
Hezkuntza Sailak harrera egin die 2023ko Urruzuno literatura lehiaketako sarituei
- Arantzako aterpetxean 5 eguneko literatura-egonaldia egin dute sarituek, euskal literatura eta kultur munduko izen entzutetsuekin tailerrak eta ekintzak partekatuz
- Hezkuntza Sailak 1986tik antolatzen du Urruzuno Literatura Lehiaketa, gazteen artean literatura zaletasuna pizteko asmoarekin
Begoña Pedrosa sailburuordea buru zela egin den ekitaldian jaso dute aitortza 2023ko Urruzuno Literatura Lehiaketan irabazle izan diren 20 neska-mutil gazteek, gaur eguerdiz, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Bost egunez Arantzako aterpetxean (Nafarroan) egonaldia egin ondoren iritsi dira gazteok Gasteizera. Izan ere, abuztuaren 28an, astelehenean, hasi eta gaur arte, literatura-sormena lantzeko tailerretan eta beste hainbat jardueratan parte hartu dute gazteok, berriro ikasturteari heldu aurretik elkarrekin egun gogoangarri batzuk pasatzeko aukerari uko egin gabe. Bost eguneko egonaldi hauxe izan dute irabazleek sari nagusia. Ekitaldian izan da Amaia Agirre Ikaskuntzaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren zuzendaria ere. Aurten 38. ediziora iritsi da gazteen literatura zaletasuna bultzatzeko helburuz Hezkuntza Sailak 1986tik antolatzen duen lehiaketa.
Sari-banaketa ekitaldia ezohikoa izan da aurten ere, sormenari leku eginez, gaueko irratsaio baten itxura izan baitu. Patxi Zubizarreta idazlea izan da irratsaio berezi horren gidari eta esatari. Joserra Senperenaren piano doinuek eta Geraldine kantariaren ahots goxoak era honetako irratsaioek ohiko dituzten xamurtasuna eta intimitatea ekarri dituzte Lakuako areto nagusira. Idazle gazteek ere parte hartze zuzena izan dute ekitaldian, nork bere lanaren pasarte bana irakurrita. Irabazleekin batera, ekitaldian izan dira hauen senide eta ikastetxeetako ordezkariak ere.
Literatura egonaldia Arantzan
Urruzuno literatura lehiaketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen du, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendurik. Adina kontuan hartuta, bi kategoria bereizten dira: A kategorian, Batxilergoan eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari diren gazteek hartzen dute parte; B kategorian berriz, DBHko 3. eta 4. mailetan ari direnek.
Oraindik oporretan direnez, fraka motzetan eta motxila eta guzti, sari gisa jaso duten literatura-egonalditik zuzenean iritsi dira gazteak Gasteizera. Bost eguneko egonaldian lagun izan dituzte Arantzako aterpetxean euskal literaturgintzan eta kulturan entzute handiko hainbat izen, hala nola, Yolanda Arrieta, Itxaro Borda, Mikel Ayllon, Harkaitza Cano, Tapia eta Leturia, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, eta baita Joseba Sarrionandia ere. Idazle, musikari eta sortzaile hauekin gertuko eta zuzeneko harremana izan dute idazle gazteek, literatura-edukiz gainezka osaturiko egitaraua tarteko.
Arrietaren eskutik, idazketa tailerretan parte hartzeko aukera izan dute egun hauetan zehar; Itxaro Bordarekin, ibilbide literarioa osatu dute Donibane Lohitzuneko kaleetan barrena; literatura-solasaldi mamitsua izan dute, norekin eta Joseba Sarrionandiarekin; eta literatura emanaldia Harkaitz Canoren eskutik. Harkaitz Cano idazlea bera ere Urruzuno Literatura Lehiaketako irabazle izan zen gaztetan, hiru urtez, 1991 eta 1993 urteen artean. Aipatutako horiez gain, Tapia eta Leturiak alaitutako emanaldi musikatua eta Andoni Egañak eta Maialen Lujanbio txapeldunek girotutako bertso bazkaria ere izan dira Arantzako aterpetxean, gaueroko gaubela literarioez gain. Sormena lantzeko eta literatura-zaletasuna pizteko abagune polita gazteontzat, ikasketetara itzuli aurretiko azken opor egunetan.
2023ko Urruzuno Literatura Lehiaketan 297 lan aurkeztu dira orotara, 47 lan poesian eta 250 prosan. Ohi den eran, euskal literatura eta kultura arloan aditu eta aritu diren izenek osatu dute aurten ere lehiaketako epaimahaia: Mikel Ayllon, Itxaro Borda, Miren Gorrotxategi, Iratxe Retolaza eta Patxi Zubizarreta idazleak izan dira epaimahaikide.
2023ko edizio honetan sarituak gertatu diren lan guztiekin liburua argitaratu du Hezkuntza Sailak Sagastiberri bilduman. Liburua eskola guztietara banatuko da, eta parte hartzaile guztiei ere bidaliko zaie.
Urruzuno literatura lehiaketa: ia lau hamarkadako ibilbidea
Hezkuntza Sailak lehen aldiz 1986an antolatu zuen Urruzuno literatura lehiaketa 38. ediziora iritsi da aurten. Hasiera-hasieratik, ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea izan du helburu ekimenak. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskaraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketak urtez urte. Baina helburu hau ez da asmo hutsean gelditu, eta azken hamarkadetako jardunak soberan frogatu du lehiaketak bere xedea ongi bete duela. Irabazle horietako asko euskal kultur munduan sinadura ezagunak dira gaur egun, bai literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan edo zinemarako gidoigintzan, beste zenbait arloren artean. Dagoeneko 600 lagun pasa dira ekimen honek saritu dituen “urruzunotarrak”, eta zerrenda horretan izenak ugarituz doaz, urtez urte.
Urruzuno 2023 - Saridunak
POESIA, A kategoria:
Iraide Mitxelena Rivero
Idazlanaren izenburua: Denboraren txontxongilo omen gara
Ikastetxea: Pasai Donibaneko Pasaia-Lezo Lizeoa
Sara Uribe-Etxeberria Atxurra
Idazlanaren izenburua: Itzalpekoena
Ikastetxea: Zumaiako Zumaia BHI
Irati Oskoz Egiguren
Idazlanaren izenburua: Ezgaitasunaz, saiakera
Ikastetxea: Donostiako Usandizaga BHI
Iraide Mitxelena Rivero
Idazlanaren izenburua: Oihartzunik gabeko zenbait pentsamendu zoro
Ikastetxea: Pasai Donibaneko Pasaia-Lezo Lizeoa
María Zarrabeitia Méndez
Idazlanaren izenburua: Lehenengo pertsonaren singularra
Ikastetxea: Amorebieta-Etxanoko Lauaxeta Ikastola
Janire Martínez Domínguez
Idazlanaren izenburua: H I T Z A K (Hitz apurtuak)
Ikastetxea: Vitoria-Gasteizko Ekialde BHI
POESIA, B kategoria:
Amaia Sarasola Auzmendi
Idazlanaren izenburua: Intziri isilak
Ikastetxea: Beasaingo La Salle ikastetxea
Naroa Asensio Gaston
Idazlanaren izenburua: Naizena
Ikastetxea: Andoaingo Aita Larramendi Ikastola
Miren Lekue Campos
Idazlanaren izenburua: Poesiaren beharra
Ikastetxea: Arrigorriagako Arrigorriaga BHI
June Etxezarraga Yurrebaso
Idazlanaren izenburua: Neska nerabe baten bizitza zortzi ahapalditan
Ikastetxea: Igorreko Arratia BHI
Irati Gallastegui Molero
Idazlanaren izenburua: Iluntasun auzoa
Ikastetxea: Elorrioko Txintxirri Ikastola
Andere Bouza Bengoetxea
Idazlanaren izenburua: Zauria maitasunetik
Ikastetxea: Igorreko Arratia BHI
PROSA, A kategoria
Nahia Ercilla Gogeascoechea
Idazlanaren izenburua: Hezurretan edertasuna
Ikastetxea: Gernika-Lumoko Gernika BHI
June Aiestaran Iparragirre
Idazlanaren izenburua: Kale beltzeko itzala
Ikastetxea: Beasaingo Beasain BHI
Amets Aranguren Arrizabalaga
Idazlanaren izenburua: Iraganaren itzalak
Ikastetxea: Amorebieta-Etxanoko Lauaxeta Ikastola
Elaia Garcia Aizpurua
Idazlanaren izenburua: Buruileko lehen eguna
Ikastetxea: Zarauzko Oteitza Lizeo Politeknikoa
Naia Urtaran Bilbao
Idazlanaren izenburua: Munduaren amaiera…
Ikastetxea: Vitoria-Gasteizko Jesus Obrero-Egibide
PROSA, B kategoria
Enara Gallastegi Barrenetxea
Idazlanaren izenburua: Hasiera berri bat
Ikastetxea: Igorreko Arratia BHI
Gara Medrano López
Idazlanaren izenburua: Hiltzaile bat
Ikastetxea: Bilboko San Adrian BHI
Joanes Plazaola Ricondo
Idazlanaren izenburua: Bihurgunean
Ikastetxea: Urretxuko Urretxu-Zumarraga Ikastola
Irati Gallastegui Molero
Idazlanaren izenburua: Ez dira desagertuko
Ikastetxea: Elorrioko Txintxirri Ikastola
Izaro Sánchez Garcia
Idazlanaren izenburua: Atzeko itzala
Ikastetxea: Vitoria-Gasteizko Koldo Mitxelena BHI
Literatura-saririk onenak aurkeztu dituzten ikasle hauez gain, Hezkuntza Sailak lanik gehien aurkeztu dituzten ikastetxe edo institutuak ere saritzen ditu. Hauek, eurek aukeratutako bi idazle gonbidatu ahal izango dituzte ikastetxera ikasleekin solasaldiak izan ditzaten, Idazleak ikastetxeetan ekimenean egin ohi den eran. Honako ikastetxe hauek izan dira aurten sarituak:
Ekialde BHI. Vitoria-Gasteiz.
Arratia BHI. Igorre.
San Luis La Salle Ikastetxea. Donostia.
Franciscanas de Montpellier Ikastetxea. Trapagaran.
Gernika BHI. Gernika-Lumo.