Berriak Segurtasuna
qrcode

Josu Erkorekari elkarrizketa Euskadi Irratian

2023-09-15

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua elkarrizketatu dute gaur goizean Euskadi Irratian Politika Orokorreko Osoko Bilkuraren biharamunean. Bertan jorratutako hainbat gai izan ditu hizpide Erkorekak, besteak beste, Autogobernua eta Osakidetza, baita Ertzaintzako sindikatuekin egingo den bilera ere.

Atzoko saioan Lehendakariak Autogobernuaren harira zehaztutako hiru ardatzak aipatu zituen: Gernikako Estatutua osorik betetzea; Autogobernu-estatus berriaren proiektua garatzea; eta Estatuaren izaera plurinazionalaren esanahia eta irismena garatuko duen Konbentzio Konstituzionalaren deialdia egitea. Azken honi lotuta, Erkorekak adierazi du Konbentzio Konstituzionalaren gaia mahai gainean jarritako proposamena dela, “badago errealitate anitza, nazioen ikuspuntutik, eta horri erantzun bat eman behar zaio eta islada bat izan behar du konstituzioan bertan, errealitate horretatik datozen ondorio guztiak aurreikusiz eta Lehendakariak esaten duena da, garai egokia izan litekeela gai horri eusteko, gogoeta martxan jartzeko”

Osakidetzari dagokionez, Erkorekak azpimarratu du biztanleko inbertsiorik handiena eta indartsuena hemen, Euskadin, egiten dela beste autonomia erkidegoekin alderatuta. “Azken urteetan aurrekontuaren igoera nabarmena izan da eta teknologien eta inbertsioak egitearen aldeko apustua egin da”.

Sindikatuekin bilera

3 sindikatuek sailburuari eskatutako bileraren harira, Erkorekak esan du beti bideratu izan dituela elkarrizketak jada gai horiek lantzeko eratuta dagoen mahaira. “Oraingoan lan baldintzez hitz egiteko ez ezik, kalean poliziak oro har galdu duen errespetuaz hitz egiteko eskatu didate batzarra, egoera horri erantzun bat eman ahal izateko eta kezka hori partekatzeko asmoz. Baiezkoa eman nien duela astebete, baina jada deituta zuten gaurko mobilizazioa eta nik ez dut hori baldintzatu nahi izan, ondoren zehaztuko dugu non eta noiz batzartuko garen”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)