Tabako Kerik Gabeko Euskadi
Berriak Hezkuntza
qrcode

Ikastetxeetako giroa euskalduntzeko dirulaguntzak (Gobernu Bilera 2023-5-9)

2023-09-05

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2023-2024 ikasturtean eta itunpeko ikastetxeen eskola-eremuan, euskararen erabilera bultzatzeko asmoz dirulaguntzak ematen dituen Agindua. Deialdi honek 190.000 euroko zenbatekoa du.

Deialdi honen xede nagusia da ikasleen artean euskaraz hizkuntza-gaitasuna eta bat-bateko jariakortasunari bultzada ematea, eskola-giroan euskararen erabilera sustatzearekin batera. Beraz, honako hauek izan daitezke helburu hori hartuta deialdi honen bidez diruz lagundu ahal izango diren ekintza edo jarduerak:

  • Ikastetxeetan hizkuntzaren ahozko erabilera egoera ez formaletan bultzatzeko jarduerak, eskola-giroa euskalduntzeko asmoz egiten diren saio eta jardueren bitartez: eskola antzerkigintza, bertso-lanketa, kantagintza, irratigintza, bideogintza, podcastak, ipuin kontalaritza eta ikasleen ahozko adierazpena hobetzeko asmoz eskolara gonbidatuak ekartzea.
  • Euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin ikasgelaz kanpo eginiko jarduerak. Barne hartzen dira guraso, irakasle ez diren langile zein irakasleentzat antolaturiko jarduerak, horien helburua ikasleen erabilera areagotzea bada.
  • Euskal giroan bizipena eskaintzeko asmoz antolatutako egonaldiak. Gutxienez bi gaueko iraupena izan behar dute diruz lagunduak izateko. Hezkuntza Sailak kudeatzen dituen Euskal Girotze Barnetegietan egiten diren egonaldiak berariaz lagunduak direnez, ez dira diruz lagunduko deialdi honetan.
  • Ikastetxeen arteko truke-irteerak, horien helburua euskal kultura, hizkuntza zein gizarte-giro desberdinen arteko ezagutza eta hurbilketa areagotzea bada.

Jarduera hauek 2023-2024 ikasturtean burutu beharko dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko