Berriak Lehendakaritza
qrcode

Errioxa Jatorri Deiturako Araba Errioxako ardoen esportazioetan 2,4 milioi euro gehiago fakturatu dira 2023ko lehen seihilekoan

2023-09-17
  • Idoia Mendia, Arantxa Tapia, Nerea Melgosa eta Javier Hurtado sailburuekin batera, Lehendakariak Arabako Errioxako Mahats-bilketaren Jaian parte hartu du, Navaridasen, goiz osoan zehar
  • Eusko Jaurlaritzak sektoreari emandako laguntza indartu du Sustapen Plan indartsuari esker, eta nabarmentzekoa da nazioarteko azoka garrantzitsuenetan duen presentzia
  • 2023ko lehen seihilekoan Errioxa JDK ardoen Arabako esportazioetan 78,6 milioi euro baino gehiago lortu dira. Batez besteko prezioak igotzen jarraitzen du eta litroko 7,18 eurora iritsi da (+ % 7,1).
  • Bolumenaren jaitsiera ere gelditu da: % 3,7koa izan da eta 11 milioi litrotik apur bat jaitsi da. Hala ere, horrek ez du esan nahi onurak areagotu direnik; izan ere, kostuak asko igotzen ari dira.
  • Arabatik esportatzen diren Errioxa JDK ardoak munduko 87 merkatutara iritsi dira. Estatu Batuetan dago lehen balore‑merkatua eta Erresuma Batuan joera hobetu da.

Navaridasen egin zen Arabako Errioxako Mahats Bilketaren XXVIII. festako ekitaldien baitan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozekin batera, urteko lehen sei hilabeteetako Arabako Errioxako ardoen esportazioei buruzko datuak eman ditu, eta sektorearekin batera egindako sustapen-jarduerak laburbildu ditu.

Tapiak adierazi duenez, “Araban Errioxa jatorri-deitura kalifikatuko ardoen esportazioaren balioa % 3,2 igo da 2023ko lehen seihilekoan, eta 78,6 milioi euro baino gehiago lortu ditu. 2022an aldi berdinean lortutakoa baino 2,4 milioi euro gehiago dira; izan ere, batez besteko prezioa igotzen ari da eta egun 7,18 eurokoa da litroko (+ % 7,1). Dena den, 2022ko itxierarekin alderatuta, igoera moteldu da”.

 “Bolumenaren jaitsiera ere moteldu da: % 3,7 izan da eta 11 milioi litrotik apur bat jaitsi da. Fakturazioaren igoerak ez dakar halabeharrez onurak ere areagotzea, batez ere kostuen gorakada handia dugun aldian", adierazi du Arantxa Tapia sailburuak.

Ardo zuri, beltz eta gorriek bolumenean izan duten jaitsiera moteldu da eta horien balioak igotzen jarraitzen du

Kolorearen araberako eboluzioak oso antzeko balioa izan du: beltz eta gorriak % 3,2 igo dira, 74 milioi euro lortu arte; zuria, aldiz, % 3,3 igo da, 4,6 milioi euro arte. Dena den, ardo beltzaren eta gorriaren bolumena % 4 jaitsi da, 10,2 milioi litrora; zuria, ordea, % 1,1 igo da, 790.000 litrora. Biak prezioz igo diren arren, igoera handiagoa izan da beltzaren eta gorriaren kasuan, 7,29 €/litrora igo baita. Zuriaren prezioa, aldiz, 5,81 € izan da (+ % 2,3). Hala ere, azken hori 2022an asko garestitu zen.

“Funtsean, prezioak igo dira, neurri batean azkenaldiko inflazioaren ondorioz eta nazioartean merkatuan bizi den ziurgabetasun handiaren ondorioz, baina baita euskal esportazioen balio erantsia hobetzeko apustua egiten duen estrategiagatik ere”, nabarmendu du Tapia sailburuak.

Estatu Batuetan dago lehen balore-merkatua. Erresuma Batuaren joera hobetu da

Arabak Errioxa JDK ardoa esportatu du munduko 87 merkatutara 2023ko lehen seihilekoan; Erresuma Batua eta Estatu Batuak izan dira helmuga nagusiak eta Georgia eta Birjina uharteak azkenak bolumen eta balioan, hurrenez hurren.

Estatu Batuena lehen balore-merkatua izan da; izan ere, % 16,7 hazi da, 14 milioi euro arte, hau da, 2022an lortutako antzeko kopurua. Erresuma Batuan egindako salmenten fakturazioa ere % 1,1 hazi da lehen seihilekoan, 11,4 milioi euro arte, 2022an nabarmen jaitsi ondoren. Bigarren merkatua izaten jarraitzen du, nahiz eta bolumenari dagokionez lehen postuan egon, 2,1 milioi litrorekin (-% 10,2). Horren atzetik Estatu Batuak daude, 1,7 milioi eurorekin (- % 3,8). Bietan prezioa igo den arren, gorakada handiagoa izan da Estatu Batuetan (8,36 euro/litro) Erresuma Batuan (5,33 euro/litro) baino.

Suitza da hirugarren merkatua eta hor ere prezioa igo zen 8,32 €/litrora, eta, ondorioz, bolumena % 14 erori zen. Dena den, balioa soilik % 1 jaitsi da. Azpimarratu behar da Belgikara, azken merkatura, egindako esportazioak igo direla. Gainera, ardoa beste herrialde batzuetan ere banatzen du, eta dagoeneko laugarren helmuga bihurtu da

bolumenean (+ % 78) eta seigarrena balioan (+ % 25). Alemaniara egindako esportazioak erori dira, eta, neurri txikiagoan, baita Kanadara egindakoak ere.

Ezohiko laguntzak eta kanpoko sustapenerako 23-24 jarduerak

Munduko inflazio handiak, Errusiak Ukraina inbaditzean areagotuta, horniduren eta materialen krisia eragin du urte hasieran, bai eta energia eta erregaien prezio handiaren igoera ere, eta sektorearen lehiakortasuna mantentzeko xedez eta Arabako mahastizaintzako enpresen errentagarritasuneko galera arintzen laguntzeko, Eusko Jaurlaritzak berriki 8 milioi euroko laguntzak eman ditu destilaziorako, eta horri 7,3 milioi euroko ezohiko neurriak eta uzta berdeari emandako laguntzak (PASVE) gehitu behar zaizkio.

Aldi berean, 2023-2024 aldirako, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, HAZIk zuzendutako ARDOA Basque Wine Office bulegoaren bidez, Elikagai Industria Sustatzeko Plan zabala sortu du azoketan Euskadi Basque Country markaren bidez batera parte hartzeko.

Hortaz, 2023ko lehen seihilekoan lau azokatan egon da (Barcelona Wine Week, Prowein Dusserdolf, Fenavin Ciudad Real eta Gourmets Madrid) eta 90 upategi inguruk hartu dute parte.

2024 urteari dagokionez, apustu hori indartuko da Sustapen Plan indartsu baten bidez, eta nabarmentzekoa da honako azoka hauetan egongo dela: Barcelona Wine Week, Gourmets, Wine Paris, Prowein Dusserdolf eta ProWein Singapore.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak