Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak

Brasilgo Gobernuak Donostialdeko metroaren proiektuaren aldeko interesa erakutsi du

2012.eko urtarrilak 18

Salvador da Bahíako Gobernuaren eta Prefekturaren ordezkaritzak Loiola-Herrera zatiko lanak eta Oiartzungo geltoki berria bisitatu dituzte

Brasilgo Errepublika Federaleko Gobernuaren ordezkaritza batek, Donostialdeko Metroa izango denaren Loiola-Herrera zatiaren eraikuntza lanak eta Oiartzungo eta Fanderiako geltoki berriak bisitatu ditu gaur goizean. Ordezkaritzari, Brasilgo Hirien Ministroa, Mario Mendes Negromonte, gehituko zaio bihar. Ernesto Gascok, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuordeak, Patxi López Lehendakaria buru duen Jaurlaritzak bultzaturiko proiektuaren ezaugarriak azaldu dizkie Brasilgo Gobernuko eta Salvador da Bahiako Udaleko ordezkariei.Proiektuak, amaituta dagoenean, Gipuzkoako biztanleen ehuneko 65ari zerbitzua emango dio.

Gascok eta ETS-ko eta EuskoTreneko arduradun nagusiek César Gimenok eta Javier Cruzek, hurrenez hurren, Brasilgo ordezkaritza jaso dute Donostiako Amarako geltokian. Ondoren, Herreraraino joan dira, auzo horri eta Intxaurrondokoari metroko geltoki berriak eta modernoak emango dizkieten obrak ikusteko. Aurreikuspenen arabera, geltoki horiek datorren udazkenean hasiko dira zerbitzua eskaintzen. Oiartzunen eta Fanderian tokian bertan egiaztatu ahal izan dute proiektuaren azken emaitza. Horrela, lan horiek trenaren ikuspegitik, kalitatezko garraio zerbitzu publiko gisa, duten alderdiez gain, Oiartzungo kasuan, lan horiei esker, orain arte trenbideak banaturik zituen bi hirigune elkartu ahal izan dira.

Horrela, Oiartzungo Udalarekin sinaturiko hitzarmenari esker, Arragua auzoko bi aldeak elkartu ahal izan dira, eta ingurune guztia berriztatu egin da, automobilak aparkatzeko toki zabala duen parkea eraikiz, oinezkoentzako prestatu diren ibilbideak eta hiritar guztiei zuzenduriko aisialdirako guneak ahaztu gabe. Donostialdeko Metroa, aipatutakoa bezalako jarduketen bitartez, pertsona guztien higikortasuna erraztea eta bizitza kalitatea hobetzea bilatzen duen proiektu jasangarria da, eta horretarako, garraiobide seguruak, modernoak eta irisgarriak eskaintzen ditu.

Bihar, ostegunean, Brasilgo erakundeen ordezkaritzak Bilboko tranbia eta metroa ezagutuko ditu, eta Euskadiko enpresariekin  elkartuko da Idom ingeniaritza enpresaren egoitzan. Ostiralean Patxi López Lehendakariak hartuko ditu, eta Arriola Sailburuarekin, Brasilerako tranbia garraio sistemetarako elkarlan teknikorako akordioa sinatuko dute, eta ondoren Gasteizko alkateak, Javier Marotok, hartuko ditu; Arabako hiriburuko tranbia bisitatuko dute eta jardunaldiari amaiera emateko, CAF enpresak Beasainen dituen instalazioak bisitatuko dituzte.

Euskadin egingo duten egonaldian, Brasilgo erakundeen ordezkaritzako kideek, Eusko Jaurlaritzak tren garraioaren (metroa, tranbia, trena eta abiadura handiko trena) alde egin duen eta egiten duen apustu sendoa egiaztatu ahal izango dute, hori baita hiritarrei mugikortasun segurua, kalitatezkoa, eraginkorra eta irisgarria eskaintzeko modurik hoberena. Halaber, Euskadiko enpresa publikoek zein pribatuek edozein trenbide sare diseinatzeko, eraikitzeko eta ustiatzeko duten gaitasuna egiaztatu ahal izango dute. Izan ere, Euskadiko eta Brasilgo administrazioak elkarlanean ari dira jada alor horretan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak