Zeinu hizkuntzaren eguna
Berriak Hezkuntza
qrcode

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Euskadi Irratiko Faktoria saioan

2023-09-08
  • Hezkuntza Saila eskola-garraiorik gabe dauden familiei zuzenduriko laguntza deialdi bat prestatzen ari dela aurreratu du Bildarratzek, egoera horrek sor diezazkiekeen gastuak konpentsatzeko

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Euskadi Irratiko Faktoria saioan izan da gaur goizean elkarrizketatua. Irailaren hasieran egonik, atzo bertan hasi zen ikasturte berriak, etorkizuneko Hezkuntza Legeak eta eskola-garraioak hartu dute solasaldiaren zatirik handiena.

Eskola-garraioaz, Jokin Bildarratzek esan du, orohar, hiru lurraldeak aintzat hartuta, batez beste sare publikoan garraiatuak izaten diren ikasleen erdia ingururi eragin ziola atzo zenbait enpresak planto egin eta zerbitzua ez emateko hartutako erabakiak, 7.400 ikasle ingururi Euskadi guztian. Horregatik, familiei zuzendu zaie batetik, esanez Hezkuntza Sailak ulertzen duela “bizi izaten ari diren egoera zaila”, eta enpresei bestetik, beren jarrera berriro pentsatu dezatela eskatuz. Aurreko horrekin loturik, Bildarratzek iragarri du Hezkuntza Saila Agindu berri bat prestatzen ari dela berariaz, familiei diru-laguntza edo konpentsazio batzuk eman ahal izateko, egoera honegatik izan ditzaketen gastuak berdindu ahal izateko.

Arazoa zergatik sortu den Araban eta Bizkaian, baina ez Gipuzkoan, galdetu diotelarik, hori enpresek beraiek azaldu beharko luketela iritzi dio Hezkuntza sailburuak, kontratazio-eskaintzako baldintzak berberak izan baitira hiru lurraldeetan. Bildarratzek azaldu du lizitazio prozesuan ohartu zela Hezkuntza Saila hutsik geldituko zirela Arabako eta Bizkaiko hainbat ibilbide, eta hori ikusirik, enpresei aukera eskaini zitzaiela iazko ikasturteko baldintza berberetan zerbitzua eskaintzen jarraitzeko. Gogorarazi du, bide batez, dagoeneko iazko irailean %24,1-eko igoera onartu zitzaiela baldintza ekonomikoetan, eta % 6,9koa aurreragoko ikasturtean (2021-2022), beraz %31ko igoera bi urtetan.

Garraioaren gai honekin loturik, nabarmendu du Lehiaren Euskal Agintaritzak dagoeneko helarazi diela zenbait enpresari espedientea ireki izanaren jakinarazpena, baina gehitu du,  orain Hezkuntza Sailaren  lehentasuna zerbitzua ematea dela, eta egoera konpontzea “zuzenbidearen barruan”. Enpresek jaso ditzaketen ondorioez galdeturik, sailburuak azaldu du gaia “zerbitzu juridikoen esku” dagoela, eta “zuzenbidea eta administrazioak dauzkan bideak martxan” jarriko direla.

Gehitu du Legebiltzarraren aurrean “gustura” agertuko dela, Sailak gai honetan “hasieratik bukaerara” egin dituen izapidetza guztiak azaltzeko, eta “hainbat baieztapen egin ahal izateko” zein datu dauden azaltzeko.

Baliabide gehiago

2023-2024 ikasturte berria “ilusioz” hasi dela egiaztatu ahal izan zuen Bildarratzek, Lehendakariarekin batera Leioako Txomin Aresti ikastetxera atzo egin zuen bisitan. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan ikasle kopuruak beheraka jarraitzen duen arren, azpimarratu du baliabideak (irakasle eta profesional kopurua) nabarmen igo dela ikasturte berri honetan, atzoko ekitaldian Lehendakariak berak ere azaldu zuen moduan. Eta irakasleen ordezkapenei buruz, berriz, datu esanguratsu bat eman du: aste honetako astelehenetik (irailak 4) asteazkenera (irailak 6) bitartean, 1.400 ordezkapen bete ditu Hezkuntza Sailak, irailean bertan sorturiko baja edo bestelako egoerei erantzun emanez.

Haurreskolak Partzuergoko haur-eskoletan ere ikasturtea hasi berri dela, zerbitzu honen doakotasuna da aurten berritasun nagusia. Honen inguruan azaldu du, Partzuergoko haur-eskolek  8.700 plaza pasatxo eskaintzen dituztela aurten orotara, eta horietatik 4.800 plaza inguru daudela une honetan beteta. Plaza eskuratzeko zailtasunak hiri handietako zenbait haur-eskolatan gertatzen direla batez ere nabarmendu du, eta horregatik, aurreratu du, aurreikusita dagoela bai Bilbon eta bai Donostian 400 plaza inguru gehiago izatea datorren urtean, bertako udalekin lankidetzan. “Beharrak sortu ahala, jarriko ditugu baliabideak”, esan du.

Legebiltzarrean eztabaidan den Hezkuntza Lege-proiektuaz galdeturik, berretsi du legealdi honetan onartuko dela lege hori. Legebiltzar taldeak “lan sakon bat” egiten ari direla deritzo, “leialtasun osoz”, eta legea aurrera ateratzeko borondatea badagoela azpimarratu du Hezkuntza Sailburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak