Bularreko minbiziaren aurkako Munduko Eguna
Berriak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak
qrcode

Garraio Sailak MovEuskadi aplikazioa jarri du abian, garraio publikoaren erabilerarako bide emango duten ibilbideak denbora errealean sortzeko

2023-09-18
  • Tresna horri esker, ibilbide azkarrena, ekonomikoena eta gustukoen legez markatutako garraiobidea erabiltzen duena aukeratu ahalko dira
  • Eragileen datuak bost minutuan behin eguneratzen dira, mugikortasun-zerbitzuen egoera errealera egokitutako ibilbideak eskaintzeko

 

EAEk, gaurtik aurrera, telefono mugikorretarako eta weberako bertsioko aplikazio berri bat du; aplikazio berri horrek erabiltzailea haren beharretara ondoen egokitzen diren eta ardatz nagusi gisa garraio publikoa duten ibilbideak denbora errealean bilatzeko lanean gidatzen du. Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak, gaur, MovEuskadi zerbitzu publiko berria aurkeztu du. Aurkezpen-ekitaldian honako hau nabarmendu du: “tresna bizia da; pertsonak eta haiek mugitzeko dituzten beharrak ditu ardatz nagusi. Denbora errealeko informazioa baliatzen du, eta, hala, garraio publikoa aukera eroso eta erakargarri bilakatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan mugitzeko; hala, gure lurraldearen jasangarritasuna eta mugikortasunaren irisgarritasuna sustatzen dira”.  

MovEuskadik aukera ematen dio erabiltzaileari nahiago duen ibilbide-mota hautatzeko: azkarrena, ekonomikoena, oinez egiteko tarteak jasotzen dituena edo lehentasunez hautatzen den garraio publikoa kontuan hartzen duena –edukiera gehiagokoa ala gutxiagokoa, mugikortasun urriko pertsonentzat irisgarria dena, etab.–. Hautaketa egin ondoren, app-ak gida bat ematen du, urratsez urrats, pantailan irakur daitekeena; hurrengo geltokian jaitsi behar dela ere adierazten du, eta jarraian erabiliko den garraiobidearen kokapen erreala ere adierazten du. Era berean, hiriko eta hiriarteko garraio-eragile publikoen inguruko oharren eta albisteen beste atal batzuk ere jasotzen ditu, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa.

Aplikazioak aukera ematen du hura anonimo gisa edo erregistratu gisa erabiltzeko. Azken profil horrek, mapa eta ibilbideen planifikatzailea kontsultatzeko eta oharrak jasotzeko bide emateaz gainera, beste funtzionaltasun batzuetarako bide ere ematen du, besteak beste: ibilbideak gordetzea, kokapenak –esaterako, leku bat ‘etxe’ gisa finkatzeko aukera, une bakoitzean zenbait lekutatik etxera bueltatzeko ibilbide azkarrenak kontsultatzeko– eta geltoki gustukoenak gordetzea. Planifikatzaileak aukera ematen du bilaketa egiten den unerako ibilbide bat zehazteko eta etorkizuneko datak hautatzeko. Era berean, beste pertsona batekin aukeratutako ibilbide bat partekatzeko eta ibilbidearen gehieneko kostu ekonomikoa ezagutzeko aukera ematen du.

 “MovEuskadi EAEko garraio-arloko entitate eskudun guztiekin eta erabiltzaileekin berekin elkarlanean garatu da; erabiltzaileek, oharren bidez, sistema egokitzen eta hobetzen lagundu dezakete”, esan du Arriolak.

Sailburuak gogorarazi du garapen hori Next Generation EU funtsekin sustatu dela, gobernu zentralaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez.

MovEuskadiri esker, jauzi bat eman da big datarekin eta geolokalizazioarekin zerikusia duten aurrerapen teknologikoek dakartzaten aukeren bidez, eta, hala, 2012. urteaz geroztik dagoen web-orria bilakarazi du; lehengo orriak ez zuen aukerarik ematen erabiltzailea gidatzeko, bost minutuan behin informazioa eguneratzen duen denbora errealeko bidaia-planifikatzaile baterako, eta orain garraio publikoko ibilgailuen kokapena identifikatzeko aukera ematen du. Aplikazioak mugikortasunaren kontzeptua zerbitzu edo MaaS gisa (ingeleseko siglak), zerbitzuen eta garraiobideen integrazioa eta sarbidea eguneratutako informaziora jotzeko bide bakar gisa jasotzen ditu.

Aplikazioak erakusten du, esate baterako, zer autobus geratzen diren autonomia-erkidegoko hiri edo herri bateko geltoki zehatz batean eta noiz irteten diren hurrengoak puntu horretatik. Eragileen arteko datu-gurutzaketa horiek guztiak posible dira EAEko garraio-arloko erakunde eskudunen arteko akordio bati esker, EAEko Garraio Agintaritzaren elkarreragingarritasuneko ponentziaren barruan, Eusko Jaurlaritzak hura posible izateko hitzarmenak sinatu baititu. Sistema osoak open dataren parametroak jarraitzen ditu; beraz, haien datuak edozein pertsona edo erakunde interesatuk erabil dezake. Aplikazioak, guztira, autonomia-erkidegoan 8.348 geltokitan, guztira, banatzen diren bederatzi garraiobideren datuak batzen ditu.

Era berean, mapak interesguneak jasotzen ditu –162 ospitale eta osasun-zentro, 843 botika, 63 komisaria, 85 hondartza eta parke natural, ekonomiari lotutako 17 espazio, hala nola parke teknologikoak edo biltzar-jauregiak, 74 kultura-gune, 251 administrazio publiko, hiru aireportu, 100 turismo-bulego edo 347 gasolindegi–, eta haiek hauta daitezke, erabiltzailea dagoen lekutik ibilbide onena zein den zehazteko. Guztira 1.945 interesgune eta 99 turismo-baliabide dira. Aplikazioak etorkizunean funtzionaltasun eta zerbitzu eskuragarri berriak sartuko ditu, besteak beste, taxi-zerbitzuak, erabilera partekatuko bizikleten udal-zerbitzuak eta parkingen zerbitzuak denbora errealean –une honetan, geltokien kokapenak kontsulta daitezke–.

Aplikazioa dagoeneko deskargatzeko moduan dago Android edo iOs-en terminaletan. Aplikazioak aukera ematen du, gainera, erabiltzailearekin harreman zuzena izateko; izan ere, gorabeheren berri eman dezake edo bestelako oharrak egin ditzake eta haiek dagokion garraio publikoaren eragileari helaraziko zaizkio.

Honako hauek atxiki zaizkio MovEuskadiri:

Hiriko autobusa

BilboBus, Tuvisa, Dbus, Sopelbus, Kbus, Udalbus, irunbus, Xorrola, Hernaniko hiribusa, Errenteriako Urbanoa, Arrasate, Muittu Manttangorri, EtxeBarriBus, Zarauzko hiribusa, Erandio!busa, Lejoan busa, Bermibusa, Oñati

 

Hiriarteko autobusa

BizkaiBus, AlavaBus, Lurraldebus, La Unión

 

Trena

Euskotren*Renfe datozen asteotan atxikiko zaio

 

Tranbia

Euskotran Vitoria-Gasteiz eta Bilbo

 

Metroa

Metro Bilbao

 

Funikularra

Artxandako funikularra, Larreinetako funikularra

 

Zubi esekia

Zubi Esekia

 

 

Beste batzuk

MovEuskadik taxi-geltokien, hiriko igogailuen eta aldirietako aparkalekuen kokapenari buruzko informazioa ematen du, bai eta dBizi eta BilbaoBizi bizikletak alokatzeko guneei buruzkoa ere

 

Informazio guztia hemen: http://www.moveuskadi.euskadi.eus

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)