qrcode

Eusko Jaurlaritzak 4,5 milioi eurorekin finantzatuko du euskara ikasteko doakotasuna 2023-2024 ikasturtean

2023-09-11
  • Gaur egun B2 mailara arteko matrikulazioa doakoa da, baita C1 maila egiaztatzen duten 16-30 urte arteko gazteena ere, beti ere maila gaindituz gero.
  • Aurtengo ikasturtean, berrikuntza bezala, lerro berri bat jarri da martxan 16 eta 18 urte arteko gazteek, doan, C1 komunikagarritasun maila hobetu ahal izateko ikastaroa doan izan dezaten
  • Bestalde, 170.000 eurorekin finantzatuko dira 39 udal euskaltegi arbel digitalak eros ditzaten

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak 2023-2024 ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina aurkeztu du gaur Vitoria-Gasteizko Udaberria  euskaltegian. “Euskara Ikastea gero eta errazagoa” leloarekin abiatu da matrikulazio kanpaina eta dagoeneko interesa duen edonork eman dezake izena. Aurtengo kanpainaren helburua herritarrak euskaltegian izena ematera animatzea da, bereziki inoiz euskaltegiratu ez direnak edo nahi duten komunikagaitasun-mailara iritsi ez direnak. Horretarako “Euskara ikastea gero eta errazagoa” dela gogorarazi du Zupiria sailburuak eta Eusko Jaurlaritzak matrikulazioaren doakotasuna sustatzen jarraituko duela azpimarratu du.

Vitoria-Gasteizen egin den aurkezpenean Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, Udaberria euskaltegiko zuzendari Rakel Larrazabal, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundietako eta Bilboko udaleko ordezkariak, UEMAkoak eta euskaltegietako ordezkari eta ikasleak egon dira.

Bingen Zupiria sailburuak gaurko agerraldian adierazi duenez “euskaltegiek gero eta eskaintza malguagoa dute” eta Eusko Jaurlaritzak matrikulazioaren doakotasunaren alde lanean jarraitzen du. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 3,7 milioi euro bideratzen ditu doakotasun hori sustatzera. Gaur egun B2 mailara arteko matrikulazioa doakoa da, baita C1 maila egiaztatzen duten 16-30 urte arteko gazteena ere, beti ere, eskatzen diren baldintzak bete eta maila gaindituz gero.

Bestalde, berrikuntza bezala, aurten lerro berri bat jarri da martxan. 16 eta 18 urte arteko gazteek, doan, C1 komunikagarritasun maila hobetu ahal izango dute ikastaroak ia doakoak izango dituztelarik, horretarako azterketa-proba egiteko beharrizan gabe. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaieran gazteek beraien euskarazko komunikazioaren ezagutza maila handitzea eta sendotzea da helburua goi-mailako prestakuntza profesionala edo unibertsitatekoa hasteko edo lan merkatuan euskarazko komunikazio maila egokiarekin sartzeko. Ikastaro hauek ia doakoak izango dira, ikasleek 20 euroko matrikula baino ez dute ordaindu beharko.  Eusko Jaurlaritzak 850.000 euro bideratuko ditu ikasturte berri honetan programa honetara.

Aurten gainera, urrian hasiko den ikasturte berrian ikasleek zailtasun ekonomikorik izan ez dezaten, maila lortu duten ikasle gehienei irailera aurreratuko zaie dirulaguntza. Orain arte 5.324 ikasle dira dirulaguntza eskatu dutenak, abuztura arteko lehen eskabide-epe honetan. Beste epealdi berri bat irekita dago oraintxe azaroaren 6ra arte luzatuko dena dirulaguntza horiek eskatzeko. Zupiriak herritarrak euskaltegira hurbiltzera animatu ditu “euskara ikasteak merezi duelako, bide eta munduaren ikuspegi berriak irekiko dituelako”, gaineratu duenez, “bide gero eta errazagoa” eskainiz.

Irakasleen baldintzak

2022-2023 ikasturtean hasita Eusko Jaurlaritzak euskaltegi pribatuetako eta euskararen autoirakaskuntzarako zentro homologatuentako irakasleen lan baldintzak hobetzen jarraituko du ikasturte honetan ere. Izan ere, 2020-2024 legealdirako Gobernu Programak jasotzen duen konpromiso batek honela dio: “helduen euskalduntze-sistemaren finantzazioa indartzea eta handitzea, irakasleen lan-baldintzak hobetzeko euskaltegien finantzaziorako ohiko deialdien bidez”. Iaz hasi zen Kultura eta Hizkuntza Politika saila irakasleen baldintzak hobetzen eta 2024-2025 ikasturtera bitartean 90 milioi eurotik gorako inbertsioa dago aurreikusita. Helburua euskaltegi pribatuetako irakasleen lan-baldintzak hobetzea eta udal euskaltegietako irakasleekin dagoen aldea gutxitzea da.  Honela zehazten da inbertsioa:

  • 2022-2023 ikasturtean 29.410.000 euro
  • 2023-2024 ikasturtean 31.652.000 euro
  • 2024-2025 ikasturtean 33.893.000 euro

Hobekuntza honek 64 zentrotako (58 euskaltegi pribatu eta 6 autoikaskuntza zentro homologatu) 23.707 ikasleri eta 1.005 irakasleri eragiten die. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak azpimarratu duenez, “euskaltegien eskaintza sendotzen eta indartzen laguntzen duen neurri bat da eta horrek eragin zuzena du ikasleengan”.

Eusko Jaurlaritzak udal euskaltegietako finantziazioari ere eusten dio eta aurreko urtean bezala 12.760.000 euro bideratuko dira EAEn dauden 39 udal euskaltegietara.

Aurtengo inbertsioen artean azpimarratzekoa da besteak beste, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 170.000 euro bideratuko dituela 39 udal euskaltegitan arbel digitalak erosteko. Arbel digitalak eta horien euskarriak urrutiko irakaskuntza birtualerako, bilera birtualetarako, bideo-konferentzietarako edo dokumentuak partekatzeko erabiltzen dira, besteak beste.

Euskaltegietako ikasleak

2022-23 ikasturtean 31.688 ikasle egon dira EAEko euskaltegietan izena emanda. Gehienak, %64,37 emakumezkoak dira eta ikasleen bataz besteko adina 37 urtekoa da. Ikasle gehienek, 10.701 pertsonek, C1 maila gainditzeko eman zuten izena eta 8.647 lagunek  B2 maila gainditzeko.

Euskaltegi pribatuak ugariagoak dira, 64 euskaltegi pribatu eta 39 udal euskaltegi, beraz, ikasle kopuru handienak, 23.707 lagunek, pribatuen alde egin. Ikasleen %75,75-ak eskola presentzialen alde egin zuen, %3,28-ek erdi presentzialaren alde eta %20,97-ak autoikaskuntza aukeratu zuen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak