Lehendakariak hasiera eman dio Lanbide Heziketako 2023-2024 ikasturterari
- Euskadiko Lanbide Heziketak 49.000 ikasle baino gehiagorekin ekin dio ikasturte berriari. Lehen mailako ikasleen artean igoera %9,1ekoa da
- Erdi eta goi mailako zikloetako ikasleen %40,3k modalitate dualean egingo ditu ikasketak
- Ikasturte honetan 265 irakasle gehiago izango dira sare publikoko ikastetxeetan
Iñigo Urkullu lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Donostiako Easo Politeknikoa Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua bisitatu du gaur goizean, Lanbide Heziketan 2023-2024 ikasturte akademikoari hasiera emanez era honetan. Lehendakariarekin eta sailburuarekin batera, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok ere parte hartu du bisitan.
Donostiako Amara auzoan kokatuta, Easo Politeknikoa LHII-k 1.600 ikasle pasatxo ditu bere geletan, eta 200 irakasle inguru arduratzen dira horien prestakuntzaz. Bi espezializazio-ikastaroz gain, Easo Politeknikoaren prestakuntza-eskaintza 24 heziketa-ziklok osatzen dute (erdi-mailakoak zein goi-mailako mailakoak), honako lanbide-arlo hauetakoak, besteak beste: Mekanika, Zura eta altzarigintza, Eraikuntza eta obra zibila, Elektrizitatea eta elektronika, Merkataritza eta marketina, Jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak edo Zerbitzu soziokulturalak eta komunitatearentzako zerbitzuak. Halaber, etengabeko prestakuntzako ikastaroak ematen ditu, langileei eta langabeei zuzendutakoak. Mende bat baino gehiagoko historia izanik Gipuzkoako hiriburuan (1879an sortu zen), Easo Politeknikoak Lanbide Heziketarako erreferentziazko zentroetako bat izaten jarraitzen du Donostialdean, gizarteak zein enpresek eskatzen duten puntako eta kalitatezko prestakuntza eskainiz.
49.000 ikasle baino gehiago
Euskadiko Lanbide Heziketak, 2023-2024 ikasturtean, 49.200 ikasle inguru izango ditu matrikulatuta (matrikulazioa amaitzean, urriaren 13an, izango denaren estimazioa), aurreko ikasturtean baino % 5,3 gehiago. Baina lehen maiako ikasleei erreparatzen badiegu, igoera hori %9,1era artekoa da. Hala ere, begirada gehiago zabalduz gero eta zortzi ikasturte atzera eginda, EAEko Lanbide Heziketaren bilakaerak %30,1eko hazkundea erakusten du matrikuletan, 2015-2016 ikasturtetik hona.
Lanbide Heziketa Dualari dagokionez, ikasturte berri honetan ikasleen %40,3k (bai Erdi Mailako zikloetako ikasleek, bai Goi Mailakoek) burutuko dute beren prestakuntza modalitate horretan, ikastetxean jasotako prestakuntza enpresakoarekin uztartuz. Horretarako, 8.247 enpresa inplikatuko dira Euskadiko Lanbide Heziketarekin.
Gorago aipaturiko 49.000 ikasle horietatik, %65 gizonak dira eta %35 emakumeak. Esparruen arabera, emakumezko ikasleen presentzia handiena esparru zientifikoan ikusten da, batez ere osasunaren eta soziosanitarioaren sektoreko zikloetan, ikasleen %77,8 emakumeak baitira. Teknologia-arloan, nesken portzentajea %29,7koa da, eta industria arloko zikloetan, berriz, %12koa. Azken sektore horretan, emakumeen presentzia %34,6 hazi da azken 5 urteotan. Azkenik, lehen sektorea (Nekazaritza eta Itsas-Arrantza) ere aipagarria da, ziklo horietan emakumeen presentzia %16,3ra iritsi baita ikasturte honetan.
Hizkuntza-ereduei dagokienez, ikasleen %52,7k euskara aukeratu dute (B eta D ereduak), aurreko ikasturtean baino %7,3 gehiagok. D ereduan, igoera handiagoa izan da, %15,7koa izan baita (aurreko ikasturtearekin alderatuta).
Matrikula kopuruak gora egiteak irakasleak ere ugaritzea dakar. 2023-2024 ikasturte honetan, EAEko Lanbide Heziketak iaz baino 265 irakasle gehiago izango ditu sare publikoko ikastetxeetan.
Moduluen Eskaintza Malgua
Joan den ikasturtean abian jartzen hasi ondoren, 2023-2024 honetan beste bultzada bat emango zaio Moduluen Eskaintza Malguari, aurrerapauso bat eginez eskaintza partzial deitu izan zaion horretan. Zikloetako edo espezializazio-ikastaroetako ohiko prestakuntza jasotzen duten ikasleez gain (ikasturte akademiko osorako matrikulaturik), ikasle batzuek modu zatikatuagoan egiten dituzte ikasketa horiek, moduluka edo are unitate txikiagoetan zatituta (unitate bakoitzari “ikaskuntzaren emaitza” esaten zaio). Funtsean, langileak edo langabeak dira, eta beren kualifikazio-maila hobetu nahi dute lanean jarraitzen duten bitartean; izan gaitasunak egiaztatzeko, izan Lanbide Heziketako titulazio bat eskuratzeko.
Moduluen Eskaintza Malguak aukera ematen die ikasle horiei beren prestakuntza-ibilbidea diseinatzeko, eta titulua edo ziurtagiria lortzeko erabiliko duten denbora erabakitzeko (gehieneko denbora-mugarik gabe). Eskaintza hau hiru aukera edo gradutan antolatzen da:
- A gradua: ikasleek modulu baten zatiak soilik hartuta ikas dezakete (“ikaskuntzaren emaitzak” soilik hartuta). Gaitasunaren egiaztapen partziala eskuratuko du horrela.
- B gradua: ikasleak Lanbide Heziketako titulu baten modulu oso bat ikasten du. Amaitzean, gaitasun-ziurtagiria lortzen du.
- C gradua: titulu bateko edo hainbat titulutako modulu batzuek osatzen dute. Bide honetatik, ziurtagiri profesional bat eskuratzen du ikasleak.
Moduluen Eskaintza Malguaren bidez ikasleek ikasten eta gainditzen duten guztia metatuz doa, titulu bat lortzeko bidean, eta denbora-mugarik gabe.
Lanbide Heziketa ikasteko aukerak malgutzearekin batera, herritarrek ikas ditzaketen titulazioen eskaintza ere zabalduz doa. Aurten, Euskadiko Lanbide Heziketak heziketa-ziklo berriak gehitu ditu bere titulazio-katalogoan: ikasturte berriarekin batera 11 titulazio berri hasi dira ematen (Oinarrizko Graduko 3 ziklo berri; Erdi Mailako 3 ziklo berri; eta Goi Mailako 5 ziklo berri). Espezializazio-ikastaroen kopuruak ere gora egin du, 7 ikastaro berri ematen hasita.
Eraldaketa digitala
Lanbide Heziketaren aldeko apustuak irmoa izaten jarraitzen du, eta horrek isla nabarmena du abian dagoen eraldaketa digitalean. Ikasturte berri honetan, 145 espazio adimendun digitalizatu jarriko dira martxan ikastetxeetan. Horietan, ikasleek beren ikaskuntza-prozesua teknologia digital aurreratuenekin garatu dezakete. Irakaskuntzari aplikatutako ingurune digitalizatuak dira espazio horiek, hala nola gela interaktibo adimendunak, murgiltze-guneak, zibersegurtasun-gelak edo etxebizitza adimendunen instalazioak, Lanbide Heziketako berrogeita hamar bat ikastetxetan kokatuak.
Lanbide Heziketa – Unibertsitatea zubiak
Lanbide Heziketaren aldeko apustu hori agerian geratzen da, halaber, Lanbide Heziketaren eta unibertsitatearen arteko pasabideen programa gero eta zabalagoarekin. Euskal unibertsitateekin lankidetzan, Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketa-Unbertsitatea pasabideak sustatzen ditu. Zubi hauen bidez, goi-mailako prestakuntza-ziklo bat egin duten ikasleei kreditu kopuru jakin bat aitortzen zaie unibertsitatean, hautatutako unibertsitate-graduak egindako Lanbide Heziketako zikloarekin duen antzekotasunaren arabera.
Euskadiko Lanbide Heziketak eta euskal unibertsitateek haien arteko lotura-bideak indartu dituzte eta, 2023-2024 ikasturte honetan, Lanbide Heziketaren eta unibertsitate-graduen arteko konbinazioa sustatzen jarraitzen da, lan-merkatuak eskatzen duen profesionaltasuna eta talentua lortzeko. Euskadiko Lanbide Heziketako goi-mailako 75 heziketa-ziklok unibertsitateko 59 gradutarako lotura-bideak eskaintzen dituzte ikasturte honetan. Guztira, Lanbide Heziketako zikloen eta unibertsitate-graduen arteko 264 pasabide daude. Lotura-bide (edo zubi) horiek unibertsitate-kredituak aitortzen dituzte, 3 kreditutik 66 kreditura bitartean. Goi-mailako ziklo askok unibertsitate-gradu baterako baino gehiagorako pasabidea eskaintzen dute.
Horrekin guztiarekin, Euskadiko Lanbide Heziketak –Europako Batzordearen politikak diseinatzeko Europako erreferentea denak – honako argazki hau eskaintzen du gaur egun:
- Lanbide Heziketaren enplegagarritasuna Euskadin, batez beste, %89koa da, eta heziketa-ziklo askok enpleguaren %100 lortzen dute.
- Ekintzailetza sustatzea: joan den ikasturtean kultura ekintzailea 20.343 ikaslerekin landu da, eta 70 enpresa sortu dira, ikastetxeek beren ikasleekin bultzatuta. Azken 15 urteetan 1.193 enpresa sortu dira, eta horietatik 893k jardunean jarraitzen dute.
- Lanbide Heziketako ikastetxeek berrikuntza aplikatua sustatzen dute, bai produktuetan, bai produkzio-prozesuetan, 400 enpresa baino gehiagorekin, batez ere ETEak eta mikroenpresak. Azken 5 urteetan 2.000 enpresa baino gehiagorekin egin da lan, berrikuntza aplikatuko 1.100 proiektu garatuz.
- Euskal Lanbide Heziketa 81 herrialderekin dago harremanean, hainbat proiektu garatuz, eta nazioarteko 12 saretan lankidetzan ari da.