Euskaraldia
Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
qrcode

Brasil eta Euskadiko gobernuek Brasilerako garraio-sistemen arloan lankidetzan jarduteko akordio bat sinatuko dute aste honetan

2012-01-17

Lankidetza teknikorako akordio hau Lehendakariak 2010eko martxoan Brasilera egindako bidaiari esker lortu da.

ostiralean sinatuko dute Vitoria-Gasteizen Mário Negromonte Brasilgo Hirietako ministroak Iñaki Arriola Garraioetako sailburuak.

Datorren ostiralean, urtarrilak 20, Brasilgo Hirietako ministro Mário Negromontek eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu  Iñaki Arriolak,  -Patxi López Lehendakaria  eta Luiz Carlos Bueno de Lima Brasilgo Hirietako Ministerioko Hiri Mugikortasuneko eta Garraioko Nazio Idazkaria lekuko dituztela-, Brasilen tren arinen gisako garraio-sistemak jartzeko lankidetza teknikorako akordio bat sinatuko dute, Brasilgo Errepublika Federalaren eta Eusko Jaurlaritzaren izenean.

Gainera, datozen egunotan, bai Mário Negromonte Hirietako ministroak,  bai  Joâo Henrique de Barradas Carneiro Salvador de Bahiako prefeitoak, Euskal Herrira egingo duten bisitan, trenbide- eta tranbia-zerbitzuak ezagutzeko aukera izango dute (Bilboko metroa, EuskoTren eta EuskoTran), bai eta Gipuzkoan ETSk egindako azpiegitura-obrak ere. Bide batez, Danobat (Bergara) eta CAF (Beasain) lantegiak ere bisitatuko dituzte, eta  Bilbon garraio, ingeniaritza eta trenbideen arloko hainbat euskal enpresetako zuzendariekin antolatuko den topaketa batean parte hartuko dute.

Hainbat egun luzatuko den bisita horretan,  Vitoria-Gasteizek 2012ko Green Capital izatea nola lortu duen azalduko zaio Brasilgo ordezkaritzari. Vitoria-Gasteizen Javier Maroto alkateak berak hartuko ditu ordezkaritzako kideak, eta hiriko tranbiaren instalazioak erakutsiko dizkiete, mugikortasun iraunkorreko eredua garraio-sistema horretan oinarritu baitute.

Brasilgo proiektuak 

Brasilgo Gobernu Federalak, Brasilgo estatu-gobernu askok eta zenbait udalek, datozen urteetan hiri eta metropolietan trenbide- eta tranbia-zerbitzuak jartzeko asmoa daukate.

Proiektu horietariko asko burutzeko arrazoi nagusia, urte gutxi batzuk barru egingo diren bi kirol-ekitaldi garrantzitsuak dira: futboleko mundu mailako txapelketa eta joko olinpikoak.

Bestetik, Brasilgo erakundeak lanean dihardute hirietako mugikortasun-beharrei erantzuteko, eta martxan dituzten zenbait garraio-sistema birmoldatu eta modernizatzeko.

Horrela, bada, Brasilgo gobernuak Hiri Handietako Mugikortasun Programa garatu du PAC Hazkundea Bizkortzeko Programaren barruan, eta programa horrekin hirietako mugikortasunean inbertsio handiak egingo dituztenez, batez ere trenbide eta tranbia-garraioan, beharrezko jotzen dute Espainiaren eta Euskadiren lankidetza, proiektuak garatzeko, Espainian eta Euskadin azken hogei urteetan garatutako teknologiarengatik eta lortutako esperientziarengatik.

Euskadiren eta Brasilen arteko lankidetza teknikorako akordio hau Lehendakariak 2010eko martxoan Brasilera egindako bidaiari esker lortu da eta akordioaren xedea izango da Eusko Jaurlaritzaren sozietate publiko den EuskoTrenek parte hartzea, (sektoreari aplikatutako abangoardiako teknologian, eta trenbideen kudeaketan, ustiapenean eta trebakuntzan duen eskarmentu handiagatik), Brasilgo hiri eta hiriz kanpoko trenbide- eta tranbia-garraioaren hobekuntzan, batez ere, VLT edo tren arin berriak eraikitzeko, eta zaharrak berreskuratu, birgaitu nahiz modernizatzeko proiektuetan.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)