Berriak Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak
qrcode

Europako Batzordeak Desgaitasunaren Europako Txartela eta Aparkatzeko Europako Txartela proposatu ditu, Batasun osoan baliozkoak

2023-09-06

 

Brusela/Vitoria-Gasteiz, 2023 09 06

Europako Batzordeak legegintza-proposamen bat aurkeztu du gaur, desgaitasuna duten pertsonen zirkulazio askerako eskubidea gauzatzea erraztuko duena.  Baldintza bereziak, lehentasunezko tratua eta aparkatzeko eskubideak baldintza berdinetan izatea bermatuko diete beste estatu kide bat bisitatzen dutenean. Batzordearen proposamenak Desgaitasunaren Europako Txartel normalizatu bat sartzen du, eta desgaitasuna duten pertsonentzako egungo Aparkatzeko Europako Txartela hobetzen du. Bi txartel horiek Batasun osoan aitortuko dira.

Eusko Jaurlaritzak Desgaitasunaren Europako Txartela sortzen parte hartu du, hainbat ekarpenekin. Joan den otsailean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak iradoki zuen, Bruselak irekitako kontsultan, Europar Batasuneko erregelamendu bat behar zela, desgaitasun “ikusezinei” eta biktima diren neska eta emakumeei arreta emateko.

Desgaitasunaren Europako Txartela

Gaur egun, pertsona bati atzerrian desgaitasun-izaera aitortzen ez zaionean, ezin ditu baldintza bereziak eta lehentasunezko tratua lortu beste estatu kide batzuk bisitatzean, hala nola, doakotasuna eta lehentasuna, tarifa murriztuak edo laguntza pertsonala.  Gai horri heltzeko, Batzordeak Desgaitasunaren Europako Txartel normalizatua sortzea proposatu du.

Desgaitasunaren Europako Txartelak desgaitasunaren proba aitortu gisa balioko du EB osoan, eta bermatuko du baldintza bereziak eta lehentasunezko tratua izatea zerbitzu publiko eta pribatuetan, hala nola, garraioan, kultura-ekitaldietan, museoetan, kiroldegietan, aisialdi-zentroetan eta jolas-parkeetan. Agintari nazional eskudunek emango dute, eta dauden txartel edo ziurtagiri nazionalak osatuko ditu.

Aparkatzeko Europako Txartela hobetzea

Desgaitasuna duten pertsona askorentzat, autoz egindako garraio pribatuak autonomia bermatzen du, eta independentziaz bidaiatzeko eta mugitzeko modurik onena edo bakarra izaten jarraitzen du. Egungo Aparkatzeko Europako Txartelean proposatutako hobekuntzek beste estatu kide batean eskuragarri dauden aparkatzeko eskubide berberak izateko aukera emango die desgaitasuna duten pertsonei.  Formatu komun loteslea izango du eta desgaitasuna duten pertsonentzako aparkatzeko txartel nazionalak ordezkatuko ditu, eta EB osoan aitortuko da.

Txartelen eskuragarritasuna bermatzea

Txartela erabiltzea errazteko eta karga administratiboa murrizteko, proposatutako Zuzentarauak honako hau eskatuko die estatu kideei:  txartela bertsio fisikoan nahiz digitalean ematea; txartelak formatu irisgarrietan emateko edo kentzeko baldintzak eta arauak jendearen eskura jartzea; eta nolabait ere ziurtatzea zerbitzu-hornitzaileek desgaitasuna duten pertsonentzako baldintza bereziei eta lehentasunezko tratuari buruzko informazioa formatu irisgarrietan eskainiko dutela.

Betetzen dela ziurtatzeko, estatu kideek zaindu behar dute desgaitasuna duten pertsonek, horiek ordezkatzen dituzten erakundeek eta dagozkien erakunde publikoek, behar izanez gero, neurriak har ditzaketela estatuko legeriaren arabera.  Zuzentaraua estatuko Zuzenbidean onartu ondoren, estatu kideei isunak jartzeko eta, arau-hausterik gertatuz gero, neurri zuzentzaileak ezartzeko eskatzen zaie.

Hurrengo etapak

Batzordearen proposamena Europako Parlamentuan eta Kontseiluan eztabaidatuko da orain. Proposamenak aurreikusten du, onartu ondoren, estatu kideek hemezortzi hilabete izango dituztela Zuzentarauko xedapenak estatuko legerian txertatzeko.

Desgaitasuna duten pertsonentzako Desgaitasunaren Europako Txartela eta Aparkatzeko Europako Txartela ezartzen dituen Zuzentarau-proposamena Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko EBren 2021-2030erako estrategian iragarri zen. Proposamena lagungarria izango da EBk desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa (CPDP) ezartzeko. Konbentzio horren parte dira EB eta estatu kide guztiak. CDPDk hainbat betebehar ditu, estatu kideek desgaitasuna duten pertsonek zirkulazio-askatasunerako dituzten eskubideak aitortu ditzaten gainerakoen baldintza berberetan. Era berean, estatu kideei eskatzen die neurri eraginkorrak har ditzatela desgaitasuna duten pertsonen mugikortasun pertsonala bermatzeko, ahalik eta independentziarik handienarekin, eta, bereziki, mugikortasun pertsonal eskuragarria errazteko, pertsona horiek aukeratzen duten moduan eta unean. Gainera, proposamena bat dator gizarte-eskubideen Europako oinarriko desgaitasuna duten pertsonen inklusioaren eta aukera-berdintasunaren printzipioekin.

Ekimena 2016 eta 2018 artean Belgikan, Zipren, Estonian, Finlandian, Italian, Maltan, Errumanian eta Eslovenian egindako Desgaitasunaren Europako Txartelaren proiektu pilotuaren emaitzetan oinarritzen da. Gainera, duela gutxi egindako kontsulta publiko baten bidez eskuratutako ezagutzak biltzen ditu. Kontsulta horrek 3 300 erantzun baino gehiago jaso zituen, eta horietatik % 78 desgaitasunen bat zuten pertsonenak ziren.

Euskadiren ekarpena

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ideia batzuk eman zituen otsailean Europako Batzordeak urte honen amaierarako aurreikusitako Desgaitasunaren Europako Txartela sortzeko. Bruselak egindako kontsulta-fasean, Nerea Melgosa sailburuak adierazi zuen “dokumentu berriak aukera asko emango dizkie Europar Batasuneko eskualdeetako eta estatu kideetako desgaitasuna duten pertsonei”. Txartel horrek desgaitasun-egoera elkarri aitortzeko aukera emango die EBko herrialdeetako txartelen titularrei.

Prozesuan, arlo horretan interesa duten estatuetako, eskualdeetako eta tokiko agintarien eta erakundeen ia 300 ekarpen eta proposamen bildu dira, bai eta desgaitasuna duten pertsonekin lotura duten pertsonek (senideek, lagunek, enplegatzaileak, eta beste hainbatek) egindakoak ere. Europako Batzordeak bermatzen du Desgaitasunaren Europako Txartelaren proposamenak eta eraginaren ebaluazioak interes publiko orokorra islatuko duela Batasun osoan.

“Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko 2021-2030 estrategiak ekimen hau bultzatzen du orain”, adierazi du Nerea Melgosak. “Datozen hilabeteotan, Parlamentuak eta Kontseiluak txartela behin betiko sortzea onartuko dute, Batasuneko estatu guztiek onar dezaten. Kulturan, aisialdian, kirolean eta garraioan oinarritutako proiektu pilotuarekin lortutako esperientzian oinarrituko da, eta zerbitzu sorta zabalago bati aplikatuko zaio”.

Beste instituzio eta erakunde batzuek bezala, Eusko Jaurlaritzak ere hainbat ideia eman ditu kontsultan, “eta kontuan izan beharko lirateke. Batez ere, Desgaitasunaren Europako Txartelari buruzko legedi berriarekin estatu edo eskualde autonomo bakoitzean ezarpenean ezberdintasunak saihestea. Txartelak informazio-euskarri argia eta eskuragarria ere izan behar du, eta datu irekiak izan behar ditu, datuen errespetua eta babesa bermatuta”.

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, “EBko sektore eta zerbitzu publiko guztiei aplikatu behar zaie txartela, aisialdiaz, kulturaz, turismoaz eta garraioaz haratago, osasuna, enplegua eta hezkuntza barne. Desgaitasuna duen pertsona bat aldi baterako edo iraunkorki beste estatu kide batera lekualdatu bada bere jatorrizko agiriekin, desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako gizarte- eta osasun-zerbitzuetako sarbidea emango du”.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Bruselari proposatu zion “Desgaitasunaren Europako Txartela, ikusezinak diren desgaitasunak dituzten pertsonentzat, tresna bat izatea zerbitzuetarako sarbidea errazteko, haien desgaitasunaren xehetasunak agerian jarri gabe. Horri dagokionez, funtsezko funtzioa izango du, Europako Osasun Txartelarekin batera, sistema medikoaren barruan, ospitaleari edo zentroari informazioa emateko; adibidez, alderdi medikoarekin zerikusirik ez duen adimen-urritasun bat jakinaraztea. Laguntza eta zerbitzu gehigarriak eskatzeko erabil daiteke”.

Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordearen kontsultari egindako iradokizunen artean, honako hau adierazi zen: “desgaitasuna duten neskek eta emakumeek arrisku handiagoa dute isolatuta egoteko edo ikusezintasuna jasateko, eta zaurgarriagoak dira abusuen eta indarkeria-egoeren aurrean. Alde horretatik, lehentasunezko arreta izan beharko dute etorkizuneko txartelaren barruan”.

Informazio gehiago

Desgaitasuna duten pertsonentzat Desgaitasunaren Europako Txartela eta  Aparkatzeko Europako Txartela ezartzen dituen Zuzentarau-proposamena

Desgaitasuna duten pertsonentzat Desgaitasunaren Europako Txartela eta Aparkatzeko Europako Txartela ezartzen dituen Zuzentarau-proposamena (irakurketa errazeko bertsioa)

 

 

3 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2023-09-07

    Aurrerapausoa da, Batasunaren mugetan diskriminazio edo tratu desegokirik ez gertatzea, gauza bategatik edo besteagatik nahi ez den gertaera batean arriskuan jartzen badira.

  • Argazkia Xaver
    2023-09-07

    Es un avance, no se produzcan discriminaciones o tratos inadecuados en las fronteras de la Unión personas por una u otra cosa se vean comprometidas en un suceso indeseado.

  • 2023-09-06

    Buena noticia

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)