Berritzaile izatea izaera kontua da, ez tamaina kontua
- BRTA aliantzak berrikuntza EAEko enpresa txiki eta ertainetara (ETE) hurbiltzeko ekimen bat martxan jarri berri du
- BRTA aliantzako 17 zentroek baliabide guztiak jarriko dituzte lehiakorragoak egiteko berrikuntzaren aldeko apustua egin nahi duten ETEn eskura
BRTA (Basque Research & Technology Alliance) aliantzak berrikuntza EAEko enpresa txiki eta ertainetara hurbiltzeko ekimen bat aurkeztu du gaur, ostirala, Donostiako Parke Zientifiko Teknologikoan. Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendari nagusiak, Garbiñe Manterola Agirrezabalaga, BRTAko Transferentzia arduradunak, Soraya Romo BCARE enpresako zuzendari nagusiak eta Jon Lasa BRANKA enpresako gerenteak parte hartu dute aurkezpenean.
Rikardo Bueno BRTA aliantzako zuzendari nagusiak eman dio hasiera ekitaldiari. Jarraian, Garbiñe Manterola BRTAko Transferentzia arduradunak hartu du hitza eta ekimenaren edo kanpainaren helburuak eta nondik norakoak azaldu ditu. “Enpresa batek lehiakorra izan nahi badu, berritu beharra du. Gehienetan, berrikuntza-prozesu hori ez da bakarrik egiteko ibilbide bat, bidelagunak ezinbestekoak dira; zorionez, BRTA aliantzak bidelagun izan daitezkeen 17 zentro ditu esku-eskura. Horregatik, kanpaina honen bitartez bidelagun horiek hobeto ezagutzen, identifikatzen eta bidelagun horiekin lan egiteko moduak erakusten saiatuko gara”, adierazi du Garbiñe Manterolak.
“BRTA aliantza osatzen duten 17 zentroak hasiera-hasieratik izan dira euskal ETE askoren bidelagun, beraien produktuak eta prozesuak berritzen lagundu baitie. Hori dela eta, ekimen honen bitartez, mezu hori Euskadiko ETE guztietara zabaldu nahi dugu, berrikuntzaren aldeko apusturako bidea erraztuz”, azpimarratu du BRTAko Transferentzia arduradunak. Izan ere, “berritzaile izatea izaera kontua da, ez da tamaina kontua. Izaerak egiten zaituela handi sinetsita gaude”, gehitu du.
Ondoren, berrikuntzaren zurrunbiloan dagoeneko sartuta dauden zenbait enpresa txiki eta ertainen esperientziak ezagutu ditugu bertan lanean diharduten pertsonen eskutik. Esperientzia horiek berritzen hasi nahi duten enpresa horiek inspirazio-iturri izan daitezen.
Soraya Romo, BCARE enpresako —energia sektoreko arabar enpresa— zuzendari nagusia da. “Gure helburua da energia biltegiratzeko irtenbide onenak eskaintzea bezeroei, eta gainera, teknologia hori garatzen laguntzea”, dio Soraya Romok. Horretarako, “BRTAko zentroekin harreman estua dugu eta lankidetza horri esker oso berritzailea den produktu bat merkaturatu dugu. Beraz, nik uste dut enpresa guztiek, tamaina edozein dela ere, Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako Euskal Sareko zentroekin lan egin beharko luketela produktu berritzaileak garatzeko, enpresa moduan hazteko eta zientziaren zein ikerketaren alorreko puntako adituekin lan egiteko; oro har, gizarteak aurrera egiteko, alegia”, adierazi du Soraya Romok.
Jon Lasa, berriz, BRANKA enpresako gerentea da. 2015ean sortutako oinarri teknologikoko enpresa txiki bat da BRANKA. “Berrikuntza beti izan da gure estrategiaren oinarrizko gako bat. Berrikuntzaren aldeko apustua egin dugu hasiera-hasieratik, eta uste dugu horri esker gaudela gaur egun gauden tokian. Beraz, berrikuntza beharrezkoa dela esango nieke zalantzan dauden enpresa horiei”, dio Jon Lasa BRANKAko gerenteak. Gainera, “BRTAko zentroekin lan egiteak ate asko ireki dizkigu bai merkatuaren eta bai posizionamenduaren aldetik”, gehitu du.
Rikardo Bueno BRTAko zuzendari nagusiak itxi du aurkezpena eta azpimarratu du “ezinbestekoa dela uztartzea administrazio publikoa, ikerkuntza eta teknologia eta sarea osatzen duten enpresak —bereziki, enpresa txiki eta ertainak—sare industrial berritzaile, lehiakor eta sendo bat osatzeko”.
BRTA
2019an sortu zen Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantza eta berau osatzen duten zentroen helburua da ikerkuntzan eta teknologian oinarritutako ezagutza transferitzea euskal industriari eta enpresei, betiere lurraldearen ekonomia indartzeko helburuarekin. 4 ikerketa-zentro kooperatibok eta 13 zentro teknologikok osatzen dute aliantza: CIC bioGUNE, CIC nanoGUNE, CIC biomaGUNE, CIC energiGUNE, Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Leartiker, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicomtech.