Larrialdi batean, badakizu nori deitu?
Berriak Hezkuntza
qrcode

Euskadiko Lanbide Heziketak urrea lortu du 2023ko Euroskills txapelketan

2023-09-12
  • Euskadiko Lanbide Heziketak lehen postua lortu du “CAD Diseinu Mekanikoa” modalitatean, ikasleei zuzenduriko EuroSkills 2023 lehiaketan

Euskadiko Lanbide Heziketak urrezko domina lortu du 2023ko Euroskills txapelketan. "Lanbide Heziketako olinpiadak" izenez ezagutzen den lehiaketa Polonian egin da, Europako 32 herrialdetako ikasleen parte-hartzearekin. Garikoitz Mujika Gutierrez Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxeko ikaslea nabarmendu da "CAD Diseinu Mekanikoa" modalitatean, lehen postuan geratuta. Belgikako eta Portugalgo ikasleek jarraitu diote podiumean modalitate honetan.

Euskadiko ikasleen partaidetza Adrián Arellano Tolosaldea LHII-ko ikasleak eta Emma Vélez García Ciudad Jardin LHII-koak (Vitoria-Gasteiz) osatu dute, "Sare Sistemen Administrazioa" modalitatean lehiatuta.

Euroskills 2023 Poloniako Gdansk hirian ospatu da irailaren 5etik 9ra bitartean. Europako Lanbide Heziketaren arloan trebetasunen bikaintasunaren inguruko ekitaldirik handiena da, bi urtean behin egiten dena. WorldSkills Europe erakundeak antolatzen du, 32 herrialde kiderekin batera, eta ikasten ari diren Lanbide Heziketako zikloarekin lotutako trebetasun edo diziplinan Europako onenak izan nahi duten ehunka gazte biltzen ditu.

Poloniako Euroskills hitzordura iristeko, baina, ikasle hauek urrea lortu behar izan dute aldez aurretik EuskoSkills-en ere eta, ondoren, SpainSkills-en. Europa mailan oso gazte gutxik lortzen dute horraino iristea. Irunen eta Madrilen egindako lehiaketetan lortutako bi urreen ondoren, euskal ordezkariek ez diote entrenatzeari utzi, irakasleen erabateko inplikazioarekin eta dedikazioarekin.

Euskadin ere Lanbide Heziketa sustatzea

Euskadiren EuroSkills-eko parte-hartzeak Hezkuntza Sailak antolatutako Euskoskills txapelketan du abiapuntua. Joan den maiatzean Irunen ospatu zen lehiaketan, parte hartu zuten ikasleek beren trebetasunak eta gaitasunak erakutsi behar izan zituzten, egun eta erdian zehar hainbat proba eginez. Euskadiko Lanbide Heziketako 48 ikastetxetako 250 ikasle elkartu ziren Ficoban (Irun) bi egunez egin zen ekitaldian, eta "Lanbide Heziketako Olinpiadetako" 28 modalitatetan lehiatu ziren.

Ekimen honen helburu nagusia da, txapelketen bidez, jabetzea gaitasunek eta konpetentzia-maila handiek funtsezko ekarpena egiten dutela arrakasta profesionala lortzeko eta nork bere burua garatzeko. Era berean, EuskoSkills txapelketa aukera paregabea da Lanbide Heziketaren eta bere lanbide-arloen aniztasuna euskal gizartean sustatzeko. “Lanbide Heziketako olinpiada” hauetan parte hartzea, halaber, motibazio berezia da ikasleentzat ere, eta bilgune egoki bihurtzen da Euskadiko beste ikastetxe batzuetako ikasleekin elkarbizitzeko eta harremanak estutzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)