Hauteskundeak 2024
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Lehendakariak Japoniara bidaia egingo du ordezkaritza zabal batekin

2023-09-12
  • Bidaia datorren hilean egingo da Euskadi Basque Country marka Japoniako herrialdean ezagutarazteko eta bi aldeko harremanak areagotzeko helburuarekin.
  • Era berean, Basque Week bat antolatu da Toshima hirian euskal nortasuna, kultura, kirolak eta tradizionalak ezagutarazteko, bai eta turismoa eta gastronomia erakartzeko ere.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera. Tapiak gaurko Gobernu Kontseiluan jorratutako hainbat dirulaguntzen berri eman du. 

Bestalde, bozeramaileak Lehendakariak Japoniara egingo duen bidai ofizialaren xehetasunak azaldu ditu. 

Bidaia datorren hilean egingo da, eta Euskadi-Japonia 2023 urteko jarduera-programaren barruan kokatzen da. Programa horren helburua da Euskadi Basque Country marka Japoniako herrialdean ezagutaraztea eta bi aldeko harremanak areagotzea.

Programaren barruan, topaketa instituzionalak eta sektoreko beste topaketa batzuk egingo dira: Lehendakaria, Arantxa Tapia sailburuarekin batera, Business Leader Summitera joango da, energiaren, eolikoaren eta hidrogenoaren sektoreko euskal enpresen proiektu arrakastatsuak bertatik bertara ezagutzeko. Eta Javier Hurtado sailburuarekin batera, Euskadiko turismo-operadoreak bilduko dituen Turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jardunaldian parte hartuko du.

Guztira, 40 euskal enpresa joango dira Japoniara bidaia ofizial honetan.

Azkenik, Basque Week bat antolatu da Toshima hirian (Tokyo Metropolitanoko erdigunean dago), eta bi gune izango ditu euskal nortasuna, kultura, kirolak eta tradizionalak ezagutarazteko, bai eta turismoa eta gastronomia erakartzeko ere.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Azkenik eta ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu: 

Hezkuntza alorrari lotuta, gaurko bileran onartu da 500.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea Euskampus Fundazioari, LTC-Sarea ekimena garatu dezan, hau da, Lankidetzarako Mugaz Gaindiko Laborategien Sarea. Laborategi hauek bikaintasuneko ikerketa nazioartekotzen duten ekimenak dira, eta berrikuntza sustatzen dute ikerketatik abiatuta. 2015az geroztik abian dagoen mugaz bi aldetako ekimen hau Bordeleko Unibertsitatearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean garatzen da eta bazkide estrategikoak  ditu Tecnalia, Donostia International Phisic Center eta IdEx Bordeaux. Lan dinamika honek esparru instituzional egonkorra bermatzen du Euskal Herriko eta Bordeleko ikerketa-taldeek elkarrekin lan egin dezaten.

Gaurko bileran, baita ere, Eusko Jaurlaritzak euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpenerako partida 800.000 eurotan handitzea erabaki da.  

Hasierako deialdia, aurtengo apirilean onartua, 2,4 milioi eurokoa zen, baina 800.000 euro gehiago jartzea erabaki da. Kopuru hori euskarazko ikus-entzunezko proiektuetara ere bideratuko da, datozen egunetan Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuarekin (ICAA) sinatuko den hitzarmen baten ondorioz, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontuaren ekarpenarekin. Beraz, aurtengo ikus-entzunezko proiektuetarako laguntzen zenbatekoa 3,2 milioi eurokoa izango da guztira.

Prentsa txostena

Gai zerrenda

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak