Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskalmeten arabera, abuztua oso beroa izan da

2023-09-01
  • Tenperatura altuen errekor ugari hautsi ziren abuztuaren 18tik 24rako bero-boladan
  • Prezipitazioari dagokionez, abuztua hezea izan zen isurialde kantauriarrean, baina oso lehorra isurialde mediterraneoan

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, abuztua beroa izan da ekialdeko kostaldean (Gipuzkoakoan) eta oso beroa Euskadiko gainerako lekuetan. Hilaren 18tik 24ra bitartean izan zen bero-boladak tenperatura-errekorrak utzi zituen, bai tenperatura minimo altuenen kasuan bai maximo altuenen kasuan, gehienak 23an. Prezipitazioari dagokionez, abuztua hezea eta oso hezea izan da kostaldeko eskualdeetan eta oso lehorra Araba erdialdean eta hegoaldean.   

Euskalmeten arabera, abuztuko batez besteko tenperaturak 21 ºC inguruan ibili ziren itsasertzean, eta Arabako Lautadan, berriz, 20º C-tik gorakoak izan ziren. Balio horiek, Euskadi osorako, 1,7º C-ko anomalia positiboa suposatzen dute 1981-2010 aldi normalarekiko. Azpimarratu behar da isurialde mediterraneoan anomalia positibo hori oraindik ere handiagoa izan zela, 2 ºC-koa batez bestekoaren gainetik. Horrela bada, Arabako Errioxan, esate baterako, mende honetako bigarren abuztu beroena izan da, 2003koaren atzetik.

Abuztuan zehar bero handiko hiru aldi izan ziren, hilaren 9aren, 18aren eta 23aren inguruan, eta azken egun horretan egoera guztiz ezohikoa izan zen. Berez, bero-boladan abuztuko (Derio 43,9 ºC) eta urte osoko (Gardea 44,6 ºC; Abusu 42,4 ºC) tenperatura maximo altuenen hainbat errekor hautsi ziren. Bestalde, Euskalmeten sarean inoiz erregistratu izan den tenperaturarik altuena ere erregistratu zen, zehazki Sodupe-Cadaguako estazioan, 45,6 ºC erregistratu baitziren.

Tenperatura minimoak ere oso altuak izan ziren, bereziki hilaren 23an eta 24an. Bi egun horietako goizaldean abuztuko eta urte osoko  tenperatura minimo altuenak erregistratu ziren Euskalmeten sareko estazio askotan (Matxinbenta 29,5 °C; Páganos 25,5 °C; Elorrio 23°C).

Tenperatura horiekin batera erregistratu zen intsolazioa urte-sasoi honetan ohikoa dena baino askoz ere handiagoa izan zen Euskadiko barnealdean, % 15 eta 20 inguru, eta zertxobait handiagoa itsasertzean. Horrela, 277 eguzki-ordu zenbatu ziren Gasteizen, 200 Donostian eta 194 Bilbon.

Prezipitazioari dagokionez, abuztuan erregistratutako kopuruak oso ezberdinak izan ziren kostaldean eta Euskadiko hegoaldean. Horrela, abuztua oso lehorra izan zen isurialde mediterraneoan, egun batean edo bitan bakarrik egin baitzuen euria eta prezipitazio-balioak oso baxuak izan baitziren (Moreda 0,8 l/m²; Páganos 2,4 l/m²). Bestalde, itsasertzean eruri-egunen kopurua normala izan zen, 11 bat egunetan egin baitzuen euria, eta isurialde kantauriarrean orokorrean metatutako euri-kopuruak kontuan hartuta, hilabetea hezea edo oso hezea izan zen (Eskas 337,2 l/m²; Mungia 105 l/m²).

Meteorologia txarrari dagokionez, abuztuan Eusko Jaurlaritzak 32 abisu hori, 10 alerta laranja (horietako 8 beroagatik) eta muturreko tenperatura altuengatik 2 alarma gorri aktibatu zituen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko