Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadik turismo- eta iraunkortasun-arloetan duen indarra aurkeztuko du 800 gonbidaturen aurrean, Madrilen

2012.eko urtarrilak 17

Lehendakaria ekitaldiaren buruan egongo da, Cibeles Jauregian, eta, adierazi duenez, uste osoa du 2011ko behin betiko datuek marka historikoa berretsiko dutela Euskadira iritsitako turista kopuruari dagokionez.

Patxi López eta beste zenbait agintari ibilgailu elektrikotan etorriko dira ekitaldira, Eusko Jaurlaritzak iraunkortasunaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustuaren erakusgarri.

Madrilgo ekitaldia Fitur azokaren inaugurazioaren bezperan egingo da, eta baliagarri izango da, halaber, Gasteiz Europako hiriburu berde gisa aurkezteko, 2012. urtean euskal hiriburua sari horren jabe izango den heinean.

Ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, La Oreja de Van Gogh musika-taldeak, zenbait euskal jostunek, Balenciagaren omenezko erakusketa batekin, eta lehen mailako sei sukaldarik, beren sorkuntza gastronomikoekin.

Aurkezpenaren aurretik, sektoreak Euskadin izan duen hazkundearen berri emango du lehendakariak, Excelturren Lidertza Turistikoaren Foroan.

Patxi López lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzak 800 pertsona bilduko dituzte gaur Cibeles Jauregian (garai batean Postetxea izan zen, eta, gaur egun, Madrilgo Udalaren egoitza da), Euskadiren indarrak aurkezteko baliagarri izango den ekitaldi batean, Fitur Espainiako turismo-azoka garrantzitsuenaren inaugurazioaren bezperan.

Hainbat gonbidatu bertaratuko dira ekitaldira, besteak beste, Gobernu zentralaren ordezkariak, Industria, Energia eta Turismoko ministro José Manuel Soria buruan, Estatuko zenbait idazkarirekin eta Madrilgo Komunitateko eta Udaleko zenbait ordezkarirekin batera, euskal foru-aldundietako ordezkariak, eta ekonomiaren, kulturaren, kirolaren, komunikabideen, eta, jakina, turismo-sektorearen eta atzerriko enbaxaden pertsona ospetsuak.

Jon Sistiagak eta Lourdes Maldonadok, Espainiako telebistan ospe handia lortu duten bi kazetari irundarrek, gidatuko dute ekitaldia.

 

'Bizi Euskadi esperientzia'

'Bizi Euskadi esperientzia' lelopean, lehendakaria egongo da ekitaldiaren buruan, hirugarren urtez jarraian egingo dena 2010ean Madrilgo Burtsaren eraikinean eta 2011n Tapizen Errege Fabrikan egindakoek harrera bikaina izan ondoren.

Ekitaldia baliagarri izango da bertaratuei Euskadiren turismo-eskaintza berria aurkezteko, Eusko Jaurlaritzak abian jarritako berrogeita hamar esperientzia ardatz hartuta. Ekimen horiekin, bisitarien eskari berrietara egokitzen da eskaintza, paisaiak ikuste eta ibilbideak egite hutsa baino zerbait gehiago bilatzen baitute bisitariek, Euskadiko hainbat leku eta bizimodu hurbiletik ezagutzeko asmoarekin. Helburua bisitatzen gaituztenen leialtzea handitzea da.

Tokiko agenteen lankidetzarekin, honako hauek izan dira martxan jarritako esperientziak: 'Euskadiren erroak: Gernika', 'Katedral baten sekretuak: Santa Maria Katedrala', 'Gastronomia arte bihurturik: ikasi Daniel Garcíarekin', 'Euskadi jatorrizko bertsioan: baserriko bizimodua. Bizi zaitez euskal familia batean', 'Bestelako begirada. Uki ezazu zerua Gasteizen', 'Barruan daramazun chefa', 'Flyscharen ibilbidea: bidaia zirraragarria denboran zehar', 'Ardoaren kultura, upategiz upategi', 'Kantauri Itsasoko perla' eta 'Gora bihotzak: Aitzgorri, tontorrik garaiena'.

Lehenengo esperientzia horiei beste hauek gehitu zaizkie berriki: 'Bilbo zure oinetan', 'Euskadiko benetako pintxoak', 'Ordiziako azoka', 'Hiru izarreko dastaketa', 'Balmaseda, egin ezazu zeure eltzekoa', 'Aiaraldea, txakolinaren ahogozoa', 'Gastronomia tailerra: berrikuntza', 'Pintxoak egiten hasteko ikastaroa', 'Txangoak itsaso zabalean', 'Txakolina Bakion', 'Burdinaren ibilbidea' eta 'Lekeitio arrantzalea'.

 

Iraunkortasuna eta berrikuntza

Ekitaldia baliagarri izango da, halaber, Euskadin beste alor batzuetan, iraunkortasunean eta berrikuntzan adibidez, lortu diren aurrerapen garrantzitsuak aurkezteko, alderdi horiek turismoarekiko nolabaiteko lotura badutela aintzat hartuta.

Horren adierazgarri dugu Europako Batzordeak Gasteiz Europako Green Capital (hiriburu berde) izendatu duela, eta horri esker euskal hiriburua erreferentzia izango da arlo horretan 2012. urte osoan. Ekitaldiari hasiera emateko, euskal hiriburuari eta haren 'erresuma berdeari' buruzko bideo bat emango da.

Iraunkortasunaren aldeko apustuaren adierazgarri dugu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzaren beste zenbait agintari, hala nola Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda, Arabako diputatu nagusi Javier de Andrés eta Gasteizko alkate Javier Maroto, ibilgailu elektrikotan etorriko direla ekitaldira.

Ekitaldiaren gunean honako hauek jarri dituzte erakusgai: Vito E-Cell modelo bat, Mercedesek Gasteizen duen plantan egina eta munduan seriean fabrikatutako lehen furgoneta elektrikoa dena, Nissanen modelo elektriko bat, eta Ibil enpresaren (Espainian karga-kudeatzaile gisa homologatutako lehen enpresa, Eusko Jaurlaritzak eta Repsolek sortu dutena) karga-zutoin bat.

Euskadin Espainiako biztanleriaren % 5 baino ez dago, baina garrantzizko pisua du Espainiako industrian, % 10 gutxi gorabehera, eta bereziki energiari, teknologiari eta berrikuntzari lotutako sektoreetan.

La Oreja de Van Gogh musika-taldeak girotuko du ekitaldia, hurrengo munduko biran aurkeztuko dituen zenbait kantu joz. Munduan zehar emango dituzten kontzertuetan Euskadiko turismoari lotutako zenbait bideo aurkeztuko dituzte. Beste zenbait musikarik ere parte hartuko dute ekitaldian, hala nola Fito y Los Fitipaldis taldeko saxofoi-joleak eta Gasteizko dj batek.

Gainera, Cibeles Jauregiko kristalezko galerian bi kubo handi ezarriko dira, eta, kuboen barnean, Euskadiko paisaiei eta turismo-eskaintzari buruzko hainbat irudi jarriko dira ikusgai.

Halaber, zenbait euskal jostunek Cristóbal Balenciagaren omenez prestatutako erakusketa ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek, gaur gauean bakarrik ikusgai egongo dena. Nazioarteko euskal diseinugile ezagunena da Balenciaga, eta joan den urteaz geroztik museo berria dauka Getarian (Gipuzkoa).

Ekitaldiari hasiera emateko, hainbat euskal produktu eta lehen mailako sei sukaldariren (Senén González eta Iñaki Rodaballo gasteiztarrak, Darran Williamson eta Iván Siles 'bizkaitarrak', eta Edorta García eta Josean Calvo gipuzkoarrak) sorkuntza gastronomikoak dastatuko dira. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Basque Culinary Center zentroaren eta 2011n inauguratutako Zientzia Gastronomikoen Fakultatearen babesa izan du.

Ekitaldiari amaiera emateko, gonbidatuek opari bana jasoko dute. Hain zuzen ere, euskal orkestra-zuzendari Inma Sharak egindako eta berriki argitaratutako disko-liburu bana emango zaie ekitaldira bertaratuko diren guztiei.

Ekitaldia zuzenean emango da, 20:00etatik aurrera, Euskal Jaurlaritzaren Turismo Sailak Interneten duen www.tveuskadi.net kanalaren bitartez, baita Irekia Jaurlaritzaren albiste-atariaren bitartez ere, Eusko Jaurlaritzak teknologia berrien erabileraren alde eta gobernu irekiaren alde egindako apustuaren ondorioz sortu direnak.

 

Excelturren foroa

Cibeles Jauregiko ekitaldiaren buruan jardun baino lehen, lehendakaria Ifeman egongo da, euskal turismoak azken bi urteetan izandako arrakastaren berri emateko, turista kopuruari dagokionez marka historikoak gainditu direla aintzat hartuta.

Azken balantzea ezagutzeko oraindik goiz bada ere, 2011n Euskadik marka hautsi du iritsitako turista kopuruari dagokionez, eta hori bereziki azpimarragarria da joan den urterako marka historikoa lortu zela aintzat hartuta. Euskadik 28 hilabetez etengabe haztea lortu du alor horretan.

Abenduko datuen faltan, 2011ko urtarriletik azarora bitarte Euskadi % 5 hazi da turista-sarrerari dagokionez, eta atzerriko turismoak indar berezia hartu du, % 7 hazi baita. Ostatu-gauen kopurua ere hazten ari da EAEn, % 6ko erritmoan.

Lehendakariak Excelturren gonbidapena onartu du Lidertza Turistikoaren 6. Foroan parte hartzeko. Aurten, honako izenburu hau eramango du foroak: 'Turismoa, hazkunde eta enpleguaren eragilea: Espainiako turismoaren posizio lehiakorra hobetuko duen apustu nazional handia bultzatzeko erronkak'.

Bere hitzaldian, Patxi Lópezek nabarmenduko du turismoak Euskadin jauzi handia egin duela, dagoeneko 2,3 milioi bisitari baino gehiago izan dituelako eta sektorea gorantz ari delako etengabe, bikaintasuna eta lehiakortasuna ardatz gisa harturik.

Izan ere, Euskadi bigarren tokian dago une honetan, nola termino absolututan hala erlatibotan, turismo-sektorean kalitate-ziurtagiri gehien dituzten autonomia-erkidegoen sailkapenean. Eta gainera azken bi urteetan lehen postuan sailkatu da autonomia-erkidego lehiakorraren sailkapenean, Excelturrek eta Deloitte aholkularitza-enpresak egindako MoniTur azterlan entzutetsuaren arabera.

 

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 17a

Iruzkin bat
  • @emprenderzitek
    2012.eko urtarrilak 17

    Comentario de Twitter:
    #Euskadi presenta su fortaleza en #turismo y sostenibilidad ante 800 invitados en Madrid http://t.co/cCDWborw #fitur @irekia

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)