzen du. Proposamen hori eta legegintzaldiko plana 2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programan jasota daude, zeina Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2021eko ekainaren 29an.